kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Libertitzeaz / Antton Luku / Pamiela, 2014

Libertateari esker eta zor Mikel Asurmendi / Berria, 2014-04-27

Euskal kultura auzitan jarri zuen Euskal kultura? saio laburrean (Juan Zelaia Saria, 2008) eta Libertitzeaz saio mardularekin heldu zaigu orain. Antton Luku baxenabartarrak (Kalifornia, 1959) ez du astia alferrik xahutu. Errana diot: “Hau idatzi ondoren, hil zaitezke lasai!”.

Euskal dantzariei eskainia da liburua. Ezinbertzean hala izatea. Baiki, saioa endelegatzeko hobe dantzari izatea edo dantzaren mundua ezagutzea. Halakoxea duzu saiogilea, dantzaria. Dantzaria ez ezik, antzerkigilea. Alabaina, Lukuk ez du antzerkia bere egiten, berau dantzaren baitan eman gabe. Zer ote antzerkia, ordea? Zer ulertzen dugu antzerkiaz?

Galdera franko, eiki. Idazleak arrapostu anitz eman dizkigu haatik. Antzerkia zer ote? Bada, Libertimendua. Tobera. Karrusa. Maskarada… Baxenabarren bereziki —Lapurdiko mugatik Zuberora bitarte— eta Baigorri, Garazi eta Amikuzen partikularki. Antton Luku inongoa bada, horkoa baita.

Ez horkoa bakarrik. Izan, Luku basokoa da, bortuetako basajauna. Bortuetatik jausten den bolanta, herensugearen antzerakoa. Zer ote bolanta? Zoaz Luzaidera! Eta, bidenabar, Okabeko harrespila bisitatu. Libertitzeaz eraman ezazu galtzarbean: Jorge Oteiza, Juan Antonio Urbeltz, Piarres Larzabal, Daniel Landart, Eñaut Etxamendi edota Gillom Irigoien izanen dituzu bidaide. Ez horiek bakarrik, xumeagoak ere badituzu: Anttoni Etxako, Aintziburu, Xeaxtian Ihidoi edota Galtxet. Ezin denak aipatu. Eta den-denak ere ez dira halakoak. Nicole Lougarot edota Mixel Etxekopar (honekiko gogaidetasun franko ukatu gabe), konparazionera, ez ditu arras gogaide (ez dira bakarrak ere). Luku bere “egia” ekartzen entseatzen da, katzakan, baina errespetuz. Politiquement correct espresioa heldu zait pentsamendura: Antton Luku nehor bada, juxtu izate horren ifrentzua da.

Saiogileak euskal kultura auzitan eman du berriz ere, horren transmisioa arranguraz bizi du. Euskal kultura euskaraz baino ez du endelegatzen. Agian, hegoaldean aburua aski barneratua da, Iparraldean ez horrenbeste. Euskara kinkan dago. Ofizialtasunaz honat eta haratago, euskararen arima hilzorian baitago. Hain zuzen ere Libertitzeaz kultura saioa izanagatik, berau ezin da politikari behatu gabe ulertu. Iparraldeko politika ez ezik, jendartea eta historia endelegatzeko berebiziko saioa da.

Berebizikoa eta berealdikoa. Barka itzazue adjektiboak, baina euskal kultura gure aldian jokatzen da. Gurea, politika nahiz kultura, edota biak batean, Commedia dell’Arte daude, eta bere baitan ulertu behar dira. Alta, saiogile eruditu bezain xume honi ontsa konprenitu badiot, bolantak eta santibatek zer diren barneratu gabe, euskal kulturarik izanen ote? Bertsolari zirtzilik gabe, inauteri ba ote? Inauteri zinez bizi gabe, ba ote folklorekeriaz beste?

Ez da dantza edo antzezkia egiten, dantzan ar(i)tzen da eta kultura bizitzan jokatzen. Kultur abangoardistatik nahiz eliteko kulturetatik edanik ere, Anttonen emana Behorlegi menditik jausten den ura bezalakoa da. Naturatik heldu eta herri iturrian isuria.

Ez da kultua akats ortografikorik gabe idazten duena, egungo politika eta kultura hastialaz ohartzen ez dena baizik. Lasai egon dadila egilea, saioa ez da luzea. Luzea, euskaldun biziko bagara, egiteko dugun bidea da.

Ba ote txapelik gabeko bertsolaritza izaterik? Ba ote kulturarik, goiti beheiti ezarritako sistemaren doinuz edo hitzez honagorik? Libertaterik barik ba ote libertimendurik?

Libertimenduari zor Libertitzeaz, saio aparta.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak