kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Frankenstein / Mary Shelley (Iñigo Errasti) / Erein-Igela, 2013

Onak gara berez? Alex Gurrutxaga / Berria, 2014-03-23

Mary Shelleyren nobela irakurri duenak badaki munstroa ez dela Frankenstein. Frankenstein, munstroa moldatu eta biziarazi duen doktorea dela. Halere, Frankenstein baino itsusiagoa! esaten da”. Joseba Sarrionandiaren hitzak dira, eta ematen dute pistaren bat jakiteko Mary Shelleyren nobela nola egin den ezagun. Askok ez du nobela irakurri, baina gehienok ezagutzen dugu istorioa; beldurrezko nobela da, zientzialari ero bati eta berak sortutako izakiari buruzkoa. Akaso horretan dago testuaren erakargarritasun nagusia, baina istorio izugarri bat baino gehiago da Frankenstein.

Iñigo Errastik ekarri du euskarara, eta itzulpenak ez du tatxarik: lortutako baliokidetzaz gain, ematen du estiloa ederki harrapatu duela. Horretaz aparte, matizazio bana egin daiteke. Errastik ez du esaten itzulpena zergatik den nobelaren 1931ko edizioarena, eta ez 1918ko lehenbizikoarena. Ez da, jakina, hautu okerra, baina liburuari hitzaurrea egiten hasita, itxura da aukeraketa arrazoitzea, are gehiago kasu honetan, edizioen arteko desberdintasunak kontuan izanda.

Literaturari hertsiki helduz, beste matizazio bat. Errastik aurkezpenean esan zuenez, Frankenstein “ez da berez nobela gotiko puru bat, nahiz eta halakotzat jo izan den”. Nobela gotikotzat jo dute adituek, eta horretan nago neu ere. Egia da, halere, nobela erromantikotzat ere hartzekoa dela; horren adierazle dira, besteak beste, norbanakoaren garrantzia, naturaren eta barne-bizitzaren lotura eta kulpari buruzko gogoetak. Baina erromantizismoa ez zaio gotikoari kontrajartzen.

Edonola ere, Errastik zantzututakoaren bidetik, interesgarria da ohartzea gotikoa egiteko moduan dagoela nobelaren berritasun nagusietako bat. Alde batetik, gotikoaren motibo petoak daude —iluntasuna, piztia, paisaia izugarriak, eta abar— eta beldurra eragin nahi da. Gainera, gibeleko ideietan ere hor dago gotikoa: sublime edo izugarriaren edertasuna, onaren eta gaizkiaren arteko dualismoa, edo protagonistaren nahia bere izatea gainditzen duena ulertzeko. Berritasuna dakarrena da Shelleyk ezabatu egiten dituela gotikoan ohikoak ziren osagai magiko eta naturaz gaindikoak. Kontuan izan behar da doktoreak zientzian, arrazoian eta jakintzan oinarrituz sortzen duela munstroa. Horrek dialektika berritzailea dakar literaturara, Ilustrazioak planteatu zituen ideien inguruan jokatzen dena: aurrerapenaren eta zientziaren mugei buruzko eztabaida hain zuzen.

Beste interesgune nagusietako bat munstroaren izaeratik eratortzen da. Zientzialaria, Prometeo moderno hori, “buztin bizigabeari arnasa harrarazi” orduko damutu egiten da. Piztia, berriz, ona da sortzez, baina Paradisua ukatua zaio, jendarteak baztertu egiten du, eta bakardade horrek gaiztotzen du; honela dio berak: “Denean dakusat poztasuna, eta neuk bakarrik dut, halabeharrez, poz hori galarazia. Onbera eta zintzoa nintzen; zorigaitzak bihurtu nau deabru”. Ilustrazioaren ondorengo filosofiaren kezka nagusietakoak dira pertsonaren berezko izatea eta norbanakoaren eta jendartearen arteko tentsioa, eta Shelleyk lerro artera ekartzen ditu bere garaiko eztabaida nagusiok —eta, bereziki, Rousseauren ideiak—.

Badakigu istorioa zein den, printzipioz. Alabaina, irakurketa ezinbestekorik bada, Frankenstein horietakoa da. Beldurrezko istorio gozagarri bat baino gehiago da: Mendebaldearen historia modernoan oinarrizkoa den dialektika gorpuzten du nobelak literatur maila nabarmenarekin. Onak gara berez?

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak