kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Deserriko karrikak / Mikel Ibarguren / Susa, 2002

Ez zauden lekutik igarotzen Igor Estankona / Gara, 2002-12-07

Gaizka Amondaraini, liburu biribil batekin estreinatu berri den idazleari, entzun diot inoiz “gauzak ordenean jartzeko” idazten duela. Poesiari buruzko deskribapen lehor eta zehatzagorik ez dut aspaldi entzun. Gogoetak harilkatzen gabiltzan garaiotan hari horietako bat hartu eta “begira, hau da nire poesia” dioenik ere bada, beraz. Idazle bakoitza berezia da, eta ez nituzke Arratiarra eta gaur dakargun Mikel Ibarguren parekatu nahi, baina biek dute gaitasun hori: gauzak bereiztearena eta beraientzat garrantzitsua den hartaz soilik idaztearena. Deserriko karrikak hau era berezi horretan dago antolatua, dena zipriztintzen duen ausentziaren inguruan dabilen euli bat da. Bueltak eta bueltak emango ditu irakurleak. Bueltak eta bueltak eman ditut nik ere, ezer aurreratzen ote nuen galdetuz, behin eta berriro, neure buruari. Halako batean, liburua bukatu egiten da. “Bar-brasserie” poema da amaierakoa: “Etorritako bidetik noa zu ikusi gabe/ azken orduko Pesa-n:/ 26 St. Sébastien (péage)”. Eta azken poema hori lehenengoarekin kateatzen da (“Hedabideek ez dute zure aipamenik eman…”), eta bigarrenarekin, eta liburuan aurki dezakedan beste edozeinekin. Bueltak alferrik izan direla pentsatzen duzu memento batez, poetak nahikoa argi utzi dizkizula gauzak hasieratik eta ez zela beharrezkoa orrialde horiek guztiak zeharkatzea. Baina memento batez gogoeta egin eta liburua laztandu ondoren, zera otu zait: ezin zitekeela beste modu batera izan. Liburu honetan poetak ez duela agintzen. Ausentziak agintzen du.

Errespetua ematen digute liburu trinkoek. Gai zabal baten inguruan aritzen direnek daukaten arrisku beltzena da zeresana agortzea. Baina, hain zuzen, zeresanari buruzko hausnarketa baterako balio dezake zestoarrak dakarkigun liburu berri honek. Beti iritsi behar al du poetak ondorioren batera? Beti eskaini behar ote du ideia bat? Eta zer gertatzen da ideiarik ez dagoenean, ideia oro hustasunak irentsi duenean? Hariaren beste aldean inor ez duela telefonoz hitz egiten ari denak bezala idazten ditu poemak Mikel Ibargurenek liburu honetan. Paisaje ugari daude hutsik, goiz ugari zentzu handirik gabe bakarrizketan igarotakoak.

Falta duen norbaiten bila esperantza handi barik ari da idazlea. Oroitzapen ederrak gordetzen ditu eta haiei esker idazten du. Baina oroitzapenak eurak ere lausoak dira eta bakardadea lar gogorra. Deserria osatzeko —edo besterria, inoiz berak dioen legez— pertsona bi behar direla frogatzen du, alderdi bi dituen txanpona dela, eta han dagoena bezain deserriratua dagoela bertakoa.

Beharbada zirrarak, dramatismoa eta irudi ikusgarriak ekidin nahi izan ditu Mikel Ibargurenek, horrela bere bizipenei protagonismo osoa emanez. Hori da kontuan eduki beharreko beste datu bat: “Deserriko karrikak” benetakoak direla, zinezkoak, eta ez sinesgarriak bakarrik.

Gauzak ordenean jarri. Barruak hustu arte buruan dabilkizun horri buruz idatzi. Hara hor beste proposamen desberdin bat. Ezelango handinahi barik idatzitako liburua, funtsean. Beharbada horregatik ez da liburu handi bat, ezta Durangon izan dugun poesiaren artetik gailenena ere. Baina zuzen idatzitako liburu bat da, hainbeste lerro kiribildu egiten ditugun garaiotarako kontrapisu egokia.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak