kritiken hemeroteka

8.698 kritika

« | »

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe / Susa, 2013

Maskarak Garazi Goia / Gaur8, 2013-05-18

Katixa Agirrek idatzi zidan duela hilabete ea tarte honetan erreleboa hartuko ote nion galdetuz. Proposamenarengatik eskerrak emanez, bere azken idatzietako bati jarraipena eginez estreinatuko naiz. Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” liburuaz ari zen eta bi esaldirekin gelditu nintzen: “Zertarako behar dugu fikzioa, gure bizitza amorfoei forma txukunagoa emateko ez bada?”, eta bere burua ezagutzeko maskara bat jantzi duen emakume bat ezagutu nahi bagenuen (eta, bide batez, maskara horren bitartez gure bizitza hobeto ezagutu), Meaberen liburua gomendatzen zuen.

Irakurri dut liburua eta hunkitu nau, harrapatu nau, gozatu dut. Baina, nire iritzia eman aurretik, hainbestetan Meabek entzun beharra izango zuen galderari heldu nahi diot: autobiografia al da? Eta, galdera berdinaren aurrean sarritan aurkitu diren eta benetan miresten ditudan bi idazle aipatu nahiko nituzke: Jeanette Winterson eta Marie Darrieussecq.

Jeanette Wintersonek Oranges are not the only fruit liburua argitaratu zuenetik, bere bizitza pribatuan sartzeko kritikari eta kazetariek egin dituzten saiakera nabarmenak ikusi ditugu, galdera bera eginez. Fikzioa eta errealitatea nahasteko ezintasuna iradokitzen zuten baieztapen ahulak eginez. Eta, helburu garbi batekin; Wintersonen orientazio sexualak iradokitzen zuen morboa desestaltzea, liburuko protagonista den neska inozenteari maskara kentzearekin batera.

Wintersonek urteak eman ditu esanez, autobiografia izan gabe, bere bizitzako material gordina erabiltzeko modu bat dela. Idazleek bizi dituzten esperientziekin idatzietan zer egiten duten delako axola duena, eta ez esperientzia horiek zer-nolakoak izan diren. Jende askok sinplifikaziorako joera du, idazlea kontrolatzea lortuko dutela uste dutelako. Wintersonek behin baino gehiagotan esan duen esaldia datorkit gogora: “ezin dituzu mahats aleak atera ardo botila batetik”.

Marie Darrieussecquek Tom hil da nobela idatzi zuenean, plagioaz akusatu zuen Camille Laurens idazleak; bere Phillipe nobela autobiografikoan oinarrituta zegoela zioen. Ama baten ikuspegitik kontatzen da bietan seme baten heriotzaren istorioa, eta horrek daramatzan mina eta sufrimendua Darrieusecquek lortutako zehaztasunez transmititzea ezinezkoa zela zioen Laurensek, aurrez halako esperientziarik bizi izan gabe. Idazleak bere nobeletako protagonisten bizitzak osatzeko, esperientzia errealik demostratu beharrik ez zuela erantzun zion Darrieussecquek. Bestela, norbait erailtzea beharrezkoa al litzateke hiltzaile bat sortzeko?

Hala ere, bizi ez duzun sufrimenduaz estilo literario bat egitea ez dela zuzena zioen Laurensek. Baina, zergatik? Seme-alaben heriotzaz idaztea askorentzat tabua delako? Laurogeigarren hamarkadan Wintersonen lesbiana izatea bezala, ezta? Imajinazioa errealitatera mugatuko balitz, fikzioa ez zen existituko.

Biluzteko beldur ez diren maskaradun bi pertsona hobeto ezagutu ahal izateagatik bete nau Kristalezko begi bat liburuak. Horrez gain, hain da ederra Meabek egiten duen ariketa literarioa, hain zintzoa egiten duen diskurtsoa, estilo zuzena eta lotsarik gabea erabiliz. Irakurlearengan horrelako erreakzioak sortzeko gai den idatzi batean, zer axola dio narratzailea-protagonista-idazlea-alter egoa, nor den nor. Zer inporta dio fikzioa, autobiografia, auto-imitazioa edo autofikzioa den?

Azken kritikak

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak