kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe / Susa, 2013

Bizitza idazten Katixa Agirre / Gaur8, 2013-03-16

Orain dela pare bat urte, Londresen, emakume idazleen life writing delakoaren inguruko kongresu batean egon nintzen.Life writinga genero zabala da, eskuarki, norberaren bizitza gunetzat hartuta idazten den edozer gauza bil dezakeena: autobiografiak, memoriak, saiakera pertsonala, egunerokoak, testimonioak, gutunak, bidaia-liburuak, blogak… Esparru anglosaxoian aspaldi lortu zuen caché akademikoa, eta munduko hainbat unibertsitatetan life writinga ikertzeko zentroak egon badaude, kongresuak antolatzen dira eta errespetuz begiratzen zaie egile esanguratsuenei.

Orain dela bi urteko kongresuan, ordea, life writing hispanikoa hartu nahi zen aintzat, zor historiko bat kitatuz. Norberaren bizitzaz aritu al dira Espainia eta Latinoamerikako idazle emakumezkoak? Seguru baietz, arakatzea zen kontua. Letra hispanikoetan lurperatuta egon den generoa baita hau, nonbait. Hainbeste, ezen, Wikipedian begiratuz gero, ingelesezko artikulua baino ez dagoen. Generoa etiketa bakar baten pean biltzeko ardura hartu duten bakarrak omen dira.

Gaztelerazko izen baten faltan, oso interesgarria izan zen kongresua. Esparru horretako akademikoez gain, handik pasa ziren, besteak beste, Esther Tusquets zena eta Laura Freixas idazle katalana: kontatu zigunez urteak zeramatzan ez dakit zenbat hamarkadez jasotako psikoanalisi sesioen kontaketa egiten zuen diario sorta publikatu nahian. Editoreen desinteresa letra hispanikoetan generoaren prestigio ezari egozten zion Laura Freixasek. Baina nago psikoanalisiaren erreputazioak ere zerikusia izango zuela, ez dakit.

Googlen begiratu dut eta badirudi urte honetako maiatzean azkenean plazaratuko dela eguneroko horien lehenengo tomoa.

Hau guztia gogora ekarri dut nire eskuetan euskal letretan life writingari estatus berri bat emango dion liburua jausi delako. Ez da lehenengoa, baina bai inportanteena. Mugarri bat. Izana baduenez, izena jarri beharko genioke genero edo korronte berri honi, ezer baino lehen: “bizidazketa”?

Beste norbaitek asmatu dezala, arren, ni ez naiz batere ona lan hauetan.

Hau guztia gogora ekarri dut bere burua ezagutzeko maskara bat jantzi zuen emakume bat ezagutu dudalako. Gaur bertan izan dut etxean, tea eta pastak hartzen, eta ez dit utzi maskara azpian begiratzen. Bere liburua oparitu dit trukean, Kristalezko begi bat (Susa, 2013).

Izoztuta uzten zaituen lehenengo kapitulu labur batekin zabaltzen da Miren Agur Meaberen liburua: bere bizitza markatu duten galerak zerrendatuz, labur eta soil. Hagin bat erauzi behar dugunean hobe delako ahalik eta arinen egitea, zas!, min emango digula badakigun arren, badakigulako. Bigarren kapituluan 13 urterekin eta glaukomaren kausaz galdutako begiaz mintzatzen zaigu. Hirugarrenean, berriz, M. utzi duela kontatzen digu Miren Agurrek, eta ordutik sigi-saga dabilela, “mozkorren antzean; edo haztamuka, eskuak paretetan bermatuz, zorua hondoratzear balego lez”. Eta hortik aurrera maila ez da jaisten. Eta izoztuta jarraitzen dugu irakurtzen. Izoztuta edo kristal bihurtuta, hauskor.

Meaberen begia irakurriz, bati bururatzen zaio zertarako behar ote dugun fikzioa, ez bada gure bizitza amorfoari forma txukunago bat emateko. Baina bestela, behar dugun guztia gure inguruan dugu, inguruan pilatzen joaten zaigu urteen poderioz: minak, zahartzeak, dezepzioak, sorpresak, bizipozak, tsunamiak, hausturak eta ilusioak. Benetako bizitzak eskaintzen digun lehengaiarekin jokatzea da kontua. Nolakoak garen hoberen erakutsiko duen maskara egokienarekin asmatzea.

Bere burua ezagutzeko maskara bat jantzi zuen emakume bat ezagutu nahi baduzu, eta, bide batez, maskara horren bitartez zure maskara ere ezagutu nahi baduzu, irakur ezazu Kristalezko begi bat. Ausartzen bazara, jakina.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak