kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Gaupasak / Juanjo Olasagarre / Susa, 1991

Desioaren bila Manu Lopez Gaseni / Egin, 1992-03-31

Juanjo Olasagarre poeta arbizuarraren lehenengo poemaliburua, Gaupasak izenburukoa, desioaren sinboloa den gau-bidaia bat da, goizerarte doana, argiarekin amaitzen dena. Gau bidaia honetako estazioak hauexek dira, hurrenez hurren: ispiluaren aurrean, jantziak eta hatuak desioaren bideak, desioak, larruak eta goizaldean.

Hizkera latza da, irudiak, ispilu apurtu batean bezala, asko eta desordenatuak, sintaxia azken punturaino bortxatua; bertsoen errima eta erritmoari dagokienez, enkabalgamendua da lerroen abiada luze edo laburra erabakitzen duen zaldi urduria. Elementu kontrajarriek indar handia dute. Esaldiek sarritan ez dute zer ikusirik hurrengo esaldiekin, batetik bestera amildegi bat bailegoan. Hemen gramatikak jai du. Hitzak bilustu egiten ditu, aintzin-gibelak agerian utziz. Hari ilogiko batetik dindilizka, mamuak, beldurrak eta lilurapenak dotozkigu itsu-itsuan, gau esnatu bateko biztanle direnak. Eta desioa eta ezinaren min gordina ia ia lerro guztietan. Bereizgarriak estilo surrealista baten zantzuak ditugu, surrealismo gazte eta ondo ureztatu baten zantzuak.

Estiloari buruzko gutxi gora beherako hurbiltze nahi honen jarraian, aitortu beharrean nago liburu honen irakurketa zailtxo egin zaidala, maldan gorakoa, eta nire arnasestuak hiztegiak ere ezin izan dituela zeharo jabaldu. Liburuaren amaieran hitz-zerrendaren bat ipini izan balu, mesede besterik ez ziokeen egingo irakurleari. Onar dezaket zailtasuna hau nahita lortuta egon daitekeela goiarekin —desioa helduz gero ez baita iadanik desio— eta surrealismoarekin —gatazka eta harriduraren muturren artean dabilen mugimendu literarioa— bat eginik, baina, den moduan dela, zailegia egin zait; eta poesia komunikatzeko dagoela uste dugunontzat, gaiztasun hauek oztopo dira.

Bestaldetik, aire etsitua hartu diet hainbat poemari; badirudi egileak bere barruko labean egositako kezka eta penak —besteenak barne— paperera bota beharrean aurkitzen dela, paperean husteko premia sentitzen duela. Jarrera ezkor honen ostean, zama honen ostean, intraszendentziaren arintasuna dator. Hegal eginaz bezala doa batzutan Juanjo Olasagarreren luma, txori baten antzera, abarretan pausatuz eta ezeri gehiegizko garrantzirik eman gabe, gero eta gehiago hedatzen ari den sakeleko filosofiaren alde apostu eginaz. Amaitzeko, azpimarratu nahi dut geografiak sortzailearengan zer ikusi haundirik duela, inkonszienteki bada ere. Izan ere, Nafarroa lur gogor eta samina da —bakoitza bizitzak egiten duen bezalakoa da—; euskaldun sentitzen den batentzat pairatu behar izaten diren zenbait egoera ezkorrak izateko dira, eta., askotan, umoreari tarte eginez, nahikoa surrealistak.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak