« Oskillasoren nobela barria | Gizonezkoen emetasuna agerian »
Gizon bat bilutsik pasiloan barrena / Joxean Agirre / Elkar, 1991
Agirre: bilutsik munduan barrena Anjel Lertxundi / El Diario Vasco, 1991-12-11
Batek eskala dezake apaltasunaren gailurra eta aitortu pekatu egin duela liburu batzuk kaleratu izanagatik. Eskaladan gora, permiti dezake bat horrek umore puntta ere ironiarekin ozpindua: “Orain nobela idazteak merezi zuela pentsatzen dut Saizarbitoriak egin duen prologoa egin didalako bakarrik”.
Intrusoa baitlitzan ere aurkez dezake bere burua: “Ez naiz inolaz ere idazle sentitzen, literaturzale baizik. Irakurtzea da nerea, eta noizbehinka idaztea”.
Liburu hau baino lehenago ere eskalada horretarako motiborik ez zeukanak, azken nobela hau kaleratu ondoren bai ezingo duela apaltasunaren karneta hortzartean daramala ibili. “Ez naiz inolaz ere idazle sentitzen. Irakurtzea da nerea…”. Bo. Joxean Agirrek berak erreibindikatzen duen irakurlearen estatus horretatik, erretorikoa izateaz gain, alferrikakoa ere balitzaidake narrazio honen egileak —Agirrek— idazletzari buruz duen estatusaz galdezka hastea: Irakurle ala idazle? Ofizio ala satisfazio? Asteburutako ala aste osoko? Barne-dei sakratu inmortal-gose bati erantzuteko ala lagunekin egindako apustu bat irabazteko? Bost axola.
Eskaparatean liburu bat jarriak ez du, ondoren, atzera biderik. Nobatoari kontsakratu (?) bati adina, asteburukoari nomina batez horretara bakarrik ari denari bezanbat, abstemioari wiskhyaren baporeetan inspiratuari bezala eskatuko dio irakurle anonimoak. Liburuak funtziona dezala. Funtzionatuko balu, ez balu, alferrikakoak dira gero aitzakia guztiak. Badakit zer sinesten duen Joxeanek berak ere: Amigo, halakoxeak dituk normak. Amildegira egin beharra zegok salto eta hor beheko tobogan ilun horretan indulgentziaren sarerik ez dagoela asumitu.
Guzti horregatik, pasiloan barrena biluzik dabilenaren ixtorioa gozatzeko ditxa izan duen irakurle honi bost axola idazleak bere buruaz dioena. Hargatik, nik ez dakit Joxean Agirre zergatik ez den izango beste edozein idazle bezain idazle. Ez gehiago. Baina ezta gutxiago ere. Narrazio luze bat jarri berri du eskaparateetan eta ea zer dioen ixtorioak. Bere horretan. Baita garaiko beste testuen eta jokabide estetikoen parekantzan ere. C’est tout. Ez dago besterik. Eta kuriosoa da: ni esaten ari naizen guzti hau Joxeanen azken nobelan dago hemen baino askoz ere hobeto espresatuta.
Aingurak botatzen
Irakurlea, ongixe adieraten digu hori Joxeanek, ez baita nobelako komisarioaren antzera idazlearen “bizitzari buruzko datak, izenak eta zifrak” nahi dituena.
Agirreren narrazioan bi plano desberdin daude, bat memoriaren laguntzaz eraikia (“Memoria gauza bitxia da. Untzi bateko marinela bezala da, iraganaren itsasoan aingurak botatzen… Memoriak zorioneko edo zorigaiztoko egiten gaitu”) eta bigarrena narratzaileak zaindariari kontatutako ixtorioen fikzioari esker borobiltzen duena (“inpostore baten lana izugarri nekosoa da… gauak eta bereziki bilutsik geratzen zaren momentu intimoak dira arriskugarrienak”).
Fikzio baten bihotzean bigarren bat, beraz, eta biak elkarri sostengu ematen: ezezaguna gertatzen zaion iraganeko azken arrasto baten hiltzaile izana leporatzen dioten bitartean narratzaileari, honek beste iragan bat eskaintzen dio gartzelako zaindariari. Horko hori ote naizen diote; ni honako beste hau nindeke.
Ez da hainbesterainoko kontua egiaren atalasa non dagoen jakitea. Badakigu bilutsik jaiotzen garela eta, “estalki gisa. ingurukoek pertsonaia ezberdinak probatzen dizkigute haurtzaroan zehar, trajeak balira bezala, zein izan behar dugun erabakitzen duten arte”. Garenak gara eta, besteak beste, ingurukoek egin gaituzten bezalako ere bagara. Bi nortasun. Narratzaileak zaindariari aitortzen dion bezala, txanpon baten bi aurpegiak gara. Millás-ek ere jorratu duen Castor eta Pollux-en sinboloaren bidetik. Izenaren desordenua. Millásen “Hauxe zen bakardadea” nobelako oihartzunak, hango ixtorio detektibeskoa oroitarazten duen kondesaren kontakizunean…
Testua laburregia da aukeran. Gaiak eskaintzen zion guztiari etekin eta garapen osoa eman ez diona seguruasko. Deskonpentsazio txiki bat luke, fikzio-memoria oreka mantendu behar horretan fikzioaren alderoa nabarmentzen duena: barruko ixtorioek bere tratamendu justua dute, neurtua, ez dago hor arazoa, ixtorio horren sostengu gisa funtzionatzen duen ixtorio nagusiaren tratamendu laburregian, apunte edo eskema gisakoa den horretan baizik.
Bizkarrezurra ideatzea maite bai, baina gero hura haragiz hornitzeak (lan nekosoa eta aliziente handirik gabea, idazleak ordurako bai baitaki kontatzen ari denari buruzko guztia) hainbesterainoko axolarik ez balio bezala.
Euskararekin ere zerbait antzekoa gertatzen da. Hor dagoen estiloari, hor dagoen gauzak esateko zirti-zarta deigarriari (euskal testuetan oso nekez aurkituko duzunari, irakurle) azken ukitu txikiaren arreta (lexikoari dagokionean, bezalaren erabilkeraren modu ez beti zuzenetan…) falta zaio borobila izateko.
Edozein modutara, narrazio ona, Joxean Agirreren idazle sena konfirmatzeaz gain literaturari buruzko erreflexio eta jokabide berriak dakarzkiona gure euskal plaza sorpresetan, atsegirietan behintzat, hain urri den honi.
Esan beharrik ez dago nobelak merezi zuela Saizarbitoriaren hitzaurrerik gabe ere. Ni orain hasiko naiz Ramonena irakurtzen.
Detaile xume bat
Adania Shibli
Jon Jimenez
Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus
Amaia Alvarez Uria
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Jon Jimenez
Uztapide eta Xalbador
Pako Aristi
Mikel Asurmendi
Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio
Jon Jimenez
Monogamoak
Iñigo Astiz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Joxe Aldasoro
Lanbroa
Pello Lizarralde
Mikel Asurmendi
Sorginak, emaginak eta erizainak
Barbara Ehrenreich / Deirdre English
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Gerezi-denbora
Montserrat Roig
Amaia Alvarez Uria
Presbiziak lagundu omen digu
Edu Zelaieta
Mikel Asurmendi
Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka
Aitor Francos
Itzulpena-Traducción
Angel Erro
Jon Jimenez