kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013

Giza-misterioen erraietatik Iraitz Urkulo / Berton, 2013-12-08

Uxue Alberdiren Euli-giro liburu berriko bederatzi ipuinak irakurri ahala, ezin izan diot eutsi 2007an autorearen ibilbide literarioari hasiera eman zion Aulki bat elurretan harekin konparatzeko bultzadari. Alberdiren bereizgarritzat jo daitezkeen hainbat ezaugarrik hor diraute, beste zenbaitek lausotuta edo aldaturik antzematen diren bitartean. Esaterako, idazleak erritmo arin eta molde irakurterraz eta atseginaren alde egiten jarraitzen badu ere, oraingo istorioak, hizkera zehatzagoa baliaturik, estilo biluziago batean emanak dira. Antzeko zerbait nabari da lehen obran gainezka egiten zuen emozioarekin, metafora eta, batez ere, dena busti zuen lirismoarekin oso lotuta zegoena; baliabide hauei mugak ezarri nahi izan dizkiola dirudi, askoz neurritsuago jokatuz haien erabileran. Inork ez dezala pentsa, ordea, Alberdik diskurtsoaren esperimentazioari ateak erabat itxi dizkionik, izan ere, une jakinetan garai bateko izaera jolastia berreskuratuz, egitura metadiegetikoekin eta autofikzioaren inguruan ironizatzera ere ausartzen den narratzaile batekin egiten baitugu topo.

Aulki bat elurretan-en gairik tragikoenak edertasun bare eta goxo batez islatzetik itsuskeria laztantzera eta honi etekin estetiko handia ateratzera igaro da Euli-giro-n. Horretarako, emozioetatik abiatu da, hauek ez hain agerian, lehen planora ekarri gabe, lausoago (baina, halere, eraginkor) eskaintzen bazaizkigu ere. 6 urte hauetan, bestalde, Uxue Alberdiren narrazioek sakontasuna irabazi dute, hau da, obra berria irakurleok hausnartzera gonbidatzen gaituen literatura burutsuago bat, interpretazio-maila ezberdinekin, proposatzera baitator. Azkenik, bada lehen lan haren eta Euli-giro-ren arteko alde nabarmen bat: giroa. Aulki bat elurretan-en alderdi hau baldin bazen narrazioetako abiapuntu eta erdigune, azken liburu honetan argumentua laguntzeko funtzioa egokitu zaio. Horrela, objektibotasuna eta emozionaltasunaren arteko oreka betea gorde duten deskribapenetatik ez bada, zuzenean gertaeretatik edo pertsonaien elkarrizketetatik eratortzen den funtsezko osagai bihurtu da giroa.

Alberdi modu trebean nahastu ditu errealitatea eta fantasia bederatzi narrazioetan, errealismo magikoa edo surrealismoaren ukituaz lagundurik, jolas intertestualaren eskutik zenbaitetan. Istorioen oinarrian, gizakiaren baitako zein bere ingurukoekiko gatazkei eragiten dien misterioa dago. Eta lan osoa hartzen duen iluntasun moduko bat, Alberdirengan sekula ikusi gabea; obsesio baten antzera, irakurleoi pertsonaien beraien ezinegona kutsatuko diguna. Oroz gain, idazleak ederki kudeatzen asmatu duen tentsio narratiboa, istorioen arrakastaren arrazoi nagusia dena, zalantzarik gabe, tentsio hau nahasmen sentsazioa, umore beltza eta jadanik ohituak gaituen hunkitzerainoko sentiberatasun berezia bezalako osagaiekin uztartzeko erakusten duen dohainarekin batera. Izan ere, autore honen sorkuntzan transzendentzia eta anekdotaren arteko trantsizioa xehetasun sotilen esku dago maiz. Areago, esan dezakegu Alberdiren narrazioak detaile txiki anitzen segida direla. Bestetik, berea ñabardura askotako idazkera da: esaldi bakar batean, tonu dramatikoa umore absurdo ukitu batez arintzea lortzen du, giroa dexente goxotuz, xamurrago bihurtuz istant batean; ordura arte tentsioari eusten genion irakurleoi irribarrea ateraz.

Egituraren aldetik, argumentuen ezohikoak hasieratik bertatik gure interesa pizten badu ere, gehienetan ezinezkoa da azken momentura arte egoerari zentzu ematea, hain da zorrotza narratzailea eta, aldi berean, hain urria diskurtsoak eskaintzen duen informazioa. Hortaz, pertsonaien motibazioarekin batera, istorioen kokapena eta mamia ahalik eta denbora gehien ezkutuan mantentzea da ipuin hauen ezaugarririk nabarmenetakoa. Horrek, noski, amaierak iradokizun-eztanda bihurtzen ditu, non interpretazioa irakurleon esku, aukera ugaritara zabalik antzematen dugun. Azken batean, argumentu erakargarri, forma zaindu eta estrategia narratibo eraginkor baten arteko erabateko orekan datza ipuin hauen sekretua.

Narrazioetako protagonistak adin eta egoera arras ezberdinak bizi dituzten emakumeak dira, baina denak etxe barruko atmosfera astunak itotzen dituela agertzen zaizkigu. Aulki bat elurretan-en ez bezala, non pertsonaiak ekintzak eramanak ziren, oraingoak sakontasun psikologiko handiago baten jabe dira. Lehendabiziko aldiz, bestalde, beren bizitzaren kontrola hartzeko prest dauden protagonistak sortu ditu idazleak, perbertsio-puntu bat ere erakusten dutenak, askotan desira sexualarekin estu lotutako morboak lagundua dena. Horien gorputza (haurdun egonik edo gaixotasunak jota irudikatua dena, besteak beste), gainera, hitzen beharrik gabe erakusten duen adierazpen-indarra dela eta, diskurtsoaren osagarri bilakatzen da sarri. Oro har, protagonistengan nabarmentzen den alderdia izaera zintzoarena da, hau da, egunerokoan azaleratzen diren giza-ahuleziak agerian uzteko inolako kezkarik gabe jokatzen dute. Izan ere, pertsonaiekin egin bezala, irakurleoi dagokigunez ere Alberdik ederki daki gure baitako alderdi emozionalarekin konektatzen, lehen azal-geruza urratzen, argi-itzalen artean aurrera eginez, isilpeko misterioak gorde ditugun tokirainoko bidea egin arte.

Alberdiren literatura sorkuntzan bilakaera interesgarri baten lekuko izan naizelako sentipenarekin itxi dut liburua, aulkiekin gora eta behera zebiltzan Alberdi hura, oraingoa baino askoz xaloagoa zena eta formarekin esperimentatzeari garrantzi handiagoa ematen ziona, faltan bota ez ote dudan zalantzaz; baita, itxuraldatua bada ere, idazle honen berezko estiloaren xarmak hor dirauen ziurtasunarekin itxi ere.

“Unibertsitatean ez dizute ezer irakatsiko, bost axola zaie literatura. Ikusi duzu inoiz irakurtzen duen bitartean haserrea zainetara igotzen zaion irakaslerik? Poemak arbelean izkiriatzen izerditzen al da funtzionario horietako bakar bat ere? Ez dizute deusetarako balio. Gosea, bakardadea, sumina! Horra hor literaturaren hiru zutabe behinenak!”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak