kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Japonia: poesiaren sumendi ezkutua / Andoni Salamero / Apatx, 2012

Poesi bidean Jose Luis Padron / 2012-08

Ibon Uribarrik ederki esplikatu zigun Senez 32.enean, haikuaren poesia formak tradizio luzea duela Japonian eta oso zabalduta dagoela egun ere: egunkarietan argitaratzen dira, aldizkari espezializatuak daude edota bidaiak antolatzen dira haikuaren historiarekin lotura duten tokietara, besteak beste.

“Adar biluziak/ Gau honetan izarrak berriro/ huts dira” esaten digu Ban’ya Natsuishi poetak, haikuak idazten gaur egungo aditu handienetarikoak.

Hain berezia den poesia mota horrek Japoniako mugak gainditu ditu aspaldidanik, eta hainbat toki eta hizkuntzatan sortzen dira haikuak gaur egun. Gurean Juan Kruz Igerabide, Karlos Linazasoro, Josetxo Azkona edota Andoni Salamero izan dira batez ere forma poetiko honen erabilera zabaldu dutenak.

Sentiberatasunaren atea ireki nahi duenak bihotza ireki behar du. Horrexegatik, sarri, eskua luzatu aurretik, bihotza luzatzen dugula esan ohi da. Irekidura hau agertzen dugun bakoitzean, beste herrien ohiturak, hizkuntzak, bizimoduak eta jardunean dituzten zailtasunen eta lorpenen unibertso zabala ulertzeko aukera ematen zaigu, eta hori eginez, herri horiexen errealitatea konprenituz, ezinbestez, haien zibilizazioa eta kultura ezagutzeko urratsak ematen ditugu.

Horren harira, ezinbesteko bertute horiei —sentiberatasunari, irekidurari, herriarekiko eta kanpotarren kulturaren ezagutzarekiko interesari— garrantzia emanez, Martin Jauregialzok eta Andoni Salamerok Japonia: Poesiaren Sumendi Ezkutua liburua aurkeztu dute. Apatx argitaletxeak apailatua, autoedizioan.

Lan honen abiapuntua Martin Jauregialzok Japonian egindako bidaia izan da, eta Japonian ateratako argazkiak oinarri hartuz zibilizazio horren kultura, usadioak eta bestelako ohiturak agertzen ahalegindu da, hori guztia argazki kameraren objektiboaren laguntzaz. Lan horren materiala bilduz, bidaia horri jarraipena emanez, Andoni Salamerok poemak idatzi ditu.

Natura eta haren suntsipena da liburuko olerkien gai nagusia. Hitz gutxirekin bide asko zabaltzeko ahalegina dago poema guztietan. Hirugarren poema liburua du Salamerok, aurretik kaleratu ditu Bide ertzeko printzak eta Zu. Ni. Bi. Bidean…, horiek ere Apatx-en eskutik.

Liburuak ditu Koldo Cadiernoren marrazkiak. GoiHata etxeak euskaratik japonierara itzuli du Salamerok eta Jauregialtzok egindako Japonia: Poesiaren Sumendi Ezkutua argazki eta poema liburua.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak