kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Euskal mutillak armetan / Frantzisko Apalategi / Auspoa, 1961

Euskal mutillak armetan Luis Mitxelena / Egan, 1961

Badaiteke batek edo bestek liburu hau harrimenez irakurtzea, hasieran besterik zela uste zuelako. Ez da, izan ere, obra oso eta landua, askozaz gehiago dena baizik: horrelakoren bat karlisten bigarren gerrateaz egin nahi duenak nahitaez beharko dituen gaien bilduma.

Aita Apalategi donostiarra, hitzaurreak esaten digunez, luzaroan aritu zen gai-bilketan eta hiltzerakoan Gipuzkoako Diputazioari utzi zizkion bildutakoak oro. Ez zituen paperean finkatuak dauden gaiak biltzen, urte gutxi barru gizonaren oroitzapen argaletik aztarrenik gabe galtzen diren oroitzapen biziak baizik. Horrela ibili zen Aita Apalategi, bati galda eta besteari zirika, gerrateko berri zutenen artean, eta ez zuen paperetan idatzi gabe utzi haien ahotik entzun zuenik.

Ez da noski gauza bera Pirala baten liburu larriak irakurtzea eta Aita Apalategiren kuadernoetan barrena sartzea. Ez dira hemen ikusten ez gerraren gorabehera handiak, ezta aurkitzen ere agintari eta buruzagien asmo eta usteen berririk. Bada ordea besterik, Piralak ez dakarrenik: egun hemen eta bihar han, nola eta zertarako ez dakiela gehienetan, dabilen edo darabilten soldaduaren nekeak, nahigabeak, usteak, pozak eta damuak. Aspaldidanik ikasia dugu (Stendhalen La Chartreuse de Parmez gero?) ez dutela elkarren antz handirik historilariaren irudi zabal apainek eta burrukan sartua dagoen txingurri bakoitzak bere leiho meharretik ikusten duenak.

Arreta gutxi opa diegu Euskalerrian inoren oroitzapenei. Gogoan dituena bizi deino edo gehienez ere haren hitzen oihartzun laburrak diraueino irauten dute, eta ez gehiago. Pozik egon gintezke, beraz, horrenbeste eta horrenbeste betiko itzali beharrean zeudenean Aita Apalategik gorde dituelako. Beste liburu bat datorkit gogora, bestelakoa bada ere: Olazabalen El cura Santa Cruz. Badaiteke hor irakurlearen iritzia egilearenarekin bat ez etortzea, baina inork ez dezake uka bildu zituen argitasun ugarien balioa.

Diodan gai hauek egileak utzi zituen bezalaxe, batere orrazketarik gabe, argitara dituzte Auspoakoek. Arras txalogarria da jokabide hori: gai biluzkorriek dute hor axola, ez horien apaindurak edo apaindurarik ezak. Huts bat badute horratik, baina Aita Apalategigandik datorrena eta ezin zuzenduzkoa horrenbestez. Honek euskara garbia maite zuen, maiteegi apika, eta ez zuen etsiko entzuten zituenak nolazpait ere zuzendu eta apaindu gaberik. Hortik datoz hitz berriak eta berak seguru aski jaso ez zituen esaera bitxiak. Barkakizun da, ordea, horretan ere. Bere garaiko joera baitzen hori, Azkuek berak ere burutik burura segitu zuena. Herriko gizonaren lekuko leial izaten Barandiaran jauna izan dugu geroztikakoek gidari, beste sail askotan bezalaxe. Orain esanen mamia ez ezik, azala ere gorde nahi izaten dugu.

Norbaitek nobelaren bat egin nahi baldin balu garai horretaz, hobeko du Auspoakoei eskerrak eskuetara dizkiguten joskurarik gabeko ohar hauek irakurri bestelako liburu lodi asko baino. Eta historia egin nahi duenari ere, barrengo eta zinezko historia baldin bada, ez dio kalterik egingo horiek astiro astiro ikuskatzeak.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak