« Poesia hausnarketak | (H)amaseigarrenean aidanez »
Hitzak argi / Juan Ramon Makuso / Pamiela, 2014
Presentziarik eza Igor Estankona / Deia, 2014-05-24
Juan Ramon Makusoren liburua zeharkatzen duen galdera da non den argia, ze zentzu daukan honek. Ez alferrik, Oreretakoak bere poetikaren erdian kokatzen du filosofia, eta pentsamendu abstraktua lirikaren arauetara makurtzen ahalegintzen da. Batzuetan badirudi frogatu nahirik dabilela zelan den metafisika bera ere mendetan zehar idatzi, zuzendu, berridatzi, eztabaidatu eta kontrakora iristearen artea. Hitzaren eta pentsamenduaren artean ez lukeela egon behar tarterik, alegia. Eta egia da. Poesia ere mundua ezagutu nahia da azken buruan. Biek, filosofiak eta poesiak, darabilte material bera, adreiluak bakoitzak bere erara jarri arren. Ezagutzaren literatura ere deitu izan zaio esparru bietan dabilen idazkerari. Bada, Makusok beste behin esan gura diguna da —bere obraren klabeetako bat da— hitz egin daitekeela moralaz, are kosmosaren helburuaz, edertasunaren muga lausoetan. Filosofiak filologia baldintzatzen du, eta poetak bere buruari galdetzen dio ea estetika izango ote den etorkizuneko etika.
Hizkuntza beste zer edo zer iristeko erabili da hemen, gainontzeko misterio batzuk ulertzeko. Misterioon artean, nahinon, heriotza kausitu dugu: “Ahaztua neukan: elurra bizidun guztien/ gainean erortzen dela eta/ hilobiko lehenengo lurra dela”. Edo sufrimendua, edo adiskidetasuna, edo denbora.
Zentzu etimologiko hertsian ulertu behar den poetika da hau. Agian horregatik ageri da hain apal idazlea, onartuz ezer baino lehen galderak pausatzea dela bere nekea, eta ez hainbeste erantzunak ematea: “Eleak nahastu zaizkit. Urtu da errealitatea”. Hitzek argitu baitezakete ikusten ez dugun hori, hein batean: “eta poetak ez du/ dena/ lortzen/ dena ikustea zaila baita”.
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi eta Pello Otxotekorekin batera manifestuan gauzatu zuen Makusok tesi hau. Agorara itzultzeko beharra aldarrikatzen segitzen dute pentsamenduaren poesia deritzotenaren bidez, hitza erabiliz gizakia hunkitzeko. Poetak gizartean egon behar duela esateko modu bat da Hitzak argi irregular hau ere, sufrituz eta gozatuz hartzen baitu parte Makusok auzietan, barru-barrukoetan zein kanpokoetan: “galdetu zidan, zer esan nahi du ETAk?/ Juntagailua erantzun nion./ Hemendik aurrera iraganaren oinazeak/ juntagailurik gabe etorkizunean sendatu/ beharko ditugu”.
Sarritan, otu zait, politikoki zuzenaren akabu bako zidorretan eta erlatibismoaren emoziorik gabeko diskurtsoan galdu da Makuso. Badago Huntza hezur berritan (Erein, 2009) hartatik nobedaderik —arimaren barneko kontu gehiago, deskripzio aski ederrak—, eta hala ere poesia-eite arean errepikakorrean kateatuta ibili naiz oraingoan. Ni aldatuko nintzen seguruenik, errekako ura inoiz ez baita berbera.
Emoziorako baino gehiago hausnarketarako balio duen estilo, zelan esan, gain-poetiko horretan trabatuta geratu naiz, aitor dut: “Desiratuaz baino askoz gehiago/ gaude maiteminduta desiraz eta/ honen harira jarraiki ezin diet/ emozioen laztanei erantzun”. Uneka sentitu dut digresioaren bitartez eroango ninduela nonbaitera liburuak, baina sorpresarik ez dauka: literatura klase puru hau maite dutenentzako liburua da.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi