kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Hiri hondakin solidoak / Jon Alonso / Txalaparta, 2015

Gure akademia ustela Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-01-31

Genero poliziakoa eta historikoa produktu komertzial behinenak bihurtu direnean, hala liburu nola pantailetan, nabarmendu egin behar dira generoko lan literarioak. Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak eleberri beltzak ezer gutxi du ohiko produktuek sorrarazten duten konplazentzia eta katarsitik; dibertsioari uko egiten ez dion errealismo kritikoa da bere azken nobeletakoa.

Trama askatu gabe, esan dezagun Euskaltzaindira iristen diren mehatxu anonimo batzuen kontua eta katedradun baten hilketa argitu behar dituela Enekoitz Ramirez Lanbas-ek. Ikertzaile independentea-edo da Lanbas, eta ez dauka zerikusirik detektibe gogor ezagunekin: nahiko patetikoa da, denok bezain antiheroia, tipo alu xamarra, baina jantzia; historial ilunarekin —ezaguna dugu Alonsoren aurreko lanetatik—, lotsagabetasunez ondo hornitua, sinpatikoa da nola hala.

Digresio kritikoak dira eleberriaren elementu inportante bat. Asko dira, eta narrazioa maiz urruntzen da haritik, aurreneko ataletan batez ere. Kritikak ez dira panfletoan erortzen —edo gehienetan ez, bederen—, Lanbasek distantzia hartzen baitu, eta ez baita beti bera kritika egiten duena. Baina, halere, batzuetan desoreka handia da; adibidez, nobela abiatu eta berehala (20. orrian) pausa bat gertatzen da, 40 orri irauten duena. Halakoetan trama lausotu egiten da egurra partitzen duten pasarte luzeen menpe.

Kritikaren jopuntuan Euskaltzaindia eta Unibertsitatea daude batez ere; lehendik, besteak beste, U. Apalategi, I. Borda edo P. Salaburuk jo dute gai horietara. Alonsoren kasuan, ordea, ez daude salbu gainerako zintzoen saldoak ere: prentsa, polizia eta prostituzioa, adibidez. Informazio trafikoa, negozio ustelak eta kontrol sistemak ikusten dira nonahi.

Liburuan agertzen den lohikeria, sinesgarria ez ezik, erreala dela apustu egingo genuke. Unibertsitateko jaun-andere txit agurgarrien artean lapur banden etika dela nagusi, hori seguru; baina kontua da kritika modu orekatuan ote datorren nobelaren baitan. Ene ustez, zati handi batean, ez. Aldiz, kontrara, kritika oso eraginkorra da zeharkakoa denean, erakutsi egiten zaigunean diskurtsoa bota beharrean; adibidez, ikusten ditugunean biltzarretik biltzarrera dabiltzan akademikoak. Edonola ere, irakurleak desberdinak izaki, Urliari gehiegia gerta dakiokeen kritika neurritsu ikus dezake Berendiak.

Bestalde, kontamoldea oso ona da. Lanbas bera da narratzailea, eta begirada ironikoa dauka, desalienatua, sarkastikoa askotan. Hortxe dago eleberriaren puntu indartsuena: Lanbasen izaerak eta begiradak kritika eta umorea uztartzen ditu. Eszena asko dira parodiko edo burleskoak, eta Alonsoren luma konfundiezina da horretan —baita, bide batez, marka linguistikoan ere—. Gainontzean, kontaketa nahiko lineala da, eta egitura borobila, Bilboko Plaza Barrian hasi eta hantxe amaitzen baita. Istorioa dinamikoa da, eta espazio publikoek garrantzi handia daukate —Bilbo, Bartzelona, plazak, unibertsitatea, eta abar—; horretan ere ongi ikusten da nobelaren eite soziala. Bartzelonaren kasuan, adibidez, urbanismoa eta gentrifikazioa kritikagai bilakatzen dira.

Azken batean, genero beltzaz produktu komertzialek ematen duten irudi pobre, garatugabe eta matxistari kolorea eta txispa ematen dio Jon Alonsok.

Txispak kalanbreren bat ematea, ez batere harritu.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak