« Ahaztuta geneuzkanaz | Ez gara gure baitakoak »
Su zelaiak / Mikel Peruarena Ansa / Susa, 2014
Su zelaiak Joxe Aranzabal / Faroa bloga, 2014-11-10
Formatu digitalean erosi bezain laster hasi nintzen irakurtzen Su zelaiak eleberria, Mikel Peruarenaren azkena. Eta gustura geratu naiz, nahiz eta, berau erosi nuenean, jakin ez justu-justu zelakoa izango zen.
Erosi nuen gaia interesatzen zaidalako, Gerla Handia, fresko oraindik Eneko Bidegain lankidearen lana eta orain urtebete euskaratu nituen bi film: Paths of Glory, Stanley Kubrick-ena, eta Johnny Got His Gun, Dalton Trumborena, biak garai berean girotuak. Dena esatera, liburuaren azalak ere atentzioa eman zidan.
Eleberri honetan euskaldunak dira protagonista nagusiak, Gerla Handia Frantziaren izenean gudukatu zuten euskaldunak. Bertan egileak fresko handi bat osatu nahi izan du, protagonista xume askorekin, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako txoko askotakoak, indar faktikoak ere bertan daudela, Eliza katolikoa denen gainetik. Eta fresko horretan gerra hedatzen da, politikariek, eliz gizonek eta hedabideek sustatuta, bereziki Eskualduna astekaria.
Goian aipatutako film horietan bezala, nobela honetako antzezlekua danteskoa da, izugarria, Verdun inguruko eremu erreak, non lubaki-gerra zentzugabe luzatzen baita, protagonisten etsipenerako, denborak aurrera egin ahala, euskaldun xehe horiek itzaltzen doaz-eta, beren amets guztiekin, gerrak ez baitu gupidarik. Orduko euskaldunak bezala, fikziozko protagonista hauek ere kanoi bazka izan ziren gerra izugarri hartan, frantsez aberriaren eta elizaren martiri bihurtuta.
Nire ustez, egileak asmatu egin du fresko edo puzzle teknikarekin, eta protagonista txikiak lehenetsita, nahiz eta, hasieran batez ere, zenbait kontakizun errepikakor samarrak egin zitzaizkidan, asko eta antzekoak izanagatik. Zenbait aipamen, bestalde, soberan iruditu zitzaizkidan, Kafka eta dadaistena esate baterako, ez dut-eta uste euskara baizik ez zekiten haiek jakingo zutenik nortzuk ziren jaun-andre haiek. Eta, hala ere, gustatu egin zait. Identifikatu egin naiz pertsona xehe horietako askorekin, sinesgarria egin zait orduko Euskal Herria, eta nazka sentitu dut gerra makineriaren aurrean, berau militarra, laikoa edo eliztarra izan.
Euskara ere ez zait arrotza egin, nahiz eta, zenbaitetan, faltan sentitu dudan euskara hiztegi bat nire Kindlean. Ez dakit Enekok eta Iparraldeko jendeak zer esango duten euskara horren inguruan, baina niri oso hangoa egin zait, eta ulerterraza. Egia esan, eleberria amaitutakoan sinetsita nengoen Mikel Peruarena Iparraldekoa izango zela, eta harritu egin naiz Armiarman irakurri dudanean Ereñotzukoa dela, Hernani ingurukoa.
Amaitzeko, eskari bat Susako lagunei. Zergatik ez diozue jartzen liburuaren edizio digitalari dagokion portada? Berau barik esan liteke liburu digitala umezurtz geratzen dela, kasu honetan nabarmen, Su zelaiak liburuaren azalak sekulako indarra baitu. Seguru zuen informatikari azkarrek erraz konponduko dutela hutsune hori.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez