kritiken hemeroteka

8.737 kritika

« | »

Nire amaren autobiografia / Jamaica Kincaid (Alberto Martínez de la Cuadra) / Alberdania-Erein-Igela, 2012

Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak Ander Arana / eizie.org, 2012-12-28

Elaine Cyntyia Potter Richardson 1949an jaio zen Antigua uharteko St. John´s hiriburuan, eta hamazazpi urte besterik ez zituenean New Yorkera bidali zuten au pair, handik familiari laguntzeko dirua bidal zezan. Horixe bera egin zuen hasieran, baina urte gutxi batzuk baino ez ziren igaro familiarekiko kate hori hautsi eta, Jamaica Kincaid izena hartuta, bizitza berri bat abian jarri zuen arte. Iraganarekiko haustura eta galera hori gabe nekez uler liteke emakume karibe honen literatur lanetan guztietan entzun daitekeen ahotsa: iragan kolonialarekiko katea hautsi ezin duten herrien ahotsa, eta, zehazki, herri horietako emakumeena, zeinek zapalkuntza bikoitza jasan behar (izan) baitute; hain zuzen ere, herri gisa bizi behar izan dutena eta emakume diren aldetik egunero bizi dutena. Horregatik ez da harritzekoa Jamaica Kincaiden lan guztietan —baina bereziki, Nire amaren autobiografian— hain agerikoak izatea Frantz Fanon eta gisako pentsalariek postkolonialismoari buruz egindako azterlanetan jasotako ondorioekiko kointzidentziak. Izan ere, Jamaica Kincaiden lanen ezaugarri nabarmenetako bat da aldiro darabiltzala kontu biografikoak eta etengabea dela Karibeko herrien kolonizazioari eta deskolonizazioari buruzko hausnarketa kritikoa.

Nire amaren autobiografian, Xuelak bere bizitzaren kontakizuna egiten digu. Liburuan zehar, bat ere elkarrizketarik gabe eta kontakizunean beste inori esku hartzeko betarik eman gabe, Xuela zaharrak bere bizitza kontatzen digu. Jaio zenean hil zitzaion ama, eta harrezkero alferrik saiatu da amaren hutsunea betetzen eta haren irudia osatzen. Aita ez zitzaion hil, baina benetako aitarik gabe bizi behar izan du beti. Hortaz, bakarrik eta bakardadean hazi behar izan du, eta beharbada hori dela-eta jakin du aurkitzen babeslekua. Txiki-txikitandik, erreprimitu behar zuela irakatsitako guztiarekiko joera eta grina sentitzen du, eta bere gorputzean aurkitu du babeslekua, hainbesteraino non errepresioari eta zentsurari aurre egiteko modurik baliagarriena gorputza usaintzea eta ukitzea bilakatuko baitzaio, “inori entzuten utziko ez nion plazer hasperen ito bat nire ezpainetatik irteten zen arte”, eta, hein batean, bide hori bera baliagarria gertatuko zaio bere amaren hutsunea betetzeko ere, “nire bizitzaren kontakizun hau nire amaren bizitzaren kontakizuna izan baita, nirearen kontakizuna izan den neurrian”.

Nire amaren autobiografia ñabardurez beteriko kontakizuna da, lerro hauen bidez iradokitzen saiatu naizenetik askoz ere harago doana; garaile eta garaituei buruzko eleberri konplexua da, poesiaren musikaltasuna gertu-gertutik jarraitzen duen ahots landu eta iradokitzaile batez emana.

Aukera ederra, nire ustez, Literatura Unibertsala bildumaren hirugarren aroari hasiera emateko. Ez da horrenbeste denbora joan bilduma 90eko urteetan lehen fruituak ematen hasi zenez geroztik, baina lekutan gelditzen da, gaurko begiez ikusita, orduko hasiera malkartsu eta arantzatsu hura; besteak beste, Alberto Martínez de la Cuadra bezalako itzultzaile fin eta zorrotz askori esker, zeinak lehenago ere lan aparta egin baitzuen Chinua Acheberen Gainbehera dator dena —kolonialismoari buruzko eleberri bikaina hura ere, gaur hizpide dugunaren oso bestelakoa— itzuli zuenean.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak