« Lasai, ez da ezer gertatzen | Zoriontsu izateko eskubidea »
Parisen bizi naiz / Koldo Izagirre / Susa, 2013
Donostiaren kartografia poetikoa Iratxe Retolaza / Idatz&Mintz, 2014-07
Koldo Izagirrek 2006. urtean argitaratu zuen bere azken poema-liburua, Rimmel, aitatasunaz eta alabatasunaz jardun zuen poema-liburu hartan. Rimmel bilduma horretan Izagirreren literaturan etengabe ageri diren kezka poetiko-politikoak, poesia-moldeak eta mundu ikuskerak agertzen baziren ere, beste gai batzuei ere eman zien bide, eta lehen poema bildumetako kezka nagusi bati ez zion heldu: alegia, ikuskera geopolitikoari edo begirada geopolitikoari. Izan ere, Izagirreren ibilbide poetikoaren arrastoa segituz gero, ohartuko gara bere poesian leku garrantzitsua hartu dutela geografiak, mapagintzak, lurralde-itxuratzeek, espazioaren imajinarioek… Batez ere 80ko hamarkadatik aurrerako poesian. Balizko erroten erresuma (1989) edo Non dago basques’ harbour (1997) poesia liburuak korronte geopolitiko-geopoetiko horren adibide argiak ditugu, izenburutik bertatik jada geografia poetikoen presentzia nabaria delako. Bi liburu horietan batez ere poesiaren espazioa zuen hizpide, geografia poetikoak irudikatzeko bideez dihardu: hau da, poesia eta imajinario poetikoaren bitartez eraiki daitezkeen lurraldetasunez eta geografiez dihardu, eta jakina, izenburuek iradoki bezala (“erresuma”, “basques’ harbour”), erresuma kolektibo eta portu kolektibo baten eraikuntzaz dihardute: ezintasunez, nahiez, eraiki beharraz…
Azken poema liburuan, Parisen bizi naiz-en (2013), aldiz, geografia jakin batean jarri du arreta. Hiriaz eta hirigintzaz dihardu. Donostiako Kultur Hiriburutza bolo-bolo dabilen honetan, Donostia hiriaren inguruko irakurketa eta berrasmatze poetikoa proposatu digu Koldo Izagirrek azken lan horretan. Donostia hiria edo Donostia aldea askotan izan du literaturagai Koldo Izagirrek, baina, gehientsuenetan portu imajinarioari loturik irudikatu du, eta Altza-Pasaia aldeko imajinarioari loturik, hain zuzen. Baina, Parisen bizi naiz liburuan portuaz besteko imajinario poetikora garamatza. Egia da hiriarekiko kezka hori jada ageri zela aurreko poema liburuetan. Esaterako, Balizko erroten erresuma liburuan, “Hiri lumatuak” atala ondu zuen. hainbat hirigune eta hiri imajinario gogora ekarriz. Baina, hiri jakin baten bueltan poema-liburu osoa eraikitzen duen lehen aldia da —oker ez banago—, hiria kokagune ez ezik, poesiagai nagusi bihurtuz. Donostiako hirietako kaleetara garamatza poetak, jada poesia-liburu batzuetan abiaturiko bideetan sakonduz. Koldo Izagirrek jada kokatu zuen poema-bilduma oso bat Donostiako kaleetan: Guardasola ahantzia poema-liburuan (1978) Donostiako Parte Zaharrean galduriko guardasola ahantziaz hitz egiten digu. Poema-bilduma horretan guardasola aterpearen ikurra da, aldi berean, ezkutaleku eta babesleku zaiona. Guardasola ahantzia bildumako Donostia euritsua da, eta baita Parisen bizi naiz poema-liburuko geografia ere. Baina, Parisen bizi naiz liburuan euriari begira ari zaio poeta, leihotik, eta are gehiago, euripean ibiltzearen aldeko da, bustitzearen aldeko, errealitatean murgiltzearen aldeko… Halako konparazioek ohartarazi bezala, uraren imajinarioak zeharkatzen du alderik alde Koldo Izagirreren poetika. Lehen poema-bildumak Itsaso ahantzia (1976) zuen izenburu, eta hurrengo poema-liburuetan ere itsasoek, errekek, ibaiek, euriek…. bustitzen dituzte poemak. Eta areago, estalpetik euripera eginiko bidea ere irudikatzen du imajinario poetikoak.
Esan bezala, Parisen bizi naiz poema-liburuan ere geografia eta espazio hiritarrean jarri du arreta poetak. Poesia modernoaren abiaburuan dugu hirian zehar pasieran dabilen poetaren ibilia, hain zuzen ere, Baudelairek Paris irudikatu zuen halako imajinario poetikoa eraikiz. Bada bide horren itzalik Izagirreren poema-liburu honetan, baina, nire ustez, poetak askoz ere konpromiso handiagoa eta ardura handiagoa hartzen du hirigintzarekiko, hiriaren moldeekiko, hiriko jarrerekiko… Baudelaireren kasuan egon badago halako distantzia bat, voyeur edo begirale huts izan ohi da poeta, hiriko bazterretan ibili eta bertako errealitate gordina irudikatze estetiko bihurturik. Ez dugu halakorik Izagirreren poesian, ez da begirale huts, begirale aktiboa dugu, kontzientea, arduratsua… bizi duen hiri horren parte eta hiritar den neurrian, hiria ere eraikitzearen ardura baduela aitortuz. Zentzu horretan, poemetan hiri “ikusgarri”-aren/ “erakusgarri”-aren eta hiri errealaren arteko tentsio hori irudikatzen da, baztertu nahi diren errealitate horiei aurrez aurre begiratzeko deia dira poemak, edertasun itxuratze horretan gozo gera ez gaitezen, orekaren erakusleiho horrek itsutu ez gaitzan. Hiria gogoeta-lekua da, memoria-lekua, sinboloz jositako eremua… Espazio jakinetan dabil, espazio turistikoetan: bulebarra, Jesusen bihotza, hondartza, Kursaal, parkeak… Turismoaren zerbitzura eraikitako hiria kritikatzeko, edo ikur horiei bestelako zentzu bat emateko: “karrika artean galtzen naiz neu ere turista/ michelin gidan ageri ez diren kantailak/ deskubritzen ditut egunero/ zementuzko leizeak hondakin apainduak/ amorru nekatuak pareta berrien aurka” (8 or.). Hala dio azken poemako lelo batek: “hiria eraiki poesian” (138 or.). Eta hiria eraikitzeko beste ariketa bat ere aldarrikatzen da poema-bilduman, sinbolo orokortu eta hedatuen deseraikitzea, hain zuzen ere: “eta su emango bagenio area erromantikoari?/ eta bestelako hiri bat asmatuko bagenu?”. Eta aurrerago, “badakizue hiri hau ez dugula guk eraiki?/ badakizue zer dagoen muinoez haraindi?”. Hiriko ikurrak kritikatu egiten ditu, hiriaren historia badirela gogora ekarriz, baina, geu hiritarrok ere hiriaren historia osatzen ari garela adieraziz, gure eguneroko ekintzek eta ibiliek hiria eraikitzen dutela ohartaraziz. Ardura politiko hori ikusgarri eginez. Geografia poetiko-politiko horretan, gainera, egon badago beste poema-liburuetan lekurik hartu ez zuen alderdi garrantzitsu bat: arkitektura eta etxegintza. Azken batean, arkitekturak eta etxegintzak ikuspegi soziokultural bat hedatzen eta eraikitzen dutela adierazten du, eta hiria (des)eraikitzeko ahalegin horretan arkitektura bide berriak eta etxegintzarako molde berriak proposatzeko premia aldarrikatzen du.
Edonola ere, ardura politiko horren tonua ez da epikoa, ez eta utopikoa. Kutsu malenkoniatsua dario poema-liburuari. Ez dirudi kasualitatea, hortaz, poema-liburuan bertan malenkonia politikoa kontzeptua aipatzea, horixe baita imajinario poetiko horren ardatz nagusia. Malenkoniak jotako poemak dira, “poesia etsiak jota” (16 or.) dagoela ere badio poetak. Beste poema-liburu batzuetan balizko etorkizun bati —utopian— lotuago eraiki ditu imajinario poetikoak Izagirrek, eta liburu honetan ere etorkizunari keinu egiten bazaio ere, ez da hain nabaria, eta ez da hori liburuaren erdigunea, baizik eta iraganera eginiko begirada da nagusi. Bada halako gogoeta-ildo bat, gaztaroko edo iraganeko irudiak gogora ekartzen dituena, iraganeko asmoen eta orainaldiko lorpenen arteko tentsioa irudikatzeko, besteak beste. Ez da malenkonia afektibo hutsa.
Iraganera begiratzen du, ez gaztetasun galdu baten bila, ez aukera pertsonal galduen bila, baizik eta iragan kolektibo baten arrastoetan eta gorotzetan plisti-plasta aritzeko. Nolabait, ikuspegi historikoa edo kontzientzia historikoa pizteko gogoa da nabari. Horretarako, historiaren protagonistak dakartza poema hauetara sarri. Ez dira Historia Handiaren protagonistak, baizik eta historiaren katebegi eta gertakari horiek guregana heltzea ahalbidetu duten pertsona anonimo horiek ditu gogoan. Ikuspegi historiko horrek ere Donostiako pertsona ezagunak gogora ekartzea dakar, pertsona horien eta hiriaren arteko harremana irudikatuz. Hartara, Txillardegi edo Mikel Laboaren hutsuneaz hitz egiten du: lehena txalupaegile irudikatuz; eta bigarrenaren hotsaren ausentziari kantu eginez. Eta bide horretatik ere, Saizarbitoriaren presentzia hiritarra irudikatzen du imajinario poetikoan, Kursaal zubiaren imajinarioa Saizarbitoriaren ibiliarekin harremanetan jarriz.
Hirigintza poetiko honetan, poesia sozialaren eta kontzeptualaren alde egin du Koldo Izagirrek beste behin, eta pentsamenduaren aldeko joera ere nabari da artikuluak gehitzeko hautuan, prentsako iritzi-testuak ere tartekatu baititu bilduman. Era berean, Izagirreren estetikaren ikur diren baliabideak etengabe antzematen ditugu poemotan: hoskidetasunak, hitzaren musikalitatea, hitz-jokoak, kontraesanak eta ironia (“Parisen bizi naiz, marrutxipi izeneko auzoan”, 7 or.), hitzak hitzaren kontra irudikatzea… Hiriaren arkitekturaz jarduterakoan hitzaren arkitekturaren ardura hori ere gogora ekarriz. Beste behin ere hitzaren arkitekturan maisu dugula erakutsiz.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres