« Kasu ebidentziei | Nitasuna ardatz »
Ezpainak arrainak bezala / Karlos Gorrindo / Erein, 2015
Sorpresarik gabe Estibalitz Ezkerra / Gara, 2015-12-05
Hasieratik bertatik argi zaio irakurleari haustura beste konponbiderik ez duela Karlos Gorrindoren azken lan “Ezpainak arrainak bezala”-n azaltzen zaigun bikote harremanak. Pertsonaia nagusiak, lanbidez kazetaria den Gorkak, bere bikotekide Martarekiko agertzen duen jarrera maitasunezkoa baino gehiago obsesiozkoa da. Bere buruari behin eta berriro azaldu eta gogorarazten dizkion Marta eta bere arteko bizikidetzaren eta, oro har, harremanaren gaineko xehetasunetan antzeman daiteke hori. Haiei heltzen die Gorkak bere buruari sinetsarazteko bere eta Martaren arteko urruntzea unean uneko kontua dela eta gauzak hobetzea eta garai batean batak bestearekiko sentitu zuten maitasuna berreskuratzea posible dela. Gorkak zalantzarik ez baitu Marta maite duela eta honek bera maite duela, haren keinuek bestela adierazten badute ere.
Martak zinez zer pentsatzen edo sentitzen duen, ordea, eragin handirik ez du Gorkaren erabakietan. Tematuta dago gauzak konpondu egin behar dituela, berari dagokiola Marta berriro konkistatzea, garai batean egin zuen bezala. Izan ere, Gorkak berak zapuztu du harremana. Bere denboratxoa hartzen du mea culpa adierazteko eta jarraian hainbesterako ez zela izan gaineratzeko, hutsegite txiki bat besterik ez zela izan. Eta berriro gertatzen denean, hasieran damu-itxurak egiten baditu ere berehala aurkitzen du nori bota errua.
Horretan datza, azken batean, liburuan zehar Gorkak jarraitzen duen estrategia bere ekintzen eta hanka-sartzeen gaineko erantzukizunik ez hartzeko. Hortik Martarekiko obsesioarena. Errazagoa da gauzek hobera egingo dutela sinestea, haien okerragotzean norberak jokaturiko rola onartu eta ondorioei aurre egitea baino. Gurasoekin ere antzera jokatzen du. Seme bakarra izanik, haiekiko nolabaiteko ardura izan beharko lukeela uste du, are gehiago guraso maitekor eta arduratsuak izan direla jakinda. Ezkondu eta lehen urteetan asteburuero joaten ziren gurasoenera bazkaltzera Marta eta bera, baina pixkanaka haiek bisitatzeari utzi zioten. Martak ez zuen horretan zerikusirik; aitzitik, maiz esan zion bera gabe ere joan behar zuela gurasoak ikustera. Baina neurri batean emaztea egiten du gurasoekiko urruntzearen arduradun, ez zuelako hura gabe joateko gogorik, edo ez zuelako Marta bakarrik geratzerik nahi.
Bat-batean gurasoak ikustera joatea erabakiko du Gorkak, ez haienganako interesa “berreskuratu” duelako, bere harremanaren gainbeherak bultzatuta baizik. Gurasoenera doa, beraz, babes eta kontsolamendu gisa, baina horren ordez tragedia propioan murgilduta aurkituko ditu. Honezkero irakurleari ezaguna zaio Gorkak arazoetatik ihes egiteko duen joera. Kasu honetan, lanaren bitartez ezagutzen duen Roberto eskultoreak Madrilera joateko egindako gonbidapena aitzakia ezin hobea zaio errealitateari bizkarra emateko. Baina bidaian bertan eta haren ondoren etorriko direnak ez zituen Gorkak aurrekusita. Nola jakingo zuen ETArekin lotura izatea leporatuta kartzelan pare bat egun pasatu beharko zituela, Martak behin betiko utziko zuela eta aita hilko zitzaiola egun pare bateko tartean?
Irakurleari, ordea, ez zaio hain harrigarria irudituko. Aztarnak nabariegiak ziren ez antzemateko, Robertori dagokionez batez ere. Haren estudioan aizkora eta hari kiribildutako sugearen eskulturak ETAren gaia aurreikusarazten duen bezala, Marta ezagutzen duenetik Robertok harekiko agertzen duen ardurak edo Gorka kartzelatik ateratzen denean Martak berak Robertogatik azaltzen duen interesak nahikoa esaten dute kazetariaren bikote harremanak izango duen amaieraz.
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez