« Erraiak lehertuz | Azken afaria »
Txalorik ez, arren / Harkaitz Cano / Edo!, 2014
Applause Estitxu Martinez / argia.eus, 2014-03-31
Txaloetan murgilduta eman dut arratsaldea eta ni ere belarriko karraska hura sumatzen hasi naizela esango nuke. Baina ez da gogaikarria, ez liburuxka amaitu eta horren inguruan idazten hasteko gai naizen bitartean.
Dio Harkaitzek diola Steven Spilbergek filma amaitu ondoren, azken klimaxaren ostean, beharrezkoa dela lasaialdi bat; malkoak lehortzeko denbora, istorioa biribiltzeko denbora, errealitatera itzultzeko denbora… eta txaloek dramatik distantziatu egiten gaituztela. Antzeko zerbait gertatzen zait liburuekin, liburua ixteak barneratu dudan, nauen mundutik bortitzegi askatzen nauela. Horregatik, poliki egin behar dut, denbora behar dut sofan geldirik geratzeak gorputzean sarrarazi didan hotza saihestearren besaperaino dudan (besoak nonbaitetik atera behar baitira) mantaren artean nagia pixkanaka astintzeko, ingurura begiratu eta letra ez den oro enfokatzen hasteko… eta eskuekin txalotu ez arren, nire betazalek halako txalo zaparrada egin behar dute lehor geratzen hasiak ziren begiak bustitzeko. Ez dut liburuak irakurri ostean oholtza-lanak amaitu ostean bezala txalotzen eta oraingoz ez dut liburu bat amaitu eta gero txalotzen duen inor ezagutu, nahiz eta idatziko lukeen oro (horrelako batek idatzita baino ez bailuke emango) interesgarri suertatuko zitzaidan.
Oholtzaratutakoak, aldiz, beti txalotzen ditut. Askotan kamuflaje teknika gisa erabiltzen dut txaloa, ondokoek “ez zara txalotzen ari” begiradapean ez sentitzearren. “Koldarkeria da txalo egitera bultzatzen zaituena eta ez esker ona” azaltzen du Harkaitzek. Orduan, euritakoa eskuan eta eskularruekin edo antzoki sarreran hartutako eskuorriarekin txalotzeari ekiten diot, entzun ere ez direla egingo pentsatzen dudan bitartean.
Gogoratzen naiz, ordea, Pariseko metroan jotzen ari zen saxojolea txalotu nuen hartaz. Bakarra izan nintzen, baten bat ez baitzen saxojolea metroan gurekin zetorrela ere ohartu. Txaloen arrazoi, bidaietan denetatik disfrutatze horren ondorio izan liteke, edo bestelako bidaiariei zapatak ez jaurtitzearren, ez ote zuen ba gizon horrek txanponez gain, txalorik merezi? Baliteke oholtza gainean eta duela hilabete erositako txartela eskuan edukita, metroak zihoazen horiek gizon hura txalotu izana, txaloak ez baitira inoiz objektiboegiak. Harkaitzek liburuan aipatzen du askotan sortzailearen izena dela txalotzen dena: liburuek darmaten fajak, ahoz aho dabiltzaten izenburuak… Sortzaile batzuek txaloak beti eramango dituzte haiekin, baliteke beti euren lanei txalo egitea, baina baita txalo enlatatuak bilakatzea, inoiz ez jakitea benetazko txaloak ote diren. Baliteke txalo horiek hasierako txaloen ohiartzunak baino ez izatea. Baina azken batean, txaloak dira arrakastaren ikur, eta idazle honek jasotako txaloengatik ez balitz, agian ez legoke liburu hau nire esku artean.
Harkaitz Canoren azken liburua irakurtzeko gaurko arratsalde bat oparitu diot neure buruari. (Maite ditut igande antza duten astelehenak, maite, dena merezi dudala sinesteko aitzakia milaka betebeharren artean topatzen ditudanean). Harkaitzek Artium museoan erakusgai zegoen Antoni Muntadas kataluniarraren bideo montajearen inguruan egindako hitzalditik abiatuta EDO argitaletxearen eskutik egindako saiakera laburra da. Txaloaren sindromeaz mintzatzen da, txaloak dituen konnotazioetan arakatzen du berezko duen ironia kutsuarekin. Merienda goxoa, gauza asko egin behar eta egiten ez diren arratsalde baterako.
Hau da hitz zaparrada, liburua itxi eta distantzia gehiegi hartu gabe hitzez hitz txalotu nahi dudana.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta