kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Esku hori! / hainbat egile / Txalaparta, 2012

Fantasiaren ahalmenaz gozatzen Alex Gurrutxaga / Berria, 2012-12-09

Hamazazpi urte pasatu dira Basauriko Euskarabila Lehiaketa martxan jarri zutenetik, eta aurten argitaratu dute saritutako ipuinekin osatutako hirugarren bilduma. Bero hezeak (2001) izan zen lehen alea, Basa gurina (2006) bigarrena, eta Esku hori! hauxe dugu azkena (aurrekoak bezala, Txalapartaren Literotura sailean). Hamabost egileren hamasei ipuin biltzen ditu bildumak, esan gabe doa, guztiak ere erotikoak.

Ez dute guztiek maila berbera, ez dira guztiak orijinalak, topikoak ere badaude, batzuek ez diote tentsioari eusten, eta narrazio teknikak ez dira beti distiratsuak. Alabaina, oro har bilduma ederra eta gomendagarria da.

Erotismoak ez du mugarik, eta pertsonaien aniztasuna nabaria da bilduman: neska-mutil gazteak, apaiza, alarguna, itsua, emagaldua, eta katu bat ere bada Imanol Epelderen fikzio fantastikoan. Erotismoak, bestalde, kide hurbila du fantasia; hain zuzen, fantasiari eta haren indar berotzaileari gorazarre egiten dio Edorta Jimenezek hitzaurrean. Octavio Pazek saiakera ezagun batean idatzi zuenez, “irudimena da ekintza erotikora nahiz ekintza poetikora eramaten gaituena”. Horretan antzekoak dira, bada, literatura eta erotismoa: fantasiak gidatzen gaitu bietan.

Bildumaren beste ezaugarrietako bat da erotismoaren graduak agertzea. Erotismoa iradokizun soilik da batzuetan (Karmele Arrietaren ipuinean), beste batzuetan sexu esplizitu eta iradokizun nahasketa (Txema Perezenean), eta tarteka baita pornografia ere (alegia, irakurlea kitzikatzea helburu duen sexu irudikapena, Estitxu Arozenarenean).

Ezin uka nobelatan eszena erotikoak ohikoak —eta kasik beharrezkoak— direla, baina ipuinotan erotismoa ez da digresio bat edo eszena berezi bat, ipuinen mamiarekin erlazionatutako zerbait baizik. Horrek ez du esan nahi ipuinaren oinarri bakarra sexua denik beti; izan ere, ipuin gehienetan marko zabalago baten parte da sexua. Iratxe Esnaolak, esaterako, bira interesgarria ematen dio krema emateko eskaera tipikoari 65 urteko emakumea protagonista duen Egin mesedean; pasadizoak balio dio adinaz, emakumeaz eta sexuaz ironia puntu batez pentsarazteko. Josu Unzuetaren Absentzien kronika ipuinean ere sexua pertsonaiaren bizitzaren atal bat da soilik: pertsonaia dekadente baten gogoetei segituz, narrazio ona idatzi du Unzuetak. Itziar Abadek politika eta erotismoa uztartzen ditu bere ipuinean, eta Alvaro Rabellik, azken adibide bat jartzearren, alkohol eta sexuz betetako travelling azkarra eraiki du.

Alabaina, ipuin batzuetan erotismoa ez dago zerbait handiagoaren barnean, pornografia da nagusi, eta horregatik, oinarrizkoa da narrazioaren bidez irakurlearen fantasia martxan jartzea. Mota horretako narrazio lortuenetakoak esango nuke Aitor Mongeren Hogei urte eta Eneritz Duesoren Gurpila direla (ipuin honen ideia oso orijinala ez den arren).

Fantasia elikatzeari lotuta, erotismoak sentsazioak transmititu behar ditu. Horretarako zentzumenen bidezko deskribapenetara jotzen dute idazleek, pertsonaien ukimena, ikusmena edota usaimena adi jarririk. Gainera, sentsazio horien adierazpena irudi eta sinbolo iradokitzaileen bidez indartzeko ahalegina aipagarria da ipuin askotan. Esate baterako, Alvaro Iribarrenen ipuinean basoa eta ibaia ageri dira erotismoaren espazio idiliko gisa, Karmele Arrietaren ipuinean zigarroa elementu klabea da, itsasoa ere ez da ipuin gutxitan agertzen…

Azken batean, bilduma ederra da Esku hori!, eta oso egokia da literaturaz eta erotismoaz gozatzeko: liburu ona delako eta (hau ez esan inori) esku bakarrarekin idatziak esku bakarrarekin irakurri behar omen direlako.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak