kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Lainoa janez / Juan Kruz Igerabide / Erein, 2015

Euri orojakilea Hasier Rekondo / Berria, 2015-12-13

Juan Kruz Igerabideren (Aduna, Gipuzkoa, 1956) azken poemarioaren izenburuak lainoa nabarmendu arren, liburu honetako protagonista erabatekoa euria da. Lainoa, bizitza, jaten duen euria. Denboraren iragaitearen metafora orojakilea eta nonahi agertu daitekeena. Esanahi anitz eta etengabeak agertzen ditu liburu osoan, kasik poema guztietan agertuz. Lainoa janez liburuan (Erein, 2015), sarerik gabeko jauzi barrokoa saiatu du Igerabidek, poesian ezerk ez duela kikiltzen erakutsi nahi izango balu bezala. Nago ahots poetikoaren jakinduriak babestu duela oraingoan Igerabide, jauzi barroko hori hutsal bihurtu baitzitekeen.

“Ez gehiago jasan idatzi behar hau,/ amaitu behingoz/ Olentzerori idazten hasi nintzen/ gutun sekretu hura/ konturatu nintzelarik/ gauzak okerrera zihoazela ezinbestean…”, idatzi beharrak eragiten duen sufrikarioaz ari zaigu. Eta igartzen zaio, nolanahi ere, esperientziak, barne-muinak eta geografiak izendatzeko grina aseezin hori euriz besterik ezin duela ase. Horrela bada, poesian larregi ez murgildutako irakurleari ariketa estilistiko demasekoa irudi balitzaioke ere, poesiaren azken eremu abisalak gustuko dituenari, ordea, eta horien artean iruzkingile honi, poemarioa ezin zirraragarriagoa egingo zaio. Eta nagusiki, adjektibazio epatantean oinarritzen den poesia laket duenari.

Arestian esan bezala, euriaren presentziak liburu osoa bereganatzen du, poesiak bizitza zipriztintzen duen gisara. “Ut pluvia poiesis“. Poesia, ezer bada, euria da. “Euriak zerua lurrera dakar/ ezin konta ahala ur-hariri tiraka”, dio ahots poetikoak Errebotez poema sarkastikoan. Eta tour de force estilistikoari jarraiki, Igerabidek bidaide ugari eta ezberdinak aukeratzen ditu, poema bakoitzari kutsu meta-literarioa eman nahian: Emily Dickinson, Chopin, Rothko, Schopenhauer, Oteiza, Camus, Shakespeare, Heidegger eta abar luze bat… Batzuetan erreferentzia kulturalok lar artifizialak iruditu zaizkit, poeman derrigorrez “sartu” behar horrek poema bera desorekatuko balu bezala.

“Nola izan ni, une bakoitzak ezabatzen baitit naizen hau?”, dio poetak bere buruari galdetuz, Basamortuko gibel-solasa gogoangarrian. Azken koda hori, eta liburuaren amaiera oro har, begitandu zait lortuena eta erakargarriena ezbairik gabe, Igerabidek errai poetikoak eta gizatiarrak beldurrik gabe erakusten baititu amaiera horretan. “Errealitaterik ez duen argi baten bila nabil”. Eta aurrerago: “Infinituaren eta ezerezaren artean/ orbela hegan;/ aurkian idatzirik du: ‘Izan’,/ eta ifrentzuan: ‘Ez izan'”.

Juan Kruz Igerabide poesiaren eskutik murgildu zen literaturan; bere poesia “arriskutsuak” literaturaren oroimenari eusten dio. Akaso ez da izanen irakurle guztien gustuko barrokismo epatante hori, baina poesiazaleok biziki maite dugu. Poeta handi bat, lehen adjektibotik azken metaforaraino. Aurtengoan, poesia berreskuratu du euskal literaturak. Hilzorian, euriak janda zegoen poesia.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak