kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Orbanak / Pello Lizarralde / Erein, 2012

Sentsazioak Javier Rojo / El Correo, 2012-08-04

Ez dago dudarik Pello Lizarraldek toki berezia merezi duela euskal literaturan. Orain arte argitara eman dituen narrazio-liburuei esker literatur ibilbide sendoa egin du eta bere idazlanek berezkoa eta berea den literatur molde baten adibideak eskaintzen dituzte. Oraingoan Orbanak izenburua duen nobela argitaratu du. Hemen ere aurki ditzake irakurleak aurreko liburuetan ohikoak zituen osagaiak, idazlearen literatur mundu pertsonala osatzen dutenak, baina osagaiok idazlearen ibilbidearen berri duen irakurleari ezagunak gertatzen bazaizkio ere, horrek ez du esan nahi interes txikiagoko idazlan baten aurrean gaudenik. Basoan agertu den emakumen baten gorpua; ihesean dabilela dirudien gizon orbanduna; udaletxean denetariko lanak egitera ohituta dagoen aguazila; eta naturaleza, gertakarien markoa izateaz gain, pertsonaia baten indarrarekin bere presentzia nonahi inposatzen duena: osagai horiekin idazleak narrazio miresgarria osatzea lortu du. Kontakizuna bi planotan, bi mailatan gertatzen da. Alde batetik, ihesean dabilen orbandunarengan zentratuta dauden atalak ageri dira, non naturalezaren presentzia horrek era itogarrian dena estutzen duen. Lizarralderen literaturan askotan gertatzen den bezala, atal hauetan kontaera objektiboa nabarmentzen da eta zentzumenek izugarrizko garrantzia hartzen dute. Sentimenduak, ordea, alde batera uzten dira, irakurlearen interpretaziopean. Hirugarren pertsonan kontatutako atal hauen ondoan, aguazilaren narrazioa ageri zaigu, lehenengo pertsonan, subjektiboa.

Atalak tartekatu egiten dira liburuan, bi narrazio maila horiek txirikordatuz. Eta iheslaria eta aguazila naturalezak menperatzen duen mundu basa horretan elkarrengandik gero eta hurbilago daudelarik, ehizaki eta ehiztari bihurtuko zaizkigu. Intriga dago nobelan, baina jakin-mina pizten duen intriga hori idazlearen mundu pertsonala erakusten duen nobela-diskurtsoa egiteko abiapuntua da, eta azkenean irakurlearen esku geldituko da intriga horri amaiera ematea, hala egin nahi badu behintzat.

Edonola ere, irakurlea sentzazioen kontakizun batean murgilduko da liburu honi esker, eta, argumentuaren saretik askatu eta aurreiritziak alde batera utzita, literaturaren plazera (kontaeraren magia, hitzaren lilura) topatuko du bertan. Orbanak izenburuko nobela honekin Pello Lizarraldek berriro ere idazle bikaina dela erakutsi du, gure artean dagoen interesgarrienetakoa.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak