kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Erraiak / Danele Sarriugarte / Elkar, 2014

Erraiak agerian Iñigo Basaguren-Duarte / barnezine.com, 2014-04-11

Egon Schieleren “Sitting Male” erretratuak ematen digu agurra Danele Sarriugarteren (Elgoibar, 1989) lehen nobelan. Ez da aukera hutsala, obra honetan artista beraren erretratu biluzia aurkezten zaigu eta, modu berean, hurrengo orrietan protagonistaren biluztasun, beldur, amets eta obsesioen lekuko izango gara.

Istorio honetan, protagonista etxera heldu eta ohar bat irakurtzen du non bere bikoteak abandonatzen duela esaten dion. Bere burua amildegi baten aurrean ikusten du eta, obsesioak gidatuta, bere aurreko harremanei errepasoa egiten die, haustura baten ondoren bere buruari ohikoak diren galderak egiten dizkiolarik. Honen ondorioz bere mamu eta deabru guztiei aurrez aurre begiratu behar die. Bikoteez gain, familiak, adiskideek, konbentzio sozialek, bakoitzaren ametsek —bidezidorrean gelditu direnak bereziki— eta kontraesan eternalek lekua izango dute. Modu honetan, idazleak, berari ez ezik, irakurleoi ere banatzen dizkigu kolpe bortitzak, erraietan min ematen duten horiek. Gizarte harremanak eta sexua —sexu ereduak barne— ez dira libratuko Danele Sarriugarteren dardo zorrotzen ziztadez. Eta ohartarazten zaituztegu, oso zorrotzak direla idazleak gure —euskal— gizarte eta belaunaldi jakin —gaur egun 30 urteren bueltan aurkitzen garenak— baten aurka jaurtitakoak. Ironia eta sarkasmoaren laguntzaz, bere —gure— aurka jotzen du behin eta berriz, zauri sakonak sortuz, mina emanez, baina aldi berean, ezpainetan irribarre tragikomiko bat sortuz.

Kontakizuna lehenengo pertsonan helarazten zaigu, protagonistaren giro obsesiboa areagotzeko propio aukeratua. Hori ikusiko baitugu soilik, haustura batetan alde batek daukan ikuspuntua, bere kontraesan eta ustezko egi borobilekin. Hitzek bisturi baten zehastasunarekin moztuko dute gure azala, behin eta berriz gure erraiak agerian utziz. Pop erreferentziez osatuta datorkigu kontakizuna, baina ez apaingarri moduan, baizik eta istorioari berari eusteko, sentzazioak areagotzeko, kontakizunaren bidaide. Azkenik, liburuaren azkenengo orrietan, hainbat azpioinez osatutako eranskina daukagu, protagonistaren -idazlearen- argibidez eta osagarriz osatua, David Foster Wallacen, kontakizun honetan hainbatetan aipatua izanagatik, Infinite Jest (1996) lana gogora ekartzen diguna.

Azken aldiko lanik freskoena iruditu zaigu Danele Sarriugarteren “Erraiak”. Agian bere idazkeragatik, agian lotsagabe egiak aurpegiratzeagatik, agian erraietatik bertatik idazteagatik, agian gure burua hainbatetan isladatuta ikusteagatik… ezin izan ditugu gure begiak hitz, lerro eta orrialdeetatik erraz aldendu. Ez behintzat liburua osorik irentsi arte.

Zuen erraiei, baita ustelduenei ere, parez pare begiratzeko prest zaudete?

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak