« Mundu jakin bat | Back to Altonaga »
1914-1918. Lekukoak / Patri Urkizu / Maiatz, 2015
Biba Frantzia Alex Gurrutxaga / Berria, 2015-05-03
Lehen Mundu Gerrak badauka guretzat paradoxa bat. Frantzia irabazleen aldean zegoen —gerraz ari garela irabazleez mintzatzea zantarra izanik ere—, eta euskaldunak Frantziaren aldean zeuden; ez alferrik, Biba Frantzia zuen grazia gerra garaiko Hiriart-Urrutiren zutabe batek, euskaldunek frantses ere izan behar omen zutenez gero. Baina zer irabazi zuen euskal herriak Frantzia irabazle suertatuta?
Gerraren ondorioak anitzak eta konplexuak dira, baina erantzunaren zati garrantzitsu bat hau da: 6.000 hildako euskaldun —lehor gainean odolezko itsasoa, Lexoti bertsolariaren hitzetan—, eta euskal naziotasuna frantziar liberté-aren lainotan difuminatzea.
Gerraren sorrera urtearen mendeurrenaren karietara, hango eta hemengo nazioek gerraren oroimena eta lekukotza landu dituzte. Patri Urkizuren lanak ere helburu horixe dauka: euskaldunok tragedia hari buruz dauzkagun lekukotasun nagusiak biltzea. 60 testu inguru bildu ditu, zazpi ataletan banatuta. Lekukotza xumeak dira, ohiko jendeenak —batzuk anonimoak—, guztiak ere, Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak nobelako protagonistak esango lukeen bezala, “epikarik gabeko istorio ezdeus batean galduak”.
Testu oro fikziozko eraikin izanik ere, kontakizun zehatzenetarik errepresentaziora antolatua dago liburua, grosso modo: kronika eta gutunak lehenik, literatura gero —eleberriak, bertsoak, eta abar—, oroimen-lekuak eta bestelakoak amaieran. Atal batzuk dokumentazio soilean geratzen dira ia —adibidez, Raemaekersen edo Maurice Ravelen aipamenak—. Aldiz, beste atal batzuk mamitsuagoak dira —bertsoei eskainia, esate baterako, 24 lekukorekin—.
Material ezberdin asko dago, eta horrek aukera eskaintzen dio irakurleari Gerra Handiari buruzko ikuspegietan sakontzeko. Adibidez, Eskualduna-ko kronika eta zutabeak konparatzen baditugu Hegoaldeko bertsolarien lanekin, gerraren trataeran dagoen aldea nabarmena da. Batzuen gertutasun eta inplikazioak, Frantziari dioten atxikimenduak, kontrastea egiten du besteen ikuspegi neutralagoarekin. Esate baterako, Altzako Jose Garmendiaren edo Zabaleta anaien bertsoetan bakearen aldarria nagusitzen da oroz gain; jarrera horixe erakusten du Emeterio Arrese poeta tolosarrak ere; eta salbuespen apurretakoa da, berriz, Txirrita, frantses zale porrokatua.
Batez ere dokumentazioa eta historia jasoko ditu irakurleak liburu honetan, baina baita literatura ere; besteren artean: Jean Hiriart-Urrutiren idazkera eta sintaxi dotorea, Lexotiren bertsoen aire erromantikoa, A.I. delakoaren deskribapenak ekialdeko frontetik edo Matxin Irabolaren bertso zorrotzak.
Testu eta aipamen nagusiez gain, egileak funtsezko bibliografia eta aurrekarien lanen aipamenak ere —Antonio Zabala, Piarres Lafitte, Piarres Xarritton, Eneko Bidegain, eta abar— gehitu ditu. Bestalde, nahiz eta ez izan liburua baztertzeko adina, pena da Urkizuren testuak berak errata eta huts dezente edukitzea.
Azken finean, bilduma anitza da, oso egokia I. Mundu Gerraz dauzkagun lekukotasunen ikuspegi orokorra eduki nahi duenarentzat, bai eta alderdi konkreturen batean sakontzeko abiapuntua bilatzen duenarentzat ere. Esan dugu hango eta hemengo nazioek Gerra Handiaren lekukotzak eta oroimena lantzen dihardutela; hauxe da Patri Urkizuren lanak eskaintzen diguna, hauxe eskatzen diguna.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro