« Twist | Lorategiko festa »
Twist / Harkaitz Cano / Susa, 2011
Baionan, Tonneliers karrikako aparkalekutik aski hurbil Eneko Zuloaga / Maiatz, 2012-04
Norbait dabil sute-eskaileran (2001) lanean argitaratu zuen Harkaitz Canok poema hau: “Poema liburu on batek izan behar luke / arrain kutxa bat bezalakoa. // Fosforo eta kaltzio iturri elikagarri freskoa. // Edo izu-laborriz harengandik ihesi / ateratzeko sentipena / sortzen duen deskarga // arrain usteldu, ikatzezko arrainburu, / hortz eta begi zorrotzena. // Bietarik bat. // Eta halakoa behar luke, / poema on liburu on bat bezalakoa / gure bizitzak”. Hitz soil eta laburrez esanda, onerako zein txarrerako, poema-liburu on batek zerbait eragin behar dio irakurleari, eta, poema-liburu onek bezala, zerbait eragiten dio Twist lanak ere berau eskuen artean hartzen duenari.
Gai ustel eta mingarria da eleberriko abiadura: Lasa eta Zabala izan zitezkeen Soto eta Zeberio etakide gazteen bahiketa, hilketa eta ehorzketa. Abiapuntuak abiapuntu, eleberrian gertakari politikoak eta politikariak agertu arren, Canoren azken lana ez da lan politikoa. 80ko hamarkadaz ezer ikasi nahi duenak ere egileak berreraikitako esparruak besterik ez ditu aurkituko, Twist ez baita erreportajea, ezta kronika-lana ere. Hilketak hilketa, halaber, zenbait pasartetan eleberri beltzaren antza hartzen badu ere, Twist ez da ez nobela beltza, ezta polizia-eleberria ere. Egileak berak azaldu duen bezala, ezer izatekotan, laguntasunari eta denboraren joan-etorriari buruzko lana da Twist.
Arestian esan den bezala, Soto eta Zeberio burkideen hilketarekin abiarazten da narrazioa; baina, hogei urte pasatxo besterik ez zituzten gazte haiekin hirugarren lagun bat ere bazen: Diego Lazkano, gerora idazle bihurtu dena, pertsona zalantzatia, iraganean gertatutakoaren baldintzapean bizi dena, atxilotu eta torturatu zutena, baina Sotorekin eta Zeberiorekin batera desagerrarazi ez zutena. Ez da erraza Twist obraren edukia laburtzea; izan ere, aipatutako desagerraraztearen eta Lazkano pertsonaiaren inguruko beste hainbat eta hainbat pertsonaia agertzen dira, eta ez dira, nolabait esatearren, pertsonaia lauak: egilea arduratu egin da, ondo arduratu ere, eleberriko pertsonaiak eta euren izaera anitzak testuan azalerazteaz, eta lortu ere egin duela uste dut. Politika tartean sartzen denean, pertsonaia artifizialak (ikuspegi, ideia eta jarduera multzo jakin eta itxi batean soilik mugitzen direnak) sortzeko arriskua dago literaturan, baina Canok arrisku hori ederki ekidin du, eta, neure ustez, gertakizunak baino, pertsonaiak eurak dira eleberri honetako egiazko oinarria eta zutabea. Bestalde, liburuko zenbait pertsonaiak eta gertakizunek egiazko pertsonekin eta gertakariekin duten antzekotasuna baliatu du lasartearrak, neurri egokian, lanari egia-antzekotasuna eta sinesgarritasuna emateko.
Etengabeko aldaketak eta bilakaera bizi dituzte pertsonaia horiek, eta aipagarria da behin eta berriro arlo batean zein bestean ageri den bikoiztasuna: iraganaren eta geroaren artekoa, gertatu zenaren eta gerta zitekeenaren artekoa, bizi denaren eta bizi nahi denaren artekoa, egiaren eta iruzurraren artekoa, isilekoaren eta agerikoaren artekoa, aitorpenaren eta erruaren artekoa, laguntasun zoriontsuaren eta (torturapeko) traizioaren artekoa, pentsatzen denaren eta esaten zein egiten denaren artekoa, etab. Eta horiek guztiak, edo horietako asko, pertsonaia bakarrarengan bildu ditu egileak: Diego Lazkanorengan. Lazkano idazlea, esan denari jarraiki, zalantza etengabeak bizi du: badaki, esaterako, sasoi batean gidabaimena eduki izan balu, beharbada (edo ziur asko) gaur egun ez litzatekeela bizirik egongo. Badaki, baina isildu egiten du, bere literatur ibilbidea ez dela izan ematen duena bezain originala. Badaki zenbait gertakizun latz eta larri bere hitzek eragin zituztela. Bikoiztasun horrekin lot daitezke obraren izenburua eta izenburu-ordea: Twist eta Gizaki intermitenteak.
Nabarmentzekoa da, beste alde batetik, giroak era sinesgarrian irudikatzeko Canok erakutsi duen abilezia: ondo hautatutako elementuen zerrenda nahikoa zaio, esate baterako, 80ko hamarkadako lehenengo urteen giroa berreraikitzeko (15-18. or.). Deskribapenei gagozkielarik, sexu harremanek ere leku garrantzitsua dute narrazioan; izan ere, maiz eta nahiko gordin ageri dira.
Funtsean, hari asko dituen mataza da Twist, ez da iraganeko gai jakin baten garapen (gutxi gorabehera) erregularra: esan dugu jada hainbat pertsonaia ikuspegi eta gertaera ageri direla liburuan, eta horiek guztiak egituratzeko bidea ere horrelakoa da: baso sarriaren itxura dauka, etengabe sortzen dira narrazio-hari berriak eta hari horien garapena ezberdina da atalez atal zein atal bakarraren baitan: batzuk erabat garatzen dira, beste batzuk erdibidean lausotzen eta gaitzen dira, badira behin besterik agertzen ez direnak, etab. Pertsonaia batzuk agertu eta desagertu egiten dira, eta gauza bera gertatzen da zenbait gertakizunen oroitzapenekin eta iraganeko mamuekin: badira usu itzultzen direnak, badira behin bakarrik agertzen direnak eta badira gutxien espero denean berragertzen direnak. Badira eleberri beltzen giroa ukitzen duten pasarteak, eta badira arteari buruzko gogoetak; badira 80ko hamarkadako gertakari latzak gogorarazten dituzten paragrafoak, eta bada Txekhovi egindako omenaldi txikia. Gaiaz hitz egitean aipatutako —twist— eta “intermitentzia” horiek egiturara ere eraman dira, eta narrazioa, egilea aurrera-atzera etengabe dabilen arren, ez da sekula itzultzen aurreko pasarteetan etendako uneetara.
Hainbeste pertsonaia, gertakari eta “twistmugimendu” dituen lanen arriskua begi-bistakoa da: ematen du erraza dela egilea bigarren eta hirugarren mailako bide amaiezinetan galtzea, ematen du erraza dela halako —twist— edo “intermitentzia” batean istorioak, pertsonaiek edo irakurleek behar baino gehiago ihes egitea edo narrazioaren tinkotasuna eta tentsioa amiltzea (are gehiago liburuak 400 orrialde baino gehiago dituela aintzat hartuta); baina, Canori ez zaio horrelakorik gertatu: tramari ondo eusten jakin du, asmatu du abiapuntutik eta trama eta pertsonaia nagusietatik aldentzeko bidea, narrazioa hondorarazi eta irakurleak aspertu gabe. Eleberriak zortzi atal nagusi ditu, eta zortzi horiek elkarren arteko autonomia handia dute: gehienetan ez dago baten eta hurrengoaren arteko koherentzia edo jarraipen logikorik (horra hor “intermitentzia”, berriz ere); alabaina, guztien artean batasuna gordetzea lortzen dute. Zalantzarik gabe, egituraketak laguntza handia ematen dio irakurketari, arindu egiten du eta irakurleari geldialditxoa egiteko aukera ematen dio; hots, gertaeren joan-etorri etengabean ez galtzeko aukera ematen dio.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria