kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Harrotasuna eta aurrejuzkuak / Jane Austen (Ana Isabel Morales) / Ibaizabal, 1996

Lasai eseri eta luze irakurtzeko parada Amaia Alvarez Uria / Argia, 2014-11-23

“It’s a truth universally acknowledged, that a single man in possession of a good fortune must be in want of a wife”. Iaz 200 urte bete zituen hasiera hori duen jatorrizko lanaren argitalpenak. Euskaraz duela 19 urte argitaratu zen lehenbizikoz hurrengo hasiera honekin: “Egia unibertsalki onartua da fortuna handiaren jabe den gizon ezkongai batek emaztearen premia eduki behar duela”.

Ana Isabel Morales itzultzaileak egindako hitzaurre lagungarrian dugu Austenen ekarpen literario nagusiaren berri: “Jende arruntaren ibilerak eguneroko bizimoduan erakutsiz eman zion nobelari bere molde modernoa”. Oso gaztetatik hasi zen idazten, liburu honi dagokionez, First impressions izenburuarekin idatzita zuen lehen bertsioa 21 urterekin eta 27 urte beranduago Pride and prejudice izenburuarekin kaleratu zuen. XVIII. mendeko erdi eta goi mailako familia ingelesen erretratua, edo karikatura, egiten digu lan honetan.

Elkarrizketa adimentsuak eta literaturaren balioespena agertzen dira tarteka garai hartako sozializazio prozesu generizatu eta klasistari buruzko koadro honetan. Moralesek gogorarazten digun moduan, orduko familia onetako alaben aukerak hiru ziren: oinordekoa izatea, ahalik eta ezkontza onena egitea, eta karitatetik bizitzea. Beraz, garaiko gai garrantzitsuenetako bat dugu hizpide bertan, ezkontza (ona)rena. Lan honetan agertzen diren protagonista guztiak, izan emakume zein gizon, ezkontzeko asmotan dabiltza, eta aukera onenen bila ibiltzen dira dantzaldi, gutun eta bisitetan.

Horretarako oso garrantzitsua da arau sozialak ondo betetzea, dirua, edertasuna eta bertutea izateaz aparte, jakina. Eta horretan dago nire ustez liburu honen xarma. Austen bere protagonista femeninoarekin, Elizabeth Bennetekin, oreka baten bila doa. Jendartean onartua izateko behar diren arauak beteko ditu honek, baina bere izaera moldatu gabe. Ezkontza bizi-proiektu moduan onartzeko prest dago, baina ez du agertzen zaion lehen aukera hartuko asebetetzen ez badu. Bere emakume roletik espero dena emango du, baina bere estilo eta irizpideei muzin egin gabe. Austen umoreaz eta zeharkako estiloaz baliatuko da “arrazoia vs. emozioak” auzia orriotan plazaratzeko, pertsonaien konplexutasuna agerian jarriz eta “lehen inpresioak” okerrak izaten direla agerian utziz, hasieratik harroa dela pentsatzen dugun pertsona ez delako beti eta bakarrik horrelakoa, eta berdin gertatzen da aurrejuzkuak dituenarekin ere.

Moralesek Ch. Perkins-Gilmanen Hormako paper horia eta V. Woolfen Emakumeen lanbideak edo Etxeko aingerua hiltzea argitaratu ditu EDO! argitaletxean orain dela ia 20 urte Austenen liburu hau itzuliz hasi zuen bideari jarraiki, bere hitzetan “isildutako ahotsak argitara ateratzeko helburuarekin, emakumeek idatzitakoak eta generoaren ikuspegitik ekarpen bat egiten duten lanetan dauden pentsarazteko tresnak euskaraz jartzeko xedearekin: izenak duena izana duelako eta sarea egitea delako garrantzitsuena”. Helburu horrekin gomendatzen dugu klasiko hau eta baita beste helburu batekin ere; Austenen hizkuntza eta kultura darabiltenek dioten moduan “slow food” eta “food for thought” pentsamenduekin bat egin dezagun, une batez bederen. Ellen Kuzwayoren lan bateko izenburuak dioen moduan Siéntate y escucha, liburua hartu, eseri zaitez denboraz, eta irakurri Austenek kontatu nahi dizuna bere garaiko jendearen ohiturei buruz. Zenbait gauza ez baitira hainbeste aldatu azken bi mendeotan. Ez duzu uste?

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak