kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Dirua galgarri / Mariano Izeta / Euskaltzaindia / Baztango Udala, 2015

Moralkeria da delitua Gorka Bereziartua / Argia, 2015-03-15

Txalotzekoa da Mariano Izetaren Dirua galgarri nobela berriz argitaratzeko ideia, kasik sen arruntaren kontrako apustua baita euskarazko genero beltzaren genesiari paper berria ematea. Euskaltzaindiak eta Baztango Udalak egin dute edizioa eta arratsalde bakarrean irakur dezakezu, 100 orrialdera iristen ez den istorioa erraz ulertzeko maneran baitago idatzia, kontakizuna erabat lineala da eta ekonomia berbala du ezaugarri nagusi.

Ez nion Izetaren nobelari eskatzen “ona” izatea. Hutsuneak baditu, gauza asko faltan sumatuko dituzu, bai eszenetan, bai pertsonaiak eraikita dauden moduan, baita istorioaren korapiloetan ere. Baina 1962an idatzia da, ez litzateke bidezkoa “Raymond Chandler baztandarra” izan zedila eskatzea egun eskura daukagun almazen literariorik gabe eskribitu zuenari.

Hain erraz pasatzen ez dena narratzailearen posizio ideologikoa da. Nobela moralizatzailea dela esatea ez da gehiegikeria, ezta istorioa kontatzen duen ahotsa boterearekin erabat lerratzen dela esatea ere. Adibidez: lapurreta baten ondoren poliziak “ohiko susmagarriak” atxilotuko ditu. Komisarian “merezi zuten zanpaldi bat” jaso dutela eta ondoren giltzapean sartu dituztela irakurtzen duzu (5. kapitulua) eta ondoren aske uzten dituztela. Baina bigarrena gertatzen denean narratzaileak ez die errugabetasunik ere aitortuko —gaizkilea gaizkile da, kausa honengatik ez bada, beste zerbaitengatik—.

Delituaren benetako egilea argitzen denean ere, “etsaiaren tentazioa” da lapurretari ematen zaion kausa. Edo, bestela, lanik egin gabe bizi nahia. Ebasleak alferra delako ebasten du, ez dago beste motiborik. Nagusien eta morroien arteko desberdintasun ekonomikoak gauza naturaltzat jotzen dira, lapurreta bezalako ordena-hausteak zuzendu beharreko desbideratze gisa ulertuz. Eta aparteko kapitulua mereziko luke emakumeek betetzen duten rola aztertzeak.

Gauza guztiok ez ditugu seinalatzen bestelako pentsamolde politikoak babesten ditugulako bakarrik: narratzaileak egindako aukera horiek fikzioari kalte egin zioten, hain argi epaitu baitzituen pertsonaiak, ezen ezustekorako tarterik gabe laga zuen kontakizuna —balore moral edo ideologikoen transmisioa istorioaren aukeren gainetik jartzen duten idazleei usu gertatzen zaien moduan—.

Izetaren lanak zabaldutako genero beltzaren bidean aurreratu da ondorengo hamarkadetan, batzuen ustez gehiago besteen ustez baino. Dirua galgarri berrirakurtzea ariketa interesgarria da, abiapuntua zein izan zen jabetzeko. 1960ko hamarkada hartan gure nobela beltzek ere praktika txintxoen manual baten itxura handiegia zuten. Zer edo zer espabilatu dugu.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak