kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Nobelaren osagaiak (Abuztuaren 15eko bazkalondoa-ko osagaien azterketa) / Bittor Uraga / UEU, 1989

Ez ei dugun kritika horren bila Avendaño / Egin, 1989-03-21

“Apostu bat egin dut eta nobela bat idatzi nahi nuke, zorro bat bete. Hain zuzen ere, zorro bat da nobela, edozer gauza edozein eratara “hartzen duen zorroa”. Halaxe zehaztu zuen nobela zer den Mikel Zaratek, “Haurgintza minetan” eleberriko kontalariaren bidez; Iratxoren hitzez, alegia. Nobela zer bai eta zer ez, eztabaida zaharra eta luzea da. Bittor Uragak ere antzeko hitzak ekarri ditu bere “Nobelaren osagaiak” liburuaren sarreratako. “Nobela gure garaiko literatur mota dela esan ohi da —idazten du Uragak—. Eta hala ere ez dago inolako adostasunik nobela definitzerakoan; hobe esan; gaur ez dago adostasunik, baina historian zehar ere ez da inoiz egon”.

Nobela zer den zehatzegi jakin gabe ere, halako guztitsuetan beharrezkoak ei diren osagarriak zeintzu diren behintzat badaki Uragak bere liburuan. Egitura, espazioa, denbora, pertsonaiak eta kontalaria ei dira nobela aztertzerakoan berak kontutan hartzen dituen elementuak. Teoriak praktikan gauzatuz frogatzen direla eta, Abuztuaren 15 eko bazkalondoa Joxe Agustin Arrietarenean osagarriok aztertzeari ekin dio Deustuko Unibertsitatean euskal literaturaz irakasle dihar duen gizon gazte horrek. Liburua, bestalde, egilea bera ere partaide duen U.E.U.k argitaratu digu. Hitzaurrean dioskunez, “Euskal Filologiako lehen mailan euskal nobela modernoa azaltzen dudanean, behintzat, ezer gutxi aurkitzen dut euskaraz zer aipaturik, esandako arloetan, ikasleei bibliografi gisa emateko. Liburuska hau, hein txikian baina, hutsune hori betetzen hastera dator”.

Liburuaren eginbetea azaldutakoan, berak dituen gainerako ezaugarriak azpimarratu nahi ditut, gaingiroki baino ez bada ere, interesgarri eritzi bait diot Uragaren lanari. Irakurtzen erraza dela esan behar bada, lehenengo eta behin. Mintzaldia ematen du Uragaren testuak. Ez dakit nik baina, ikasleak aurrean izatean legez garatzen du gaia egileak, zuzen eta artez, bizkaieraren kutsua duen hizkera lauaz.

Hizkera lau horren barruan, berbatik berbara, literatur teoriako terminoak agertzen dira lantzean behin, aberasgarri suertatzen den halako hitz-multzoa osatuz horretara, horretan ere erren dabilkigun, gure literatur teoriari ekarpentxoa eginez. Liburua ez da “teknikoegia”, aitzitik, zentzu hertsian behintzat. Teknikoagoak ere etorriko ahal dira, behin behineko urrats honen ostean.

Behin behineko urratsa dela diot; eta egileak berak ere gogoan izan bide du balizko irakurleak euskal nobelaz dituzkeen ezagupenak. Hala bada, hamar bat euskal nobela dira testuan barrena adibidetzat erabiltzen dituenak. Txomin Agirre, Txillardegi, Saizarbitoria, Urkizu, Lertxundi eta Arrieta dira sarrien aipatzen direnak. Beraz, alde horretatik behintzat, ez du ozka berezirik aurkituko irakurleak, liburuaren hariari oztoparririk gabe jarrai diezaion. Mundu zabaleko literaturatiko adibideak ere eskuragarritasunaren erizpide horrexekin bat hautatu dituela ematen du, Marquez, Boll, Eco, eta antzeko besterik bait dira sarrien aipatzen direnak. Esan daitekeena da, nik uste, Bittor Uragak hautatu dituen nobelak euskal klasikotzat jo daitezkeela, ondorio guztiekin jo ere. Ondorioon artean, besteak beste, dugun tradizio urria da aipatzekoa. Horrek, alabaina, ez du konponbiderik. Bigarren ondorioa, larria nik uste, egile klasikoak bizirik ditugula berrestea da. Eta hau badiot, esan ere, zeragatik da, zama astunegia gerta dakiekelako egileoi hartu duten izenari justizia egitea. Zama hori kendu beharra dugu, bada, paralizatzaile gerta ez dakien. Egia da, oraindik ere, kritikaren lekua bilatzen dihardu euskal literaturak, esanbeharrekoak esatea izan dezagun, nahiz eta gordinenak eta latzenak izan, lanen gainean esan ere,

inori minik emateko asmorik gabe, eta inork kritika dela-eta minik hartu barik. Ez dakit horrexegatik ote den egileak ezer gutxi arriskatzea euskal nobela berriagorik ekartzen liburuko orrialdeetara. Azken batailen osteko paisaiak ez du holako turismo-txangoetarantz jotzera zirikatzen.

Amaitzeko, Bittor Uragak burutu duen lana, eskuartean erabiltzekoa den liburu hau moldatzean, eskergarria dela esan. Egileak berak azaltzen digun iguripena —“bestelako hurbilketak, bestek egingo dituela, hain kritika behar handia duen euskal literatura osoan”— neuk ere neure eginez, ongi etorria “Nobelaren osagaiak” honi.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak