kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Bide batez esanda / Mikel Ibarguren / Utriusque Vasconiae, 2013

Bide batez esanda Mikel Asurmendi / Berria, 2013-10-27

Espetxean abiatu zuen bidaia poetikoa. Hemen gauak lau ertz ditu, adierazi zigun handik. Hitzak zorrozten jardun zuen gauen esturan. Deserriko karrikak ibili zituen gero eta bidezkoa poesia bihurtu. Artean, ez zen bete-beteko poeta. Ahapeka mintzatu zen Ahapetik-en, bestelako ahots-gailu baten xerka. Bere mintzoa ez zen karriketako oihartzun ozena bilakatu haatik. Joan da negua-rekin kalera irten zen berriz ere. Bere emozioak helarazi zizkigun, batzuetan bero bestetan hotz.

Iraganeko bide galduetatik heldu zaigu orain, Bide batez esanda dakar —eta dator—. Mundua poesiaren bidez aldatu nahian segitzen du, bera eta bere burua kontra ditu ordea. Zu bati mintzo zaio: zu hori maitea, bere burua eta bere herria izaki. Bizi duen jendarteari mintzo zaio.

Bidean galduak garela dio, ez da bakarrik heldu beraz. Lasterbideak arriskutsuak direla ikasi du. Bidezkoa ez dena baztertu nahi du, bidegabekeriak salatu. Bide berrietan bidelagun berriak xerkatzen ditu, gure bidean bidegabea ez dela inora iristen jakitun.

Bere bidea maitasunezko eskaintza politikoa da. Historiaren bidegurutzean dakusa bere burua, jendartea ikusi ere. Eta bide galduetan dabilela ohartu arren, nahiago du bidean galdua ibili, bidetik kanpo baino. “Zuk ez dakit baina nik nire bidea aurkitu dudala uste dut” diotso poetak bere buruari. Mikel Ibarguren “kaleetan zehar neguko eguzkitan lanera doan gizon bakartia” izateaz gain “ezerezaren aitzinean eztitzen den izaki hauskorra da”.

Bidea aurkitu duelakoan nago, bete-betean aurkitu ere. Ondo-ondoan ditu bere ni-a, maitea eta herria. Argia aurkitu du. Ihes betean doa, baina inora heltzeko asmorik gabe. Behiala, zorroztearen zorrozteaz, kamusten zitzaizkion hitzak, hitz sotilak bihurtu ditu poetak egun: “Maite zaitut” dioenean “maite zaitut” erran nahi du.

Behinola, Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuaren karietara idatzi nituenak balio zaizkit Ibarguren poeta definitzeko: “Sarrionandiaren poesiaren ezaugarri behinena, autoreak eguneroko hizkuntzaz izkiriatzeko daukan talentua da. Poemok eguneroko berba arruntez irundako oihalak dira. Ez dira ezeren bandera, bizitzarena baizen. Humanoak dira oso, ziegako zoldaz —eta kaleko lohiaz— izkiriatuak. Bere poesia ez da xedea, mundua eraldatzeko modua baizik”.

Bide batez esanda gure meteorologia politikoari (Meteorologia politikoa poema lekuko) eite hartzeko metafora bikaina da. Metaforaz betetako bidea, botila legez: odolaren mintzoa kario ordaintzen da gure bideetan, baina orain gerran ez gaudela ziurtatzeko bakeak egin behar ei ditugu.

Hori guztia badakigu, baina —poetak gaztigatu digunez— mundua ez dago gure zain, gu ei gara letra txikiz mundua idazten duguna. Poetak ulertu du zer den bidez kanpo ibiltzea. Ikasi du saihetsezina dela gureak ez diren beste bideetatik ibiltzea, gure egitekoak saihestezinak diren legez. Alta, aurreratzeko lagungarria litzaiguke arrazoia ere irabaztea.

Poetak xaloki erranak neure egin ditut: inork ez zigun esan erraza izango zenik, baina idazten jarraitzeko arrazoi poetikoak daude oraindik ere. Literatura ez dela literatura ikasi dugu, nola dena denona den eta ezer ez inorena. Ez gara guk uste duguna, besteek gutaz diotena baizik. Balizko porrotak galtzaile egin gaitu, baina ez dugu garaipena iritsi arteko bakerik izango. Gure gogoak ez du itsasorik besteen esperantzentzat, baina badago beste planeta bat, non izarren hautsez egina den. Egunero hasten delako bukatzen da egunero eguna.

Bide batez esanda, zer gehiago eska daiteke?

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak