« Animalia eta gizakia | Applause »
Erraiak / Danele Sarriugarte / Elkar, 2014
Erraiak lehertuz Iraitz Urkulo / Berton, 2014-03-30
Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989) XV. Igartza saria irabazitako Erraiak izenburua daraman bere lehen liburua argitaratu du: 30 urte betetzeko bidean den izenik gabeko emakume protagonistak Z mutil lagunarekiko haustura sentimentala dela eta abiatzen duen bakarrizketa luzea. Gertakari hori aitzakia hartuta, gogoa iraganera zuzendu eta era askotako harreman pertsonalen inguruan hausnartuko du: bikote harremanak, noizbehinkako sexu harremanak, familia harremanak zein lagun artekoak… Horixe da, funtsean, Erraiak eleberriaren argumentua.
Trama gorabehera, forman datza idazlearen proposamen ausart bezain berritzailea. Niaren diskurtsoan erabat murgildurik, narrazioaz lehenengo pertsonan arduratzen den protagonista narratzaileak kontaketa ez-lineal bati ekiten dio; hau da, lanak egitura zatikatua izanik, kapituluak atzera eta aurrerako denbora-jauzien arabera txandaka antolatuta ageri dira.
Gorputz-sentsazioetatik abiatutako diskurtsoa, narrazio emozionala eta kontaketa objektiboagoa modu ezin eraginkorragoan uztartuz, emaitza benetan berezia lortzen du Sarriugartek, irakurleoi unibertso oso pertsonal baten ikuspegi originala, aberatsa eta, aldi berean, gordina (edo guztiz naturala, liburua eskuetan nork duen) eskainiz. Narrazioak pertsonaia nagusiaren pentsamenduzko deriba kontrolatu nolabaitekoan egiten du aurrera; neurosi-krisi betean ere, hitz-jarioa sekula eten gabe; ezarritako lotura bitxien bitartez, sentipen, gertaera, garai edo gai batetik bestera igaroz.
Idazle berri honen idazkerari pasioak gainezka egiten dio, baina goxotasunik gabekoa, hainbesteraino non inori tarteka bortitza ere irudi diezaiokeen. Pasioari erritmo bizia lotzen zaio, besteak beste, darabilen puntuazio sistema minimalistaren ondorioz. Zalantza dut, bestalde, kontaketak hasiera-hasieratik tentsio maila gorenari eustearena ez ote den hautu arriskutsuegia, gauza jakina baita intentsitatea, testuan zehar aldatu eta, hortaz, irakurleari noizbehinka atseden hartzen utzi ezean, kaltegarria izan daitekeela.
Sarriugarteren berezko estiloa darabiltzan euskaran eta sintaxi aberatsean islatzen da batez ere. Pertsonaiaren azalpen guztiak xehetasunetan oinarrituta eraiki direnez, zinez eskertzekoa da idazleak, adierazkortasuna eta espontaneotasun neurtua xede, une bakoitzerako hitz eta esaldi-egitura egokiena txertatzeko ahalegina egin izana. Aitzitik, irakurleoi eskura jartzen digun mimoz aukeratutako lexiko zabal eta zehatz horrekin, esaldien ezohiko luzerarekin bezalaxe, autoreak arrisku handia hartzen du. Esaterako, esaldi asko korapilatsu xamarrak suertatzen dira eta bigarren irakurketa bat behartzen dute maiz; deskribapen zorrotzegiek, bestetik, irakurlearen parte-hartzeari ateak ixten dizkiote. Zailtasuna da, era berean, testu osoa busti duten kultura garaikideko musika eta literatura erreferentzia ugariei lepora lekiekeen akats bakarra; nahiz eta kasu honetan, kutsu intelektualeko testuartekotasuna, oztopo baino gehiago, istorioaren aberasgarri den, nire iritziz.
Eleberriak badu, amaieran, beste berezitasun bat: oharren atala. Aitor dezadan sekulako amorrua ematen didala fikziozko obra batean oharrak topatzeak, onenean irakurle gisa nire interpretazioa bideratu/mugatzeko ahalegina iruditzen zaidalako; okerrenean, aldiz, horien bidez idazlearen egoarekin zerikusi handiagoa izan ohi duten azalpenekin irakurketa kutsatzen/hondatzen dutelako, horretarako baimenik eskatu gabe sikiera. Hau esan eta gero, egiari zor, gehitu dezadan Erraiak-en oharrei funtzio berri bat egokitzen zaiela, aurreko bien erabat ezberdina den funtzio ludikoa alegia, oharren inguruko iritzia birpentsatzera eraman nauena. Narratzailea bera da oharrak kudeatu eta, testu nagusitik kanpo, fikziozko diskurtsoari formatu berri horretan jarraipen ematen diena. Ez edonolako jarraipena gainera, ohar gehienak protagonistaren baitako barne-borrokak eragindako inkoherentziak salatu, interpretazio alternatiboak eskaini eta, oro har, gertakari jakinen gaineko informazioa osatzera baitatoz.
Inori sexu esplizitua, alkohola edo neurosiak jotako pertsonaiaren mamuak bezalako gaiak errepikatzearen errepikatzeaz, irakurketa astunegia egingo zaio agian. Nik, aldiz, gertaeren gainetik protagonistaren karakterizazio bikaina eta istorioan zeharreko bilakaera nabarmenduko nituzke. Izan ere, konplexutasun handiko eta ñabardura askotako izaera baten jabe irudikatu du Sarriugartek. Inkoherentea, zalantzatia, dramatikoa, patetikoa eta xelebrea batzuetan, baina erabakimen handikoa eta zintzoa beste hainbatetan. Inoiz xalotasunez jokatu arren, onbera xamarra ez dena, ezta gaiztoegia ere. Ironia finez eta umore garratz oso partikular batekin eraso egiteko gai izanda, ez du biluzteko lotsarik agertu eta ahuleziak agerian uzteko beldur. Aitzitik, inguruarekiko eta bere buruarekiko jarrera kritiko sendoa erakusten du, hori dela ziurrenik haren ezaugarririk nabarmenena. Bestela adierazita, fikzioa arautzen duen egiantzaren legearen arabera, pertsonaia erreala sortu du autoreak. Horretan datza, hain zuzen, irakurleongan haserrea, barrea, hunkipena, nazka eta, batez ere, enpatia eragiteko sekretua.
Erraiak eleberria, horretarako asmorik gabe ziurrenik, Y belaunaldiaren lekukotzatzat jo daiteke. Ez baitira alferrik, modu zuzenean zein zeharkakoan, 1985-1990 urte bitartean jaiotako euskal gazteen egungo giroa, egoera sozioekonomikoa, aisialdia, mundu ikuskera, harremanak… islatzen. Ikuspegi hori feminista eta, hortaz, inguratzen duen errealitatearekiko kritikoa, subertsiboa eta, garrantzitsuena dena, eraikitzailea ere bada. Esaterako, bikote harremanak botere norgehiagokekin parekaturik, protagonistaren diskurtsoak genero-rol tradizionalak ezbaian jartzeko ahalmena erakusten du.
Danele Sarriugarteren lehen liburua esku artean lehertzen zaigu; egileak, euskal literaturaren plazara sartzeko, aurretik ibili gabeko bide ausart eta berri bat urratu eta gogoz zapaldu duelako seinale. Izan ere, Erraiak lanak kanpoko zein barneko munduak ñabardura txikienetaraino hautemateko eta, horiek baliatuta, ahots oso pertsonal batez eta estilo bortitz eta zorrotzez, baina sentsibilitate harrigarriz aldi berean, literatura sortzeko dohain paregabea duen idazle berri bat ezagutarazten digu.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi