kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Genero-ariketak / askoren artean / Edo!, 2013

Ez da normala Danele Sarriugarte / Deia, 2013-10-26

Kritika hau ez da kritika normal bat, ezin du izan, liburu hau berau ez baita liburu normal bat, ezpada gure jendartea markatuko duen mugarri bat. Txoko honetan estreina idazten dudan egunerako, beraz, ezinezkoa zitzaidan liburu hau ez zen beste edozein obra aukeratzea, jakin badakidan arren aise egoki diezadaketela autobonbolariaren etiketa, hain eskarlata gurean; izan ere, (#NorbaitekEsanBeharZuenHortazHobeNikEgitea) nik neuk euskaratu dut Judith Butlerren artikulu bat bildumarako. Hala ere ez dut uste eremu labainean nabilenik hemen, nire ekarpena mugatua eta partikularra izan zelako eta liburua ia osatuta zegoelarik egin nuelako.

Hori argi utzita, berriz diot: liburu hau ez da normala, eta esamolde jakin hori erabili nahi dut, hori baita zenbait alorretan askatasuna hertsatzeko erabiltzen den arma eraginkorrenetako haatik ezin sotilagoetako bat, bigarren pertsonan adierazita: zu ez zara normala; zenbat aldiz izan da iltzatua liburuak akorduan dituen ikusezinen azaletan? Ez, liburu hau ez da normala, bazen garaia. Gure herriko tradizio feministaren indarra antzemanezina zen euskarazko apalategietan, eta Genero-ariketak gabezia hori estaltzeko urrats bat da. Isa Castillo Etxano eta Iratxe Retolaza apailatzaileek liburuko atalen antolamenduan hiru pausotako bilakaera irudikatu nahi izan dute, teoria feministak zergatik eta zertarako sortu diren ulertzeko ezinbestekoa: gorputza, ispilua, pentsamendua.

Hasteko, hor dago gorputz ez-normala, ez-onargarria, ez-younameit, guk geuk markatutako muga zurrunen kontra bizitzen saiatzen, liburuan islatuta: superwoman lirain eta gizon alfen eredu ideala (eta faltsua) zorrozki eraitsia (Virginie Despentes); gela bat norberarena lortzeko borroka, eta ohartarazpena, zulo fisikoa bezain garrantzizkoa baita buru barruan gordetzea norberarentzat espazio aske bat, besteei orduka baino aloka ez dakiekeena (Itziar Ziga), drag king tailerren bitartez gorputza eraldatzearen iraultza (Ainhoa Güemes).

Hor dago ispilua, gero, errepresentazioaren ikurretan ikur, geure gorputzaz pentsatzeko haurtzaroan igarotako lehenengo ate: posizio ikusezinenak feminismoaren subjektuan txertatzearen garrantzia —bereziki argigarria putaren posizioaz egiten den zehaztapena— (Medeak); gizon-emakume dualismoa leherrarazteko oihua (manifestu transfeminista); komunen arkitektura desnaturalizatua (Beatriz Preciado); frankismo garaiko kasuen berreskuratzea (Raquel (Lucas) Platero).

Hor dago pentsamendua, senti eta nabaritutakoak analizatzeko lanabes: gorputz politiko feministen bideak (Mari Luz Esteban), queer teorien sorrera-testuingurua (Javier Sáez), queer pentsamenduaren hastapenak (Judith Butler).

Hor dago hori dena, eta askoz gehiago, orri-arte hau erreminta-kutxa bat baita, iradokitzen dizkigun ideiek gure etorkizuneko eztabaidak elikatuko dituzten heinean. Hizkuntzaren aldetik ere bada baliabide-emaile, bukaeran glosategi bat osatu baitu Amaia Alvarez Uriak, dagoeneko ari dena fruituak ematen (Kattalin Minerren proposamena: queer=zernahi). Ez, liburu hau ez da liburu normal bat. Bada, ordea, irakurgai hausnarrarazle barne-kontraesan-azaleratzaile ezin aproposago bat, guztiok garen zera ez-normal horientzat.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak