« Bizitzearen kalteez | Ezer ez da aldatzen »
Lapur banden etika ala politika / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2015
Liburu txiki batean gauza handiak jarri ditu Sarrionandiak Hasier Etxeberria / zuzeu.eus, 2015-12-13
Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika liburuak, nik dakidala, ez du hauts handiegirik harrotu Durangoko Azokaren 50. edizioan, eta normala da, izan, liburu txiki bat baizik ez baita, nola itxuran hala tamainan, hain juxtu, hitzaldi izateko idatzi baitzuen jatorrian.
Baina behin liburua irakurrita, nola esango nuke, askozaz ere lasaiago sentitzen da ni bezalako irakurlea, argitasunaren hedabe magiko baten lapikotik zurrutada handi bat edan izan balu bezala. Ez alferrik, Sarrionandiak aitortzen duen bezala, bera memoriaren denborakoa baita, ezer ahazten ez duten horietakoa. Eta azken urteotako politikagintzaz eta herrigintzaz mintzatzeko lehenengo zumitzetakoa behar du izan oroimenak.
Eskuargia den liburua
Ez da, ordea, hori liburuaren graziarik handiena, gauza bat baita oroimen ona izatea eta, bestea, ikusi eta bizi izandako gertaerak euren testuinguruan halako argitasunez azaltzeko trebezia edukitzea. Niretzat, bederen, dena lanbrotuta ikusten dudan bidean tentuz ibili ahal izateko eskuargi edo linterna handi bat da Sarrionandiak eskutan dakarrena.
Harrigarria egiten zait, ezer esango ez balu bezala, prosa garden eta minimo batekin, geziarekin beti dianaren erdian jotzeko daukan abildade hori, gutxirekin asko esateko trebezia apartekoa: “Gure kasuan, esan nahi dudana da 70eko hamarkadako askatasunzale, demokrata, igoalitaristak, bakezaleak beste zerbait bihurtu ginela oharkabean…”.
Bizitzearen ajeak dira horiek, jasotako errealitateari okerrekoa iritzi eta huraxe aldatzeko ahaleginean geldirik egon ezinaren ondorioak. Saiatutakoaren kontraesan eta minak. Baina baita ikasgaiak ateratzeko modua ere: “nahi ez genuen ia guztia lortu dugu”.
Denok dakigu hemen Sarriren bizitza arrunt ez bestekoa dela, zer ikusteko handirik gabekoa gutako gehienon bizimoduarekin. Baina, hala ere, harritzekoa da berak dagien gure historia hurbilaren azterketa zein den denontzakoa edo, bederen, nire belaunaldikoentzakoa. Ematen du liburu honetan berariaz jo duela benetan funtsezkoak diren kontuak argitzera, besteak beste, geure memoria eraikitzeko balioko digutenak, eta nola ez ba, etorkizunerako funtsarri baliagarri izan dakizkigukeenak izendatzera.
Autokritikatik harantzago
ETAko militante izandakoaren autokritikatik asko dauka liburu honek. Zintzotasun handiz ageri dira kontu horiek: “Borroka armatuak kalte handiak eragin ditu. Estatuak ere kalte handiak eragin ditu. Lohikeria lotsagarria izan da oraindik guztiz amaitu ez den gerra hau”. Eta Camusen “Izurritea” aipatuko dizu ondoren, kontuak hobeto zedarritzeko.
Baina, esango nuke, autokritika argi eta garbia egin eta gero —politikaz mintzatzeko orduan derrigorrezkoa den ordainsaria kitatuta—, eredugarri bihurtzen dela euskaldunarentzat Sarrionandiak dioen guztia, bai analisian eta bai proiekzioan. Txarrenera jota ere, gogoetarako material apartekoa ekarri digu, behintzat.
Hainbeste konturen artetik nik gehien eskertzen diodana, herri eta kultura txiki garen aldetik, datozkigun garai are zailagoetarako eskaintzen dizkigun trepetak dira, geure txikian aitzinatzeko proposamenak, nola hizkuntzarentzat, nazioarentzat, askatasunarentzat, demokraziarentzat… Nolabait esateko, gure gaitzak bertute izan daitezkeela erakusten digu, eta horretaz behar genukeela baliatu. Eta hori esatean, nor garen dio bide batez, bai gu eta baita bera ere. Batez ere bera. Ez dago zalantzarik, Sarrionandiaren identitatea da liburu guztian zehar ageri den kontu eztabadaidaezinena, inkuestionableena, nahiz eta, oker ez banaiz, ez duen horretaz hitz bakar bat ere idatzi: ez du behar. Aski du mundua nola ikusten duen adieraztea, nolako nongo nor den erakusteko, nolaz eta birigarroari kantutik zaion antzematen.
Hitzaldiaren amaieran dio bera ere “bidean galduta” dabilela, blues zaharreko beltz haiek bezain beltz. Baina, hain xuxen, horixe da sinetsi ez diodan bakarra: nola ibiliko da galduta halako argia dakarren gizona?
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Asier Urkiza
Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx
Aritz Galarraga
Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu
Mikel Asurmendi
Denboraren zubia
Iñaki Iturain
Aritz Pardina Herrero
Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi