« Egonean | Ekialdeko hitzak »
Poesia kaiera / Paul Celan (Xabier Montoia) / Susa, 2016
Horrorearen testigu hermetikoa Hasier Rekondo / Berria, 2016-04-03
Errumaniako Txernovtsy hirian (egun, Ukraina) 1920an jaiotakoa izanagatik, ama hizkuntza alemana zuen familia batean jaio zen Paul Celan; orobat, aita juduaren eraginez hebreera ikasiko zuen, gerora, poliglota bilakatuko zen, tradizio germaniarra oinarri betiere. “Alemana, ahazten ez dudan hizkuntza, baina ahazten nauena”. 1938an, medikuntza ikasketak egitera joan zen Parisera —Xabier Montoiak itzuli bilduma honetan behin baino gehiagotan agertuko zaigun hiria—. Berriki hildako Imre Kertesz Nobel saridun hungariarraren esanetan, “judu soila” zelako sartu zuten zoroetxean frantziarrek, Celanek “frantziarra naiz, frantziarra naiz” oihukatu arren, auzokide batek bere semeari eraso egin ziola sinetsita.
Bigarren Mundu Gerran, hemezortzi hilabetez egon zen behartutako lanak egiten lan-zelai batean; haren gurasoak, berriz, nazien kontzentrazio-zelai batera deportatuko zituzten. Haren aita tifusaren ondorioz hil omen zen, eta ama tiroz akabatu zuten naziek lan egiteko gai ez zela ikusita.
XX. mendeko bigarren zatiko poetarik garrantzitsuenen artean kokatu izan dute, holokaustoaren gainean eman testigantza poetikoaren ondorioz. Haren hermetismoak eta soiltasunak eragin zuzena izan dute gerora hainbat poetaren arrastoan.
Celan ospetsu egin zuen poema Heriofuga baldin bada ere, kontzentrazio esparruko izua irudi arras sinbolistak erabiliz maisuki islatu baitzuen (esne beltza, sugeak, zakurrak…), —“Egunsentiko esne beltza arratsean edaten dugu/ goizean eta eguerdian edaten gauean edaten dugu/ edan eta edan/ hilobi bat zulatzen dugu haizean han estutasunik ez…”—, ez da bere lanaren xedearen poemarik adierazgarriena. Izan ere, azken poemotan Celanen ahotsa barnerakoiagoa, hermetikoagoa eta “mistikoagoa” bilakatu baitzen. Poema bakoitzak bere testuinguru propioa sortzeko ahalmen berezi bat baitzuen. “Turutaren lekua/ lerro arteko hutsune/ distiratsuaren sakonean,/ zuzia bezain gora,/ denboraren zuloan:/ entzun arretaz /zure ahoaz”.
Euskarara ekarritako Susak prestatu bilduma honek ondo laburbiltzen du kantitateari dagokionez oso emankorra izan ez zen Celanen lana. Azken poemetan batez ere, erreferentzialismotik at geratzeko xede grinatsua agertu baitzuen. Poemak berak emango digu izuaren eta sarraski ulertezinaren gaineko testigantzarik fidelena, hermetikoki eman ere. Celanen poesiak ez du zirrikiturik uzten poesiatik kanpo kokatu litezkeen analisietarako. “Baina hemen burdinaren distirak baino ez du beldurrik eragiten/eta hemen dir-dir egiten du zer edo zerk oraindik, ezpata bat izanagatik”.
Poemen irakurketan aurrera egin ahala, irakurlea bete-betean murgilduko da Celanen unibertso kasik paraleloan. Bere aforismoetako batean adierazi gisara, “Poesian ez da seinalea itxaroten telefonoz deitzean”. Celanen unibertso horretan murgiltzea besterik ez dago, ezer itxaron gabe, ezta seinaleren bat bera ere. “Zer egin nuen?/ Gaua ernaldu, honako hau baino gautarragoak/ liratekeen beste batzuk/ egoterik balego bezala”. Mundu hau, eta bertoko horrorea irakurtzea ezina den arren, Celanen poesiaren eskutik errazago egingo zaigu, erraztasuna posible balitz.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi