kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

X hil da / Alaine Agirre / Elkar, 2015

Idatzi edo/ala hil Iraitz Urkulo / Berria, 2015-11-29

Alaine Agirre, gure literaturak duen idazlerik gazteena, badoa pixkanaka-pixkanaka baina urrats sendoz bere bidea eginez. Errekonozimendua haur literaturaren eskutik etorri bazaio ere —aurten Lizardi eta Lazarillo Sariak jaso ditu—, Odol mamituak eleberriak, egileak 2014an helduentzat idatzitako lehen liburuak, nahiko harrera beroa izan zuen irakurleen aldetik. Hala, bide arrakastatsuan aurrera eginez, Agirrek X hil da izeneko bere bigarren eleberria argitaratu du.

Ziurrenik motz geratuko nintzateke obraren argumentu-mailako originaltasuna aipatuz gero, baina tramaren abiapuntu gisa aukeratu duen gaia —maite duzun/zaituen horren heriotza— oso potentea eta, aldi berean, harrigarria da, inolako zalantzarik gabe. Testua morbotik edota zirikatzeko nahietatik aldentzen den arren, gaiaren lazgarriak halako deserosotasun goxo bat eragiten dizu. Hasierako ezustea gaindituta, neska protagonistaren diskurtsoa osoki hartzen duen zintzotasuna hain boteretsua da, non haren konplize bihurtzea beste aukerarik ez duzun, ezinbestean haren bizipenak eta minak sentitu eta partekatzeraino, irakurketak irauten duen bitartean harenak bakarrik ez, zureak ere balira bezala.

X hil da 1etik 41era bitarteko atal laburrez osatutako bakarrizketa bat da. Hartan, nabaria da irudi indartsuen —zenbaitetan gordinen— eta diskurtsoaren eztitasunaren arteko kontraste gustagarria. Sentiberatasunak gainezka egiten dio narrazioari alde guztietatik. Agirre egiazko espezialista da hitzak eta sintaxia modu ezin eraginkorragoan baliatzen intentsitate handiko diskurtso bat eraikitzeko. Esaldi luze eta laburragoak trebeki txandakatzen ditu, eta hitzak mimo osoz aukeratzen, kontaketa erritmo berezi batez jantziz. Berezia eta zeharo naturala, hura barneratu orduko, kulunka goxoan ibaiaren emari lasaiak nola, protagonistaren pentsamenduen jario agorrezinak eramana sentitzen baituzu zure burua. Are gehiago, burua hitzezko uretan murgilduz gero, lerro bakoitza busti duen musikaltasuna entzun ahal izango duzu. Istorioak irudikatzen duen neskaren biluzte emozionalarekin batera, ezaugarri horiek guztiek eragindako lilurak azken orrialdera arte lotzen zaitu.

Alaine Agirre irudimen biziko eta sentsibilitate handiko idazlea da. Gaztea izan arren, berezko idazmoldea aurkitu duela ematen du, oso estilo markatua erakusten baitu. Liburutik haren izena ezabatuta ere, Odol mamituak irakurri duenak Agirre erraz identifika dezake X hil da lanaren autore gisa. Are gehiago, badira protagonista aurreko eleberriko neska bera dela pentsatzeko arrazoiak: ahuleziak agerian uzten dituen ahots bera; izaera zalantzati, sentibera, neurotiko, obsesibo bera… baita bere buruari min eragiteko joera bera ere. Egia da eleberri honetako ezaugarri asko dagoeneko Odol mamituak lanean topa zitezkeela, eta baliteke irakurleren batek arrisku handiagoak hartzea espero izana, batez ere egilearen bigarren obra baino ez dela kontuan hartuta. Baina, bestalde, zalantzarik ez da menperatzen dituen idazkera tekniken eraginkortasunaz, formulak ederki funtzionatzen diolako seinale.

Amaitzeko, adi epilogoaren funtzioa betetzen duten liburuko azken atalei, egile bati bere zereginaz, hots, idazletzaz inoiz irakurri diozun aitorpen zintzo, biluzi eta egiazkoena izan daiteke eta.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak