kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Bartleby eskribatzailea / Herman Melville (Juan Garzia Garmendia) / Erein, 2016

Egonean Iraitz Urkulo / Berria, 2016-04-03

Herman Melvilleren Bartleby eskribatzailea lanarekin abiatu du Erein argitaletxeak 4nak literatura klasiko unibertsalen itzulpen-bilduma. Bartleby jauna kopiagile-lanak egin ditzan bulegoan hartu duen abokatuaren ikuspegitik aurkeztua eta deskribatua da. Hasieran langile eredugarria badirudi ere, halako batean uko egingo die nagusiaren agindu eta eskaerei. Inolako azalpenik eman gabe, erresistentzia pasiboa muturreraino daraman okupa baten antzera, bulegoa uzteari ere muzin egingo dio.

Literaturaren historiak egonean dirauten pertsonaia ugari eman ditu; George Perecen Gizon bat lotan eleberriko protagonista, adibide apatikoenetako bat aipatzearren. Baina sekula ez da Melvilleren istorioan bezain modu lausoan adierazi egonean iraute horrek bideratu nahi duen mezua. Alde horretatik, egiazko istorioa zeharka iradokia baino ez da. Eta, halere, irakurketa amaitzerako, dena kontatua da, errelatoa gugan oharkabean barneratuko balitz bezala.

Narrazioak osagai gutxi ditu, eta ekintzarik ez apenas. Datu eskasiak misterioa dakar, eta misterioak jakin-mina pizten du. Edozelan ere, Melvillek nagusiaren (auto)erretratu psikologiko sakon eta zorrotzarekin konpentsatzen du gertaera mailako estimulu-urritasun hori.

Abokatuaren begiradaren bitartez, beste maila batera egiten du jauzi interpretazioak. Beste garai bateko balio, ohitura eta maneretatik abiatzen bada ere existentziaren alderdi ilunean murgiltzeko, gaur ere baliagarri zaigun gizakien analisi psikologikoa aurkezten digu, gizartearen irudi errukirik gabea eskainiz aldi berean. Azken batean, ezezagunak egiten al zaizkigu bakardadea, apatia, alienazioa, itxaropen falta…? Ez ote dira oraindik egungo munduan erremediorik gabe hedatutako gaitz arruntak? Hori da, hain zuzen, literaturako klasikoen dohaina: gaurkotasunik ez galtzea eta, maiz, eguneroko anekdota soil batetik abiatuta unibertso osoa besarkatu eta barnean hartzea.

Obrako giroa perturbatzailea eta estua den arren, horrek ez dio eragiten tonuari. Lasaitasunari eta dotoreziari eutsiz, nagusiaren (barne-)borroka jasotzen duen diskurtsoak ekintzaren zentzugabekeria, patetismo-sentipena eta deserosotasuna areagotzen ditu; Melvilleren maisutasunaren erakusgarri, jakina.

Asmo gaiztoz jokatzen du idazleak. Ondo daki, nahiz eta irakurleok ahaleginak eta bi egin, ezinezkoa dela Bartleby benetan ulertzea. Nekez erabakiko dugu kontakizunean abokatuaren ala eskribatzailearen alde lerratzea, hain da moralki indiferentea eta emozionalki epela bi pertsonaien jarrera eta pentsamenduak agintzen dituen logika. Ordea, nork bere burua ezagutu ahalko du testuaren aurrean, literaturak gure uste eta mamuekin aurrez aurre kokatu eta, ezinbestean, agerian utzirik. Horra hor, azkenik, obraren bizitasuna. Narrazio neurritsuegiari aurka egiteko gonbidapen inplizitua irakurri eta gero dator, soilik denboran irauteko idatziak izan diren istorioei dagokien bezala.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak