kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Zu / Anjel Lertxundi / Erein, 2015

Zu eta biok Txema Arinas / Berria, 2016-02-04

Ez dut inoiz gogoko izan medikuntzaren edo gaitzaren arteko gaiak jorratzen dituen literatura. Jakin, ordea, badakit literaturagai oso berezia dela gogoeta luze eta sakonak, eta beharbada oso pertsonalak eta zintzoak ere bai, egiteko parada apartekoa eskaintzen baitu. Horrenbestez, ezta harritzekoa herioa nahitaezko pertsonaia duen narratiba batek hain emaitza onak jaregin izana, eta bat bakarra aipatzearren, agian edo nire ustetan behitzat aipagarriena, Thomas Mannen Der Zauberberg (Mendi Magikoa, 1924). Gurean, ordea, eta azken urteotan argitaratuak, Joxe Aranzabal arrasatearraren Medikuak esan dit minbizia dudala (2005) edo Juan Gracia Armendariz iruinsemearen Diario de un hombre pálido (2010). Bi liburu benetan goraipatzekoak gaixoaren bizipenenen berri ematen digutenak oso ikuspegi ezberdinetatik. Nik, ordea, oso gainetik irakurri ditut, edo agian hobe nuke esatea oso urrunetik, hau da, bi istorioen nondik norakoak idazgai hutsa bailiran, nigan inolako eragin emozionalik edo ez bailuten; hau da, irakurketa akaso epelegia, gaitzaren gai nagusiarekin zerikusirik ez zuten beste alderdi batzuetan erreparatuz, besteak beste, umorean. Bai, badaude idazle kaskarrak, baina baita irakurle kaskarrak ere. Edonola ere, aitor dut nirea medikuntzaren eta gaitzaren gaiari muzin egiteko jokaera hotz bezain ganoragabekoa zela, hau da, gaioi gertutik aurre egin behar izan ez dionarena.

Anjel Lertxundiren Zu liburuarekin guztiz alderantziz suertatu zait. Lehenik eta behin, nik oraintsu gaitzarekin eta heriotzarekin zerikusi zuzen eta batez ere familiarra duen bizipen bat pairatu behar izan dudalako oso gertutik. Bigarrenik, aldiz, Lertxundik Zu pertsonaiaren minbiziaren nondik norakoen berri emateko hautatutako ikuspegiak bete-betean asmatu baitu istorioa niri behintzat guztiz atseginagoa edota hurrena egokitu zekidan. Izan ere, Lertxundik bere burua, edo hasiera batean Zuren hurkoena, senarra kasu honetan, —liburuan zehar idazlea eta hurkoena tartekatu edo lardaskatu egiten baitira—, aukeratu du protagonista. Alde horretatik nolatan ez egin irakurleak sarritan egin ohi duen ariketa ia instintiboa bere burua narratzaile edo protagonistarekin antzemanez. Gauzak horrela, gaixoaren aldamenean etengabe dagoen protagonistaren nondik norakoak ditugu irakurgai. Badira, beraz, Lertxundi edo Zuren senarraren gogoetak, liburua mamitzen dutenak, gaitzari zein heriotzari buruzko gogoetak, noski, baina gaixoaren alboan dagoenaren ikuspegitik, hau da, gaitzaren eta heriotzaren menpean ez dagoenarenak, baina bai ordea euren ondorioen mendekoa denarenak. Anjel Lertxundiren gogoetak dira, hau da, aspalditik maisu dugun idazle zinez trebe eta jori batenak. Maisutasun hori liburu pertsonal eta gogor honetan ikaragarri erabiltzen du. Zuren bitxo-aren kontrako borrokari buruzko narrazioa txit orekatua da, ondo harilkatua, oparo aberastua, hainbat aipu literarioz zein zertzelada pertsonalez eta beti bezain txukun idatzia. Irakurketa zintzo eta hunkigarria da ezer baino lehen, ni behintzat erabat inarrosi nauena, zergatik ez aitortu, Lertxundik berak dioenez, biluztea lizunkeriatzat hartzen duen gizarte baten parte ere izanda. Esan nezake, atrebentzia baldin bada ere, Zu bezalako liburu batek autolaguntza generoa nola edo hala zuritzen duela, edo hobeto esanda, delako genero trauskila erabat zentzugabetzen duela, liburuetan topa dezakegun laguntza bakarra, plazebo bakarra, egiazko literaturan baitago, batez ere Lertxundiren Zu hau bezalako irakurketa zintzo eta aberats bat baldin bada.

“Halaber, ustez badakit idazten ari naizenak arrisku pertsonal askoren aurrean jartzen nauela ere: asko ez du nire ahalegina ulertuko, biluztea eta aitortza lizunkeriatzat hartzen dituen gizarte baten parte naiz”. (Zu, Anjel Lertxundi).

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak