kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Jururu / J.E. Urrutia "Capeau" / Pamiela, 2015

Kostunbrismoa Kuban Alex Gurutxaga / Berria, 2015-10-11

Jururu izan omen zen espainolek Kuban jo zuten aurreneko badia. Han bizi da usuen Jose Enrike Urrutia Capeau, eta hantxe kokatua dago bere azken nobela. Idazle periferikoa dugu Urrutia Capeau eta, nola edo hala, bere obran ere ikusten da hori. Aurretik ere, bere testuek munduko bazterretara —hein batean guretzat exotikoetara— eraman dute euskal irakurlea. Assilah-ko eroa (2010) liburuko narrazioak, adibidez, Afrika iparraldean gertatzen ziren, eta Weylerren itzala (2012) liburuak, berriz, Kubako historia zuen ardatz.

Jururú-n, narratzaile nagusia pertsonaia lekukoa da, Jose delako bat —egilearen alter egoa iduri—, eta honek asko enpatizatzen du herritarrekin: gertukoak ditu, adiskideak, ezagunak. Guztiak ere jende xumea dira, bakoitza bere arazo eta ihesbideekin, nahi eta ezinekin, ohitura eta sekretuekin: adibidez Luis, alabari ezkutuan dirua bidaliz, edo Angelito, oso zaharra izan arren bere txokotik herri erosoagora joan nahi ezik. Hitz bitan, kostunbrismo exotikoa izenda genezake.

Narratzaile nagusiak ikusi dituen edo jakin dituen pasadizoak kontatzen ditu, baina, batez ere, nobela koral batean bezala, askotan Jururuko pertsonei ematen die hitza: alegia, pertsonaiak eurak dira istorioak kontatzen dituztenak. Herritar ohikoak bihurtzen dira protagonista eta, ororen baturaz, komunitate argazkia egiten du nobelak.

Horrekin lotuta, egileak ipuin-liburu deitu badio ere, esango genuke nobela terminoa egokiagoa dela. Izan ere, lurraldea mantentzetik harago, testuaren indarra batasunean dago. Atal batzuk nekez har daitezke ipuintzat —Armindari bisita, Rufo edo Coco—, eta pertsonaiak behin eta berriz agertzen direnez, testuaren nobela izatea indartu egiten da. Areago, horri eskerrak, irudikatzen den komunitatea eta haren bizimodua oso sinesgarriak dira.

Bestalde, nabarmena da ahozkotasunak nobelan daukan garrantzia. Herri kontakizunak, ohiturak, eta abar agertzen dira pertsonaien bizitzetan. Hor daude, adibidez, tataguei eta bibijaguei dagozkien usteak, biak ala biak animaliek iragartzen dituzten fenomenoei buruz. Inork pentsa dezake errealismo magikoa-edo izan daitekeela, baina ez, da ahozko tradizioak berezkoa duen errealitatearen eta fantasiaren arteko eremu aberatsa. Beste horrenbeste esan daiteke umoreaz ere. Herri kontakizunetan nola, istorio hauetan ez dira umore fina daukaten gertaerak falta.

Urrutia Capeauren estiloak estetikotasuna bilatzen du. Batetik, hizkuntzaren joritasuna dago, ekialdeko hizkeraren kutsu handiarekin. Bestetik, Kubako lexikoa —berau argitzeko, aurreko liburuetan bezala, oharrak daude, kasu honetan orriaren oinean—. Azkenik, ekintzarekin batera, paisaiaren deskribapen inpresionistak egiten ditu, liburuan zehar barreiatutako egilearen margolanen hatsa eduki dezaketenak. Estiloaren landua, beraz, bistakoa da, baina idazkera horrek eragozpen bat badauka: gaurko irakurleari arroztasuna sortzen dio.

Gerta liteke, finean, lurraldearen ezezagunak eta hizkuntzaren zailtasunak irakurleari atzera eragitea. Urrutia Capeauren testuak arrisku hori hartzen du. Alabaina, behin Kubako badian sartu eta egilearen estiloak jartzen duen langa pasaz gero, irakurketa oso gustagarria da Jururú. Areago, bertako jendeak iraun egiten du liburua itxi ondoren ere.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak