kritiken hemeroteka

8.196 kritika

« | »

La Fanfarlo / Charles Baudelaire (Juan Kruz Igerabide) / Erein, 1991

Baudelaire: La Fanfarlo-ren abisuak Anjel Lertxundi / El Diario Vasco, 1991-12-18

Nolabait deitu behar testu honi eta egia da Baudelaireren gaztaroko kontakizun honi nobela etiketa doakiola, besteak beste, jeneroaren konbentzio nagusienak, ozta-ozta bada ere, errespetatzen dituelako.

Eta konbentzioaren esanetara, baudade pertsonaiak —Samuel Cramer poeta eta honen bi maitaleak, Cosmelly andere ezkondu eta burgesa eta La Fanfarlo puta—, badago tempus bat eta baita espazioa ere, badago hiru pertsonaien arteko gertakarien hari bat —mehea oso eta ahula eta motza dena, inzisoz eta digresioz betea— baina irudikatu nahi duenari gorpuzdura ematen diona. Hargatik, nobela.

Edozein modutara, Baudelaireren prosak —“La Fanfarlo” honek ez bezala, gainerantzeko testu ez-poetikoek saio itxura hartu zuten— materiale oso aproposak dira haren estetika eta pentsamendu poetikoa ezagutzeko.

Lorik ez zion, ordea, etengo auzi hutsal honek jeneroen arteko mugetan sinesten ez eta poesia prosaz ematera ausartu zen poeta handiari. “Les Fleurs du mal” baino hamar urte lehenagoko testu honen egitura nobeleskoa hutsala da, eta aitzakia, “Literaturgile gazteentzat kontseiluak” testu laburreko azken parrafoko ideia ilustratzeko:

“Zenbait momentutan literaturgile guztiek sentitzen bait dute literaturarekiko izuikara, bada, nik ez dut ontzat ematen horientzat —arima libre eta harro horientzat, zazpigarren egunean beti atseden hartu beharra izaten duten izpiritu makal horientzat— bi motatako emakumea besterik: edo oso gaztea, edo ergela: amodioa ala eltzea. Senideok, adierazi beharrik ba ote daukat horren zergatia?”

Irakurleak testu honetan aurki ditzake, hasikin bailiran, geroko poesigintzan borobilduko dituenak: ideologia poetikoaz gain agertzen da zenbait intuizio estetiko ere, gero poemetan irakurri ahal izango dugun modu ia berean espresaturik: Ikasiak zituen autore guztiak, leituak zituen liburu guztiak…

Samuel Cramer

Exorzismo gisako ariketa dirudi testuak Baudelairerentzat: Samuel Cramer poetaren bide itxuraz bakarrik ausartarekin testua osatzerakoan, badirudi poesia modernoaren aitzindariak bideko arriskuak eta tentaldiak saihestu eta uxatu gogo zuela, vudu ariketa batean bezala erameren irudikazioaren gorputza zulatuz madarikazioen orratzekin.

Hargatik, Juan Kruz Igerabide itzultzailearen hitzaurreak Baudelaireren alter-ego-tzat jotzen duenean Samuel Cramer hau, zehaztu beharra dago desdoblamendua: antieredua da Samuel Cramer, poetak izurritetik bezala egin behar luke ihes Cramer-en ahuleziatik. Ez zaio agian falta Samuel bihotz onari poesiari buruzko ideia onik, badaki behar bada non dagoen eta norantza egin behar den bidea. Cramer-en ondradutasuna, ordea, ez da poesiarekiko atxikimenduan egituratzen, bizitzarekikoan baizik, eta horixe du poeta batek galbide. Baudelairek berak “erdi-gizon” deitzen dio, eta “haren izaeran argiagoa da poesiaren distira bere lanetan baino”.

Cramer-ekin pentsatuz osatua dirudi Baudelairek berak literaturzale gazteei emandako kontseilu honek ere:

“Amodioan, literaturan bezala, abegitasunak ez du nahimenarekin zerikusirik”.

Antiereduak, dena den, oso bide interesgarritik hartzen du indarra eta erginkortasuna: Jose Maria Valverdek autokarikatura gisa ikusten du testua, ni erromantikoa txiki-txiki eginda uzteko saio baitlitzan. Tonu ironiatsu horrek ematen dio, ene iduriz, maila eta sostengua anekdotetan flako eta gertakizunetan urri den testu honi.

Utikan, ari zaigu konjuruak botatzen Baudelaire, amodioari eta eltzeari! Literaturarekin etika eraiki nahi luketenei erantzuteko modu bakarra ikusten bait du Baudelairek: etikaren kobazuloetaraino jaitsi, etikaren enborra untz, goroldio eta denboraren ganduak erantsitako ebitaezin usteko konbentzio interesatu oroetatik libratu, eta inork baino literatura etikoa eginaz.

Orobat egingo du artearen liturgia erlijio bilakatu nahi zuten parnasiarrak baino harantzago helduz eta tribuko hitzen tenpluko aldarean ofiziante nagusi izanaz, hala bi bide horien bidekurutzean poesia modernoaren abiapuntua non dagoen erakutsiz.

“La Fanfarlo” guzti horren abisu zen, eta testu oso argia Baudelaireren poetika ulertzeko. Igerabideri zor diogu mesedea bi arrazoiengatik eskertu beharrekoa: testua bera ezagutarazi digulako baina baita eman digulako ere itzulpen oso gozo eta jario sinesgarrikoa, intelektual kutsutik ihesi eta itzulpenean isuriz Badudelairek berak maite zuen tribuko hitzen oihartzuna.

Azken kritikak

Maskara baten aitortza
Yukio Mishima

Ibai Atutxa Ordeñana

Emakume gaiztoak
Marilar Aleixandre

Jon Jimenez

Baserria (h)uz(s)ten
Oskar Gaztelu Bilbao

Maddi Galdos Areta

Animalia domestikoak
Esti Martinez

Irati Majuelo

Ni ez naiz hamalau
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Ura saltoka
Juan Kruz Igerabide

Jon Martin-Etxebeste

Oso latza izan da
Xabier Mendiguren Elizegi

Mikel Asurmendi

Su festak
Jon Urzelai Urbieta

Jon Jimenez

Azpimarrak
Nerea Balda

Paloma Rodriguez-Miñambres

Su festak
Jon Urzelai Urbieta

Eneko Barberena

Arrain hezur bat eztarrian
Olatz Mitxelena

Ibon Egaña

Lurraz beste
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Cayo Hueso
Oihane Amantegi Uriarte

Jon Jimenez

Cayo Hueso
Oihane Amantegi Uriarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

2023(e)ko martxoa

2023(e)ko otsaila

2023(e)ko urtarrila

2022(e)ko abendua

2022(e)ko azaroa

2022(e)ko urria

Hedabideak