« Azken gutuna | Errealitate distopikoa »
Lapur banden etika ala politika / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2015
Plaza hutseko politika Ibon Egaña / Deia, 2016-02-13
ETAk armak behin betiko utzi izanak euskal letretan zabaldutako zirrikituen artean akaso ez da txikiena borroka armatuan inoiz engaiatutako idazleen egia eta ideia politikoen berri izateko aukera, Mikel Antzaren azken lanak edo Sarrionandiaren hau lekuko. Egia da Sarrionandiak orain baino lehen egin duela gogoeta politikaz, naziogintzaz edo borroka armatuaz; baina sarrienik paradoxa, sinbolo edo metaforen forman emandako ideiak anbiguotasunerako tokirik uzten ez duen saio-testuan bildu ditu orain.
Lapur banden etika ala politika saio laburrari ekiteko, iraganera jotzen du Sarrionandiak frankismoaren amaierako giroa oroitu eta belaunaldi hura konpromiso politikora eraman zuten motibazioak gogoratzeko (igoalitarismoa, askatasuna…); idealizatutako gaztaroaren gomutatik ekiten dio azken berrogei urteotako euskal politikaren bilakaera aztertzeari, egungo egoeraraino iritsi arte. Utopiak gobernatutako gaztaro hartatik, oraingo politikarako ere eredugarritzat duen zerbait berreskuratzeko proposamena egiten du egileak: batzarra, bilera. Alderdi politikoari edo norbere taldeari eustea xede bihurtzen duen demokrazia mendebaldarraren aurrean, demokraziaren 0 gradura, jatorrira itzultzea proposatzen du idazleak, plazan batzen diren herritarren irudira.
Izenburutik hasita, bi etika-mota kontrajarri bereizten ditu Sarrionandiak, izan ere: lapur banden etika (talde-interesak gidatutakoa) eta interes komuna bilatuko lukeen etika politikoa. Bietan lehena egiten du azken urteetako euskal politikaren kalteen errudun, oinaztar eta ganboatarren arteko borroken bertsio gaurkotu gisa aurkeztuz euskal politikako eta jendarteko hainbat haustura; erruduntzat du orobat biktimismo orokortua. Hitzen ondoezan Euskadiko Ezkerraz idatzi zuen hura (“nahi ez genuen ia guztia lortu dugu”) hedatu eta asumitu egiten du, autokritika-jardun eskergarrian.
Iragana ez ezik, orainaldi politikoa pentsatzeko eta ekintzarako hainbat gako ere ematen ditu Sarrionandiak; horretarako gutasun politikoak, subjektu kolektiboak bereizi beharra ere proposatzen du, eztabaidagarrienetakoa eta aldi berean interesgarrienetakoa izan litekeen banaketa proposatuz: euskal hiztun-komunitatea, nazio politikoa (euskal hiztunez harantzagokoa) eta politikaren subjektua (erabakitzeko eskubidea eta demokrazia ardatz lukeena, hizkuntzaz eta naziotasunaz gaindi).
Oraintsuko ezkerrari begira jarrita, bestalde, iraultzarako tarterik ez du ikusten egileak, eta behetik goranzko politikan eta bizimodua politizatzean ikusten du ekintza politikorako aukera. Euskal pentsamendu politikoa estatugintza eta hegemonia bezalako ideietan ardazten ari denean, eskertzen dira Sarrionandiarena bezalako proposamenak, politika eta demokrazia zentzu errotikakoan pentsatzera garamatzatenak. Zangoak lokatzetan sartuta eta distantziak argitasuna emango balu bezala, analisi interesgarria ez ezik azertatua ere eskaini digu Sarrionandiak, zeresana eman behar lukeen saio labur eta trinko honetan.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi