kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara / Joxe Manuel Odriozola / Txalaparta, 2014

Irakurtzera bortxatua(k) Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-02-05

Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara, horra hor, Altzoko saiogile euskaltzale —erraldoiaren— azken emaria. Irakurketa pausatua eskatzen duen liburu gotorra. Hona hemen, amaitu osteko nire lehen burutapena (buruan hainbat pena tarteko): irakurtzera bortxatuak zaude(te), hots, garena ulertzera iristeko baitezpadako entsegua duzu.

Garena nor? Jendeok. Deitu itzazu gizonak emakumeak edo pertsonak. Garena nor? Bereziki euskaldunok!

Liburu on honen taxuera hauxe: Atarikoak, sar hitza, ETA bortxa politikoa eta beste / Nafarroako Estatua eta beste atalen atarikoak dituzu. Atarikoak osatzeko hainbat pertsonaren aburuak hartu ditu egileak bidaide, ez nolanahikoak, eta orobat bi ataletan ere bai: pentsalari elemeniaren aburuak —gogaideen eta ez gogaideen— ondo baino hobeto aletu eta ezpaldu ditu altzotarrak. Ezin bakarra nabarmendu, denak nabarmendu ezean.

Edonola ere, liburura iristeko bidaide nauzuen hau bortxatua duzu(e) aipu bat ezpaltzera, Johan Galtung-ena, labur emana: “Hiru bortxa mota daude. Lehena, oinarrian, bortxa kultural iraunkorra da, gainerako bien zurigarria. Bigarrena, prozesu gisa eratutako bortxa estrukturala litzateke: modu legal, anonimo eta inplizituan egituratua. Hirugarrena, gertaera moduan islatzen den bortxa zuzena, ikusgarria eta asaldagarria”.

Liburu (h)onen ezaugarri behinena, bortxari buruzko gogoeta sakona egin duten pertsonen aburuetan oinarritua egotea da, bai pentsalarien bai bortxa zuzenki nozitu dutenen iritzietan.

Atalak atal, hona bidaide honen zenbait aburu:

Bortxaz juzku arinak egitera bortxatuak gaude: bortxa aipatzen delarik, modu arin batez aipatu ohi da, hots, “datorrenetik datorrela” delako bortxa betiere bera dela erran ohi da. Erran nahi baita, pertsonak bortxari buruzko juzku arinak egiten bortxatuak izaten gara, nork eta bortxa estrukturala darabilenak.

Bortxa eta bakea: mundua, mundua denez gero, mundua habitatzen dugun abere arrazionalok bortxaz ezarri dugu bakea, baita aro modernoko “demokrazia zerutiarra” bortxaz jarri ere, baita nork eta bortxa jasaten dugun lurtarrok “onartu” ere. Bortxa estrukturalean oinarritutako bakea.

Bortxa estrukturala eta ETAren bortxa politikoa: lehena politikoa bada, bigarrena ere bai. Kontua da baina, estrukturala bakealdian ezarria deino, bortxa aldiko bakealdian kontrakarreko bortxa bere oinarri ideologiko politikoari uko egitera bortxatu nahi dutela, nork eta bortxaren monopolioa dutenek. Estatuek.

Estatua eta boterea: egungo demokraziaren oinarria bortxa bada, bortxa bada boterearen izaera, nola eraiki estatua izan nahi dugunok gure izateari uko egin gabe? Eztabaidarako hamaika hari txirikordatu ditu Joxe Manuel Odriozolak. “Estatua izan edo estatua eraiki”. Horra hor, hainbat pentsalarien arteko dilema edota debatea. Estatua estakuru ote? Menperatzailearentzat ez. Menperatuarentzat?

Estatu (demokrazia) euskalduna, etika eta morala: giza historia, aro modernoa barne, bortxan oinarritua izaki, ba ote bortxa, bortxa “gaiztoa” eta “ona” legez bereizterik? Zer pisu du gugan, gizakiongan eta euskaldunongan erlijioak? Demokrazia ote mendebaldarron erlijio berria?

Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara: auzi politikoa ote da euskaldunona? Ala politikak (demokraziak edo demokrazia ezinak) harrapatu digun/gaituen arazo kulturala? Arazo kultural gaindiezina, akaso? Premisa bat: “Euskal Herrian nozitu behar izan dugun bortxa giro latza ez dadila berriz inoiz gertatu”. Nola ez erori bortxaren monopolio darabilen moldetan? Galderak. Galderek arrapostuak behar dituzte betiere.

Historia ez zen hasi baina, aro modernoan: hau da, estatu modernoen aitzinetik baziren estatuak, hor nonbait. Nafarroakoa kasu, horixe euskaldunona. Konkista, okupazioa eta asimilazioa. Horra, azken hamarkadotan nabarmendu diren eleak. Izan garelako gara? Zer izan ginen baina? Euskal estatuak euskalduntasuna bermatu al zuen? Edota bermatuko al du? Hots, estatua lanabes edo helburu ote? Historia eta memoria gure izatearen konstruktak dira, konstruktak dira ere nortasuna, inteligentzia eta sorkuntza.

Estatua, pertsona, soziologia eta psikologia: ez alferrik, hauxe azpimarratu nahi nuke, Joxe Manuel Odriozolak Max Weber bidaide izateaz beste —pertsona estatuaren eta jendartearen baitan—, Sigmund Freud ere bidelagun dauka. Hots, kontzientzia eta inkontzientzia, biak daude gure izatearen oinarrian. Ez dira azpimarratzeko pentsalari bakarrak. Etxekoak eta euskaraz pentsatzen dutenen aburuak baitezpadakoak dituzu liburuon.

Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara saio ausarta da. Suaz aritzen denak ausart izan behar baitu, ausaz. Saioa antidoto hagitz ona duzu(e) bortxa ulertzeko. Areago, arrazoia eta hunkiberatasuna gizakiaren izaera bortxatzailearen elikagaiak direla jabetzeko ere. Bortxazko izate hori deseraikitzen ikasteko entsegu aproposa dukezu(e). Eta bidenabar, bide nabarrean, euskaldunen argien mendea noizbait urratuko den esperantzaz, euskaldunon nortasuna eraikitzeko.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak