kritiken hemeroteka

8.651 kritika

« | »

Hau ez da poesia / Unai Maleski / Elkar, 2016

Hau ez da poesia, edo bai Hasier Rekondo / Berria, 2016-03-20

Poesiaren aurkako erdeinuzko adierazpenak, ezikusiak edo isiltasunak ohiko bihurtu zaizkigu azken garaiotan. Hortaz, ez da harritzekoa poesiaren zantzurik ez agertzea liburu sarituen sailkapenetan, edota egunero nobedadeen apaletan dakusagun nobelaren gailentze sistematikoa pairatzea. Gerra galdua eta antzua da baiki, baina poetak beti agertuko dira kexu. Beren eginkizunetako bat hori baita. Jakina, ez zaio poesiari bakarrik gertatzen, nobelatik kanpo dauden beste genero batzuek ere berdin jasaten dute. 2015ean, esaterako, gurean bi poesia liburu, eta poesia ttanttak agertzen zituen Literatur Hiztegi Tekniko Laburra izan ziren, nire ustez, mailarik gorenena agertu zuten argitalpenak: Linazasorok, Markuletak eta Gerediagak sinatutakoak alegia. Horrek ez du ifrentzurik aurkitu liburu salduenen zerrendetan, orain arte, ezta irakurleen 111 Akademiak aukeratutakoen artean ere.

Sistematikoki, halaber, ahaztu egiten da poesiak erregistro ezberdinetan, talentua eta kalitatea baldin badago, aritzeko duen gaitasuna. Unai Maleskik (Iruñea, 1972) erregistrorik narratiboena eta ironikoena hautatu du, Hau ez da poesia (Elkar, 2016) izenburu arras adierazgarriarekin batera, literaturan bere ibilbideari ekiteko. Izenburuak berak argiro erakusten du egile berriaren xedearen nondik norakoa: ideiak eta kontzeptuak kontrajarriz anti-poesiaren xerka iradokitzailea gauzatu. Poesia gotortuaren harresiak zulatu nahi ditu, poesia parnasianoari muzin eginez, eta poetikotasunaren gaineko pentsamendu heterodoxoak eztandaraziz. Groucho Marx parafraseatuz, “hau ez da poesia, baina nirea da, gustuko ez baduzu, hau ez da poesia”.

Maleski literatur ezizena darabilen egileak lau ataletan banandu du estreinako poemarioa, edo ez-poemarioa. Hau ez da poesia hasierakoan genero horren gaineko definizioak dakarzkigu, hausnarrean, ezetzaz eta zalantzaz eraiki lana nabarmendu nahi balu bezala, objektu poetikoaren gaineko diatriba interesgarriak agertuz. “Aldi baterako poeta izateko jokoak / aldapeko sagarretik adarraren puntara / marratua dakar bidea, / benetako idazle izatekoak ez bezala”. Bigarren atalean, Zudependentzia, erabat gai poetiko bati ekiten dio: maitasuna aurrez aurre edo zeharka heltzeari, eta ondoriozko ezintasunei. Beharrez maite iradokitzailean zera dio: “Maite nazazu / ez nazazun behar. / Nahi izan behar zaitut / ez zaitut behar izan nahi”. Eta nola ez, gurean falta gabe agertu beharrean diren beste objektu poetiko bat edo bi ere jorratzen ditu Maleskik: euskaldun izateak, borroka horretan tematzeak, ondorioztatzen dituen galerak, kontraesanak eta pasadizo sinestezinak; eta gatazkaren ondorengo aje gogoangarriak. Gora gu eta beste asko eta Zer esan behar nizun… azken ataletan nabarmentzen dira, besteak beste, ironia finez ehundutako gai sozialak. “Denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek / den-dena pilatu dezaten, baita borroka hortan / iraungo duten zuhaitz-adaxka gazteak ere, noski. / Ez zarete libratuko… zuhaitz madarikatuak”. Lauaxetari eta Laboari eginiko keinua ez da batere epikoa. Poesia izan ala ez, epikotasunak ez baitu lekurik, partidaren altuera honetan, Parnaso gaitzetsi horretan. Unai Maleskik, publizitatean aritutako ez-poetak, gure eta bere kontraesan guztien ispilu izan nahi du, eta horretarako ez du poesiarik behar inondik inora.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak