kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Hondamendia / Xabier Montoia / Elkar, 2015

Ezer ez da aldatzen Iratxe Esparza / Gara, 2015-12-19

Barruko hondamendiak eta kanpokoak: arima kraskatuta, mundua suntsituta, bihotza zatikatuta eta gizabanakoa basati bihurtuta. Bere azken narrazio liburuan, Xabier Montoiak hondamendi kolektiboen eta indibidualen aurpegirik gordinena erakusten digu eta gizakion krudeltasuna, baita erresistentzia gaitasuna ere, eufemismorik gabe biluzten ditu. Hausnartzeko aukera ere badaukagu: munduaren hasieran goseak eraginda elkar jaten genuen, XXI. mendean, ordea, norberekeriak bultzatuta elkar jaten dugu.

Hiru ataletan hedatzen dira goranzko egitura gordetzen duten hemeretzi hondamendiak, eta, errealitatea eta fantasia tartekatuz, lengoaiaren gardentasunaz baliatzen da autorea ipuin txundigarriak sortzeko eta errealitateak fikzioa gainditzen duelako ideiari lekua egiteko. Hitzaurrean dauden gehienek ihes baten berri ematen digute: “Hasiera” ipuinean gizakiak, paradisutik kanporatuta, haitzuloetan bizitzera gaztigatuta daude; “Bidea” narrazioa hunkigarria da, protagonistek ibilbide amaiezin bat hasi behar baitute goseak eta hotzak jota; “Izurria”-n bizirauteko beharrak bultzatzen du gizabanakoa; “Akaberakoa”-n, euskal konkistatzailearen ahotsaren bidez, Potosin eta Cuscon egindako sarraskiak ezagutuko ditugu. “Maiatza” narrazioak George Orwellen “Homage to Catalonia” (Kataluniari omenaldia) liburua dakarkigu gogora: Gerra Zibilaren barnean sortutako gerra, komunisten eta anarkisten arteko liskarrak eta utopia eta iraultzaren heriotza. “La belle vie”-ren narrazioan idazleak intentsitatea jaisten du irakurleak arnasa har dezan; hala ere, hurrengo bi ipuinetan, II. Mundu Gerra dugu hizpide eta bietan, botere gosez jainkoa izatera jolasten den gizakia.

Liburuaren bigarren atalean, “Etorkizun zoragarri honetan”, irakurketak beste dimentsio bat hartzen du. Abisurik gabe narrazio fantastikora egokitu behar dugu begirada, liburuaren hipotesi nagusiak bizirik badirau ere: edonon arriskuan gaude eta edozein momentutan eragindako hondamendiak aurpegian leher dakizkiguke. Irudiak leuntzen dira eta irakurleak sena zorroztu behar du fantasiaren eta errealitatearen artean abileziaz mugitzeko. Montoiak egunerokotasunaren errealitatearekin apurtzen du, eta zalantzak ditut fantasiak sortu beharreko gatazka ondo antzematen den. Familiarra eta gertukoa da iruditako unibertsoa; alabaina, giroaren, pertsonaien edo espazioen deskribapenetan ez dut topatu gure munduarekin talka egiten duena eta fantasiara bete-betean hurbiltzen gaituena. Hainbat ipuinek ezusteko amaiera fantastikoa badute ere, istorioak lortu behar duen inpaktua urtu egiten da. Horren adibidea “Terrorista” ipuina izan liteke, anormala edo irreala den gertaera amaieran dago, baina ipuinean zehar ez dugu errealitatearekin konfliktoan sartzen den beste maila bateko gertaerarik. Azkenik, hirugarren atala, “Betiko gaua”, denbora biguna eta errepikakorra dela gogorarazten diguten bi kontakizun aztoragarrik osatzen dute. Kutsu apokaliptikoa eta iragarlea batak, Hondamendia serio hartzera eta letra maiuskulaz idaztera gonbidatzen du besteak.

Aitortzen dut irakurketak hunkitu eta urduritu nauela; sarritan ere deseroso sentitu naiz, Montoiak irakurlearen jakingura eta intuizioarekin ezin hobeto jolasten baitu. Hondamendiz sortutako collageak esnarazten gaitu, jakin badakigulako zer gertatzen den han kanpoan, baina tolesturarik gabeko idazkerak eta irudikapenak gure hondamendi pertsonalak azaleratzen dituzte hondamendi kolektiboak indibidual bihurtuz.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak