kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe / Susa, 2013

Kristalezko begi batek azaleratutakoak Miren Ibarluzea / bizkaie.biz, 2013-03-18

Neuk bere, Elena Lakak lez, lau orduan iruntsi dot Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat. Trenaren urtekereak eta aillegeukereak emon deustiez erreferentziak, irakurketeak berak denporea geldituarazo deustelako. Liburua iruntsi ostean mamurtzeko ordua dator, eta horretan nabil. Izan be, hainbeste dira azaleratutakoak…

Neuk bere, Hasier Etxeberriak lez, atzera be egin gura eta behar izan dot liburu-txangoa: hitzezko harribitxien eta perlen bila: bezatu, patari, kalipu, kibaldu, artagabe, damisela, tuntuxa, zarakarra, alderoka, korkox, tita, hotsitz, eskuar, saroi, ekortu, areka, miragune, sarramuska, lauskitu, argizagi, urkuldu, arol, kantal, potxua, txanbelin, tril egin, kurkuilu, tretxu, jabaldu, joranez, pipiatu, zirrimizkatu… Horreek bere edertzen dabe egilearen testua, sorginkeriaren berba magikoak dira danak be.

Neuk bere, irakurle danek legez, gogoeten kaxara jo dot, Xerezaderen Artxibategira. Virginia Wolfen arabera, emakume idazlea izateko bi honeek egin behar dira: batetik, etxeko aingerua hil; bestetik, emakumearen esperientzia fisikoen barri emon. Virginia Wolfek lehenengoa baino ez ei eban lortu. Baina Miren Agur Meabek biak lortu dituala esango neunke.

Neuk bere, egileak legez, begiko gatxa daukat, testuagazkoak daukadaz langai, neure gorputzari erreparau deutsat, familiaren ganeko gogoetak egin dodaz, ahuluneei aurre egitea lortu dot, atzera bere harri beragaz egin izan dot estropezu… Eta bai, une askotan identifikauta sentidu naz. Identifikauta sentidu naz ez bakarrik narratzaileagaz behar egin izan dodalako, ez bakarrik Landetako pasierak neuretzat be ezagun diralako… ezpada sentipen batzuk unibertsalak diralako. Eta zer eskatzen deutsagu literatureari? Bada, besteak beste, sentipen unibersal horreen jakitun egin gaizala, identifikazinoak lagundu egiten daualako bakardadean ez jausten.

Hitz magikoduna eta zintzoa da, Hasier Etxeberriak dinoan lez.

Maite-lagunagaz harremana eten osteko ahulunean eta ahuluneaz idazten dau Kristalezko begi bat laneko protagonistak. Baina, adi, liburua ez da emakume negartiaren autortza-liburu bat (bakarrik). Ahulune batetik urten artean egindako erreflexinoa da. Terapeutikoa da.

Terapeutikoa da, eta objektu artistikoa. Alkarrizketa batean esaten eban Miren Agur Meabek etekin literarrioa atara gura eutsala egileak biluzteari. Lortu dau, nire eretxiz, behintzat. Eta, idazleak berak emoten ditu gako batzuk liburuan bertan jasotako oharrakaz.

Hitz magikoduna, terapeutikoa, artistikoa… Hitz magikoduna, terapeutikoa, artistikoa… eta jolastia. Izan bere, emakume-idazleagaz, sufritzen dauan andreagaz, paraje daukazun emakumeagaz bat egin dozula uste dozun unean bertan autortzen deutsu sorginkeriaren azken osogaia: jolasa. Emakume-jokoa ete da? Irakurlea limurtu, jolas egin eta akabuan: “Aitorpen biografiko egiazkoa bezain iruzurtia eraiki dut, hain da meharra gertatuaren eta asmatuaren arteko bana-lerroa (…). Ez gaitezen engaina. Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia?”.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak