« Ahotsa oinutsik | Zalantzak »
Odol mamituak / Alaine Agirre / Elkar, 2014
Psikosia Iraitz Urkulo / Berria, 2014-12-07
Alaine Agirrek psikosiak jotako emakume gazte bat aukeratu du helduentzat idazten duen lehen eleberriko protagonista gisa. Haren eskutik, gaixotasunaren iluna eta, psikiatrikoan egindako egonaldia eta terapia tarteko, sendatzerainoko bidea ibiliko dugu. Ni-tik eraikitako literaturaren bide bihurgunetsua, hain zuzen. Istorioaren abiapuntua eta amaierari dagokienez, misterio handirik ez da, beraz, horiek jadanik kontrazalean irakur daitezke eta. Hobe zuketen, alde horretatik, Miren Agur Meabek liburuaren ezaugarri nagusiak laburbiltzen dituen hitzaurrea hitzatze bihurtu izana, benetan lastima baita gehiegizko informazioak irakurketa gatzgabetzea; are gehiago, halako hasiera indartsua zapuztea.
Lana bost atalek, guztira 100 pasarte laburrek osatzen dute. Denetan izenik ez eta A batekin identifikatzen den protagonista da beti fokua. Narratzailea, berriz, lehen pertsonatik bigarrenera eta, azkenik, hirugarrenera igarotzen da. Egitura garbia du, hortaz, liburuak. Ordenatuegia, agian. Gaiekin ere antzeko inpresioa nagusitu zait, gaixotzea, sendatzea eta sexura mugatzen direlakoa, alegia, baina sekula elkar ukitu gabe. Badirudi egileak gai bat aukeratu eta, hori sakonki landu ondoren, behin hura agorturik baino ez duela hurrengorako urratsa egin nahi izan.
“Idazkera organikoa” aipatzen du Miren Agur Meabek. Literaturan txertatutako korporalitatea, hots, gorputzaren bidezko hizkuntzaren adibide bikaina, gehituko nuke. Gordintasuna eta irudi indartsuak baliatuz, Agirrek protagonistaren eldarnioa eta ezinegona kutsatzen dizkigu. Izan ere, minaren espresio fisikoa hain da erreala, non sentitu ere egin daitekeen, arnasbiderik gabeko pasarte itogarrietan, intentsitateari mailarik gorenean eusten dioten horietan, goia joz. Eta halere, kontaketak badu, kontraste ederrean, samurtasun puntu bat, sentsibilitate berezi baten emaitza dena, zalantzarik gabe.
Testuan murgildu ahala, jadanik azken urteetako idazle berriengan —Garazi Goia eta Danele Sarriugarte datozkit gogora— ikusitako antzeko zenbait ezaugarri eta baliabide hauteman ditut. Istorio mailan, neska gazte baten biluzte emozionala; tonu zintzoa, ahuleziak agerian uzten dituena; descensus ad inferos planteamendua; eta intelektualismoarekiko erakarpen aitortua. Formari dagokionez, egitura zatikatua, letrak erabiltzea izenen ordez, sinonimoen pilaketa eta puntuazioaren lehertzea.
Idazleak irakurle helduei zuzendutako lehen obra izanik, estiloak, jakin-mina pizteaz gain, garrantzi nabarmena bereganatzen du, jakina. Estilo landua eta, aldi berean, arina, zeharo atsegina erakusten du Agirrek, atalen laburrak areagotua. Lehen orrialdetik bertatik, musikaltasun goxoak eta sinestesiak blaitutako protagonistaren diskurtso ahaltsuak irakurketan aurrera zain dugun gozamena iragartzen digu. Erritmoa, sintaxia eta hitzen morfologiarekin esperimentatzen ere ausartzen da, benetan poztekoa dena, jarrera horrek molde tradizionalak gainditu eta bide berriei ekiteko arriskua hartzeko prest dagoen autore baten aurrean kokatzen gaituelako.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi