kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Laranja bat zaborretan / Patxi Zubizarreta / Elkar, 2015

Nola hemen hala Kairon ere Edorta Jimenez / Deia, 2016-01-16

Behin batean, Patxi Zubizarretak Eric-Emmanuel Schmitten Ibrahim jauna eta Koranaren loreak liburu laburra euskarari ekartzeari ekin zion. Emaitza 2006an argitaratu zuen. Urte berean Nagib Mahfuzen Mila eta bat gauen gauak (Txalaparta) eta Mirarien kalezuloa (Alberdania-Elkar) argitaratu zituen. Hirurak ere iragan 21015ean ekarri digun Laranja bat zaborretan (Elkar) ederraren sustraietan direnak. Azken horretako sarrera hitzak, esaterako, Eric-Emmanuel Schmitten aipatu liburutik hartuak dira:

“Toki pobre edo aberats batean ote zauden jakiteko, begiratu zakarrontziei. Zikinkeriaren ordez zakarrontziak ikusiz gero, oso inguru aberatsa den seinale. Zakarrontzien alboan zikinkeria ikusiz gero, ez pobre ez aberats izango da: turistikoa, horixe. Zikinkeria zakarrontzirik gabe ikusiz gero, pobrea derrigorrean. Eta jendea zikinkeria artean bizi baldin bada, oso-oso pobrea izango da”.

Laranja bat zaborretan honetako protagonistetakoa den Karabino eta beronen jendeak, erlijioz koptoak direnak, jende oso-oso pobrea dira. Kairon. Zabor eta hondakinekin negozioa egitera haraino iritsiak dira Mendebaldeko zibilizazioko erreziklatzaileak. Zera janez bizi direnei zereko zuloa ixtera. Egia handia baita gizakiok zibilizazioz zibilizazio eta mendez mende beti-beti ekoitzi duguna zera dela, ezin hitz zuzena hemen jarri…

Karabino mutikoa ametsen igarlea da. Ustez behintzat. Gaitasun hori badu. Nagib Mahfuzen omenez Zubizarretak Nagib izena duen itsu eta ipuin-kontalari trebeak bezalaxe. Edo harako Jose hark bezala, agian. Anaiek saldu eta Egiptora eraman zuten aspaldiko haren pareko trebetasunez. Zeren eta ausardia izan du idazle euskaldunak Nagib eta Karabinoren ibilketa eta biribilketen artean Bibliako pasarteak berridazteko. Ze izan kristau koptoenak, izan musulmandarrenak, izan juduenak, antzinako liburu haietakoak hori baino zer besterik ote diren galdetuz gero “ezer ez, gudarako aitzakia baino” erantzun behar baikenuke.

Bada, Kairon, gaur, laranja oso bat zaborrontzira jaurtizeko gai den neskarik bada. Hots, inguru aberatseko neskarik, Eric-Emmanuel Schmitten definizioaren arabera beti ere. Hala nola, Karabinori lehenengo begi-kolpean bihotzeraino sartu zaion Nada izenekoa. Horrek jaurti duen laranjaren bila zaborrontzi barrura jauzi egin eta hantxe aldatuko zaio Karabinori bere pausoen hegoa. Nora iritsiko den, nork eramanda edo nork erakarrita, irakurleak harekin batera ibiliko duen bidea izango da. Liluraz ibili ere, bidea ezusteko galantez mugarriturik agertuko zaigulako liburutik hitz egiten digun idazleak Nagib itsuaren gaitasun miragarri bertsuaz kontatzen dakielako kontatu gura diguna.

Laranja bat zaborretan honen alderdi grafikoa ikusita, gazte-literaturako bildumaren batean plazaratzea ez ote zen egokiagoa izan galdetu genion Zubizarretari, horrelakoxe bilduma batean argitaratu baitzioten Eric-Emmanuel Schmitti Ibrahim jauna eta Koranaren loreak. Jatorrizkoa, Belgikan, helduentzako bilduma batean agertu zela erantzun zigun. Beraz, zaborrontziak eta zabarrontzietakoak kontu serioak dira, nola hemen hala Kairon ere.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak