kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

O tempora! O mores! / Eduardo Gil Bera / Pamiela, 1989

Beste bizitza batean Aritz Galarraga / Argia, 2015-12-27

Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) saiakera liburuan irakur daiteke: “Beharbada, barne-kritika (…) zaila delako edo, kontua da, noizean behin, euskal kulturaren munduko norbaitek atea danbatekoz itxi eta alde egiten duela”. Hitz horiek irakurri eta Eduardo Gil Bera burura etortzea, bat. Atea itxi —zaratots handirik atera gabe, hori bai— eta alde egin izanagatik —Angel Errok: “Euskal literaturak galdu duen egilerik interesgarrienetakoa”—. Eta auskalo barne-kritika zaila delako. Akaso bai, agerkari honetantxe aitortu baitzuen: “Tudelatik euskalduna! Ematen dik gainera jantzia dagoela, badakiela. Baina hasi duk hiperkritiko eta ganberro xamar eta, ixi!”. Auskalo zergatik, baina desertatu du, utzi egin dio, ez da gehiago izango —Hasier Etxeberriaren hitzetan: “Domaia den arren, seguru asko euskarak betiko galdu duena”—.

Alberto Barandiaranek esango lukeen bezala, ordea, “beste bizitza batean” euskaraz idatzi zituen lanak. Har diezaiogun bat, adibidez, O tempora! O mores!, bigarren saiakera liburua, lehena, Atea bere erroetan bezala, 1988koa, eskuraezina baita. “Kontzientzia eta moralari buruzko gogoeta zenbait” aurkituko ditugu bertan, azpitituluaren arabera. Eta halaxe hasten da hasi, giza moralaz, kontzientziaz —“giza morala ikertzekotan baldin bagara, kontzientziarena dugu lehenik xuritu behar dugun prolema”—, baina gai filosofiko jakin bati buruzko liburu zurruna dirudiena, berehala bilakatuko da, hola eta hala, zentzuaz, obedientziaz, bestaz, erlijioez, suizidioaz, normaltasunaz, aisiaz, segurtasunaz eta abarrez hausnarrean ariko zaigun testu jakin-atsegingarria. Azken aldera gainera jartzen da inoizko interesanteen, lastima da beste ehun orrialde gehiago ez irautea. Eta guztia irakurketa zabal, izpiritu kritiko, are burlaize ukitu batez idatzia. Hara zer dioen, bestela, anarkistez: “Kristaukeriari fideltasunean, haiek dira lehenak, gero sozialistak, protestantak eta, azkenik, puska batez gibelagoan, katolikoak”. Nik baino hobeto dio Josu Landak: “Jipoiak ezker-eskuin luzatzeko duen elegantzia lotsagabea, aipamenak eta erreferentziak indiskriminatuki baina erudizio faltsuko itzalik gabe egiteko modua, irakurlearen usteak eta portaerak kuestionatzeko manera ez-inkisidorea”.

Joseba Sarrionandia, bukatzeko, Bost idazle elkarrizketa liburutik: “Ez nioke euskaraz idazteko esango Pablo Antoñana, Miguel Sánchez-Ostiz, Pedro Ugarte edo Marie Darrieussecq moduko jendeari (…) baina nahiago nuke Eduardo Gil Berak euskaraz idazteari ez uztea”. Neronek ere bai, noski. Inoiz bueltatu artean, berriz, “beste bizitza” hartakoak dauzkagu irakurgarri.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak