kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Kantu eta olerkiak / Eñaut Etxamendi / Maiatz, 2013

Garai garratzak Igor Estankona / Argia, 2013-11-10

Garai gozoak ere bai. Lucien Etxezaharretak, aitzin solasean, ospatu egiten du bizitzaren aurpegi bikoitza. Izan Etxamendiren abesti-letrak, izan prosa zein olerkia, “dena poesia dela bere obran argi da: poesiaren hatsak, hobeki erran haizeak betetzen du, eta poesia kantu zela hasieratik azpimarratzen da edonon”. Liburuak badauka epilogo bat, aski interesgarria, abesti eta poema bakoitza kokatzen laguntzen diguna historiaren eta idazlearen biografiaren argitan. Gehitu dira esku izkribu batzuk ere, bere “idazkera eder eta biziaren dastatzeko”. Azkenik, diskoa dator liburuarekin. Oilo-larrua jartzeko moduko antologia bat, Etxamendi eta Larralderena (Elkar, 1998).

Bere herriaren minberatasunaz, desagertze arriskuaz, apurketa ezinbestekoaz jabetu zirenen urgentzia lirikoa ageri da Ezterenzubiko laborari sentiberari Maiatzek eskaini dion seigarren liburuki honetan. Bihotzera iritsi zaizkigu beste behin Auroraren egilearen primaderak, nafarroi oraindik iritsi ez zaizkigunak. Magikoak dira hitzetako asko, 2012an joan zitzaigun Etxamendiren herrikide, izenkide eta kintoa izan zen aipatutako Eñaut Larralderekin kantatuak. Carrero Blancoren hilketa aringarriaren inguruan egindako “Yup la la!” himno bihurtu zen, esate baterako. Beraz, pentsa dezake batek baino gehiagok, Etxamendirena musika eta literatura bezainbeste izan zen soziologia fenomenoa. Eta egia da, bulkada eman baitzion belaunaldi hark iraultzari, berrogeita hamargarren hamarkadako gurebeat formalak ziren, apurka-apurka iratzarri zirenak hegoaldeko derrotatik eta iparraldeko anestesiatik.

Dena dela, liburu hau eskuetan ohartuko da irakurlea lozorroan zegoen diskurtso bati egokitu zitzaiola tonu bat, erromantikoa oso, apaindura gutxikoa baina ederra, serioa baina bitalista. Itxaro Bordak aipatzen duen zinezko poesia kantatua aurkituko duzu liburu honetan, minbera, malenkoniatsua, uneka epikoa: “Gure gudarien auzia / Munduan dagon argia / Orhoitzpenez josia / Dezute Euskal jendia / Euskal jende guzia eta / Zarete gure guardia”. Poeta adoretu horrek berorrek Euskal Herriari kantatzen dio modu barnekoiagoan, oinaze politikoa eta pertsonala nahasian: “Orbaizetako menditan geroztikan banabil amentsetan”. Amets bat da, izan ere, Etxamendirena, oraindik iratzarri ez dena, gizakiena eta naturarena. Mundua kantuz aldatu daitekeela uste dutenen argitasuna dauka, eta baita deskripziorako eta sustraitutako lirikarako joera. Konbinazio horretatik jaio dira hitz hauek guztiak, bihotzean min antzeko bat ematen dutenak.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak