kritiken hemeroteka

8.121 kritika

Azken kritikak

« | »

Kafka Bilbon / Pedro Alberdi / Alberdania, 2002

Fikziozko errealitate pusketak Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2002-12-28

Handitzen naizenean gazte literaturako liburuarekin eman zen ezagutzera Pedro Alberdi eibartarra gurean, orain zazpi urte. Beranduago etorriko zen Nire kalea, gazteentzako narrazio liburua hau ere. Satorrak baino lurperago saiakerarekin lortuko zuen entzutea eta begirunea euskal literaturan.

60 eta 70eko hamarkadetako giro kultural eta politikoa bildu zuen Satorrak baino lurperago kronikak eta ezinbesteko erreferentzia bihurtu da honezkero garai hura bizi izan ez eta ezagutu nahi duen ororentzat. Generoak —kronikaren eta saiakeraren artean— hartara behartuta, bigarren mailan geratu zen liburu hartan egilearen beraren ahotsa; garaiari eta garaiko protagonistei eman zien ahotsa Alberdik, euren kabuz mintza zitezen. Faltan somatu genuen idazlearen ahots hori, ikuspegi pertsonalago hori aurkitu ahal izan dugu Kafka Bilbon narrazio bilduman, Alberdiren mundu-ikuskera berezia, imaginario propioa biltzen duen liburuan.

Satorrak baino lurperagon Eduardo Ortiz de Zarate eta Iñaki Abaitua Saizarbitoriaren Hamaika pauso nobelatik irten eta Woody Allenen film hartan bezala, errealitatera jauzi egiten ikusi genituen. Ortiz de Zarate, Saizarbitoria edo Arestirekin batera aurketu zigun Alberdik eta orduz geroztik irakurle askorentzat Ortiz de Zarate Gabriel Aresti bezain erreala eta era berean hura bezain fikziozkoa bihurtu da. Dagoeneko, guretzat ez litzateke berdina 60ko hamarkada Ortiz de Zarate izan ez balitz.

Kafka Bilbon honetan ere lotsagabe, aske ibili da Alberdi esparru itxiak eta zehatzak omen diren errealitatea eta fikzioa nahieran nahasiz, tartekatuz. Biak nahasteaz haratago, errealitatea eta fikzioa izate batean nahasten dira Alberdiren lanean, biak bereiztea ezinezko bihurtu arte. Izan ere, oraingoan, ustez errealak diren pertsonak pertsonaia bihurtzen edo gertakari historikoak literatura bilakatzen jardun da narratzaile eibartarra. Horregatik Kafka Bilbon eta horregatik Gabriel Aresti Eibarren.

Liburuari izena ematen dion narrazioan, asteburuero etxerako autobusa hartzeko Bilboko bus geltokian batzen ziren estudiante gipuzkoarrak aurkeztu dizkigu idazleak. Bertatik ikusiko dute badela Bilbon Kafkak lantoki izan zuen Assicurazioni Generali-ren sukurtsal bat. Eta galde egiten du idazleak zer litzatekeen Kafka Bilbon izan balitz, zer litzatekeen denbora hain zurruna ez balitz, zer litzatekeen denboraren eta espazioaren mugetatik jauzi egiten ahal balitz. Kasualitatea da, anekdota, Assicurazioni Generali Bilbon aurkitzea, baina kasualitateak, errealitatearen pitzadura txiki horiek errealitatea bera zalantzan jartzera garamatzate maiz, kasualitate deitzen ditugunak benetan hala ote diren zalantzan jartzera. Kasualitateak ez ote diren mundu hau eta fikziozko beste bat lotzen dituzten bisagrak. Horregatik kasualitateak eta eguneroko anekdotak, gertakari xumeak dira maiz Alberdiren literaturaren lehengai, errealitatea zalantzan jartzera eta aldi berean haren muina ezagutzera garamatzatelako. Hala ere, zenbait narraziotan iruditu zaigu azalean gelditu dela idazlea, puztutako anekdotan, muinera iristea lortu gabe.

Gabriel Aresti Eibarren kokatuz atzera ere leku-pertsonaia errealak (Kafka, Aresti, Bilbo eta Eibar) nahieran konbinatuz fikziora egiten du jauzi idazleak eta mitoaren atzean ezkutatzen den pertsona hauskorra biluztu digu, zalantzek eta kontraesanek erasana. Arestiri hika egiten ausartu da Alberdi, pertsonaia historikoerekiko hurbilpen garaikide bat, oraingoa, mitoaz haratago doana proposatuz.

Liburua zabaltzen duen Kastigua ere jazoera historiko baten berrirakurketa oso pertsonal bat da, Martuteneko espetxetik lagun batekin batera ihes egindako Manuel Zarraolandiaren ihesaldiko lehen orduak kontagai dituena. Geure gusturako bildumako ipuin onenetakoa, intentsitatea eta tentsioa mailakatzen badakiena eta amaieran irakurlea harri eta zur uzten duena. Beste behin ere, historiara fikzioaren eskutik hurbiltzeko proposamena da ipuin hau, historia bera ipuin luze bat baino ez dela gogora araztera datorrena. Historian hurbilago, Indarkeriaren gainean narrazioan, bestalde, Bernardo Atxagaren Herio I eta Herio II gogora dakarren ariketa egiten du Alberdik, indarkeriaren alde batean eta bestean (ez erdian) egotearen inguruko hausnarketa.

Hala ere, historia ez ezik hurbileneko errealitatera, egunerokotasunera hurbiltzeko saioak ere badira liburu honetan. Dama beltza-n, esaterako, herioaz nola jabetzen garen, herioa nola ezagutzen den, nola onartzen den aztertu nahi izan du Alberdik. Kontziente gara esaten ari garen hau erredundantzia hutsa dela agian, literatur lan oro dela berez errealitatea interpretatzeko saio bat, baina sentsazio horixe izan dugu liburua irakurtzean, alegia, liburu hau errealitate zatiak bereganatzeko, ulertzeko idazleak duen behar batetik sortua dela. Hala ulertzen dugu pasarte autobiografikoak ugariak izatea edo ipuinak gertakari handietatik baino egunerokotasunetik gertuago egotea. Horregatik izan dugu inpresioa idazlearen kaiera intimo bat genuela esku artean, fikzioz margoturiko errealitate zatiak azaltzeko saio bat dela Kafka Bilbon.

Azken kritikak

Alaska
Castillo Suarez

Irati Majuelo

Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da
Karmele Igartua

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pantailen garaipena
Iñigo Martinez Peña

Jon Martin-Etxebeste

Axularren gerizapean
Kepa Altonaga

Asier Urkiza

Emakume bat
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Atsoa
Victor Catala

Joxe Aldasoro

Arrain hezur bat eztarrian
Olatz Mitxelena

Jon Martin-Etxebeste

Lur gainean, itzal azpian
Leire Milikua Larramendi

Irati Majuelo

Gu gabe ere
Itziar Ugarte Irizar

Mikel Asurmendi

Alaska
Castillo Suarez

Jon Martin-Etxebeste

Alaska
Castillo Suarez

Maddi Galdos Areta

Puskak
Irene Pujadas

Asier Urkiza

Norberak maite duena
Miren Billelabeitia

Nagore Fernandez

Beirazko kanpaia
Sylvia Plath

Hasier Rekondo

Artxiboa

2023(e)ko martxoa

2023(e)ko otsaila

2023(e)ko urtarrila

2022(e)ko abendua

2022(e)ko azaroa

2022(e)ko urria

2022(e)ko iraila

2022(e)ko uztaila

2022(e)ko ekaina

2022(e)ko maiatza

2022(e)ko apirila

2022(e)ko martxoa

Hedabideak