« Bizi harrigarriak | Alkohola tarteko, giza paisaiak »
Telefono kaiolatua / Harkaitz Cano / Alberdania, 1997
Bizia kaiolan Aingeru Epaltza / Nabarra, 2002-11
Istorio bakarra omen dago kontatzeko. Telefono kaiolatuako pertsonaietariko bati hala azaltzen dio narratzaileak. Protagonista eta egoera ezberdinekin ere, gerta daiteke liburu honetara bildutako hamalau narrazio eta dozena erdi poema, funtsean, istorio bera baizik ez izatea. Edo istorio beraren atal ezberdinak. Elementu errepikatuak ez dira falta, itsasorako isuria duten basurdeak edo hiri gainean saldoka hegaldatzen diren pelikanoak, kasu. Baina batez ere telefonoa da, liburuari izena eman ez-ezik, puzzle pieza gehienetako nagusi edo bitarteko. Ehizatu beharreko piztia arriskutsua (Asfaltozko ehiza), biziaren norgehiagokako sari-emailea (Ostiraleroko jokoa), larrialdietako farmazietan paratu beharreko tresna (Desesperatu bat (gehiago)), esperantzaren lurperatzailea entzefalogramo planoko tutu hoska (Ispiluak animalia higuingarriak dira). Telefonoa, biziaren metafora, bizi kaiolatuarena.
Harkaitz Cano lasartearra idazle hoberen eta emankorrenetariko bat da euskal literaturak eman duen azken —edo azkenaurreko— belaunaldian. 30 urte bete gabe, zortzi bat libururen eta dozenaka kazetari-artikuluren egile dugu. Poesia, ipuina, nobela, kronika, hibridoak… Jeneroetan sobera sinesten ez duelako-edo, jenero guztietan utzi du aleren bat, ahantzi gabe gidoigintzan edo kantetarako letragintzan probatua dela.
Halako izaera eklektikoak ez dio, dena dela, nortasuna higatu. Egia bada estilo deritzan zer definigaitz horren jabetzak salatzen duela idazle petoa, zorionekoa da Cano, euskal literaturan dabiltzanen artean gutik baitute halako idazmolde ezaguterrez sendorik.
Nortasun hori erruz azaleratzen da Telefono kaiolatua honetan ere, Canoren lanetara hurbiltzeko atari ezin aproposa. Kontakizun harrigarriak, surrealismoarekin muga egiten dutenak (Tangerren dugun gizona); egoera apartekoak (Crusoeren egunkari ezkutua); irudi ausartak (Istanbul zigarrokin baten barruan); pertsonaia barne apurtuak (Koltxoia); kolorearen aurkikuntzaren aurreko filmerik beltzenetan ere agertuko ez ziren istorio gogorrak (Whisky & Nolotil)… Hori guztia eta gehiago aurkituko du irakurleak Telefono kaiolatua bikain honetan, euskaraz irakur daitekeen prosarik ederretenetariko batean.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez