« Mundu arrotza | Idazleen idazteko aholkuak »
Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013
Apustu orokor bat Aritz Galarraga / Deia, 2013-11-09
Aldaketa nabarmengarriak igarri uste ditut Uxue Alberdiren lehen ipuin liburu Aulki bat elurretan hartatik (Elkar, 2007) berriki argitaratu duen bigarren Euli-giro honetara. Lehenik eta behin, ez estriktoki literarioak, nahiz inzidentzia zuzena duten halaber literatur emaitzan. Estreinako ipuin sortak idazle gazteentzako VIII. Igartza Saria irabazi bazuen —eta, ondorioz, denbora erosteko diru bat, baina era berean idazketa epe mugatua—, atera berriak ez omen du izan gisa bereko pribilegio-hersturarik —ipuinak idatzi ahala joan omen da sorta osatzen, elkarrizketa batean irakurri ahal izan dugunez—. Sariketa ko-antolatzen duen argitaletxearekin atera ordez, gainera, bestelako babesa hartu dute Alberdiren ipuinek oraingoan.
Baina guztietan inportanteenak dira, esan gabe doa, literaturari hertsiki lotutako aldaketak. 2007. urrun hartan, Aulki bat elurretan iruzkintzea egokitu zitzaidanean, bi kontakizun mota desberdindu nizkion: batetik, akzio huts-hutsa baino, narrazioaren alde plastikoa, alde formala nabarmentzen zutenak zeuden, irudi eta deskribapen oparoek lagundurikoak; eta bestetik, ipuin narratiboagoak aurkitu ahal genituen, aurreko taldekoengandik bereiz, istorioari ematen ziotenak protagonismoa, formari hainbeste erreparatu gabe. Euli-giro honetan bietatik zer bide garatu den esan beharko bagenu, zalantzarik gabe Alberdik bigarrenetik jotzea erabaki duela esango genuke; erabaki interesgarria, nire uste makalean.
Izan ere, eta nahiz eta errealismo magikoa eta surrealismoa aipatu izan diren liburuari buruzko prentsa-testuetan —tira, Arregitarrak eta Brinkola ere aipatu izan dira—, ipuin erabat errealistak begitandu zaizkit niri; euliek baserri bat hamarnaka, ehunka, milaka hartzeak ukitu fantastiko bat izan dezakeen arren; senarraren heriotza gainditu ez duen emakume baten animalizazio prozesua gorabehera. Iluntasun tanta batekin hemen, nahasmendu puntu batekin han. Eta bereziki kitzikagarria iruditu zait ipuin batzuek lortzen duten giro inkietante hori, liburua irekitzen duenak, esate batera, edota Kamera estenopeikoa izenekoak. Pena daukat giro hori liburu osoan zabaldu ez izana edo, azken buruan, zabaltzea erdietsi ez izana. Beste liburu batez ariko ginateke hitz egiten orduan, oso kontuan hartzekoa, segur aski. Alde horretatik, bildumako alerik aipagarrienak egin zaizkit Opariak edota Dena ez dago gure esku bezalako ipuinak, giro onbera eta laino bat planteatzeaz urruti, zikinkeria, lokatza, azken batean ur-uherra azaleratzen dutenak, dela familia tradizional eta ezin korrektoago baten testuinguruan, dela bikote baten haur bilaketa erabat obsesiboan. Eta berriz diot domaia dela egiteko modu hori liburua osatzen duten bederatzi ipuinetara zabalduta ezin ikustea; eta batez ere ipuin pare batek, bildumaren erdi aldera, bereziki besteen artean hain nabarmen desentonatzea.
Horiek horrela, ordea, iruditzen zait apustu bat egin duela Uxue Alberdik. Apustu orokor bat, aldaketa batzuk edo, nahiago bada, erabaki hartze batzuk inplikatu dituena eta, noski, ondorioz, emaitza batzuk. Esan dezagun emaitza literarioa ez dela izan bete-betea, ipuin txukunak konbinatzen dituela zuzen batzuekin, nahiz gaizki ematen duten pare batekin. Baina apustu gisa eskergarria iruditu zaidala, besteren gainetik, Euli-giro ipuin liburua.
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Asier Urkiza
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Nagore Fernandez
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Paloma Rodriguez-Miñambres
Landura
Jose Luis Otamendi
Mikel Asurmendi
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez