kritiken hemeroteka

8.429 kritika

« | »

Urtero da aurten / Anjel Lertxundi / Erein, 1984

“Urtero da aurten” Anjel Lertxundiren urteroko liburuaz Silvia L. / Egin, 1985-01-22

Joan den hilabetean suertatu zen liburu zurrunbiloaren barruan, eta Erein argitaletxearen eskutik, Anjel Lertxundi idazle ezagunaren bi liburuk ikusi zuten argia. Batak, Goiko kale, bigarren aldiz ikusi badu ere, komenigarria izango da burua freskatzeko aipamen batzu egitea. Bestea, Urtero da aurten izeneko liburua komentagarria da oso, geroago ikusiko ditugun zenbait arrazoirengatik. Nola edo hala, Anjel Lertxundi arrakasta handiko idazlea dugula onartu beharrean gaude (hain zuzen ere, aipaturiko liburuen kanpoko azken nobela “Hamaseigarrenean, aidanez” izenekoa, pasa den urtean gehien saldu zenetarikoa da).

Liburuen komentariora pasatuz, beraz, Goiko kale nobela argitaratu zen lehenengo aldiz 1973an eta, esan dugunez, Durangoko azokan birrargitaratu. Astarrain izeneko herrian kokatuta, idazlearen haurtzaroko gertakizunak isuritzen dira, sei eta hamabi urte bitarteko garaian gutxi gora behera. Gertakizun hauek, kontrazalan adierazten den bezala, itxuraldaturik daude, irudimenarekin nahasi orekatu batean, alegia. Kontakizuna, hemeretzi kapitulutan garaturik, lehen pertsonaz egina dago eta anaia Migelekiko harremanetan oinarriturik eskolako gertaerak kontatzen dira, handinahiaren ilusioa, gutxiago tasunezko konplexua… baina baita ere bere kasa eriden zituenak: heriotza zer den, Edurne neskamea muxuka harrapatu zuenekoa, apaiza izateko grina, maitasunaren zirrara… Azkenik, adinekotasunaren ateetan dagoelarik ume bati ez dagozkion galderak egiten hasi denean, apaizak “Gizon egiten ari zara. Ego te absolvo” hitzekin amaitutzat jotzen du nobela.

Interesgarria iruditu zaigu Anjel Lertxundiren etapa igarotako baten nobela gogoratzea; erraz irakurtzen da nahiz eta hamasei kapitulutik aurrera interesa nolabait galdu. Hala ere, “Nobelagile, poeta baten eginkizunik garrantzitsuenetakoa, “gauza oroitzapena denboran zehar” gordetzen datza” kontrazaleko hitzak erabat zuzenak iruditzen zaizkigu;

Urtero da aurten liburu berriak, ordea, baditu arauetik aldentzen dela esateko adina elementu. Liburu bitxi honek idazlearen apunte laburrak denboraldi luze batean bildurikoak kaleratzen dituela dirudi. Horixe da gugan sortu zuen inpresioa, behintzat. Jakina, ezaugarri hauekin erraz ulertuko da Urtero da aurten bezalako liburua oso idazle pribilejiatu gutxik atera dezakeela. Urtetan zehar bururaturiko bitxikeriak, laburrak, aterabiderik ez dutenak nonbait, liburu batean kaleratzea: horra edozein idazleten ilusioa.

Liburuak lau kapitulu ditu eta geroago komentatuko dugun boskarren bitxi bat: Lehenengo kapituluan, “Heriotzarik ederrena ustekabean gertatzen dena” izenburu edo zita daramana, heriotzari buruzko narrazio laburrak biltzen ditu, bi lerrotatik pare bat orrialdetara (hauxe izango da normalena liburuan zehar). Azkena luzeagoa da, zazpi orrialdetakoa gutxi gora behera. Ongi borobilduak dira eta idazlearen zorroztasuna ikus daiteke hauetan. Adibide bat jar dezagun: “Negar jarioa ari zitzaion bi urteko mutilak telebista ikustea galerazten zionez, ama errukariak eztarria estutu zion bi esku urdurien artean semeari arnasaren pasadizoa, itxi zion arte. Ondoren “Más vale prevenir ikusten jarraitu zen”. (22. or.).

Bigarren kapituluaren zita “Pitzadurak eta beste/aski diagu Etxebeste!” da. Gai biltzaile zehatzik ez du bigarren parte honek. Hala ere, badirudi munduak erakusten digun mozorroaren azpiko errealitate benetazkoa eta batzutan mingotsa agertarazi nahi digula: “Norbaitek sorbaldak jaso eta hireak ez dik erremeriorik esaten dizunean, zaude lasai: berea da inolako erremeriorik gabea”.

Baina zu horretaz jabetzen hasten zaren unean hor nonbait zeureak ere ez ote duen erremeriorik. (69. or.)

Luzerari dagokionean, bestalde, bigarren parte hontako aurreazken kontakizuna besteak baino luzeagoa da, ipuinareñ itxura hartzen duelarik.

Hirugarren kapituluak “Ardoa nahi baina iturrira joan / ez zaizu hitza askatuko dohan” zita daramana da. Hemen, ildo orokorra literatura da ikuspegi askotan, baina batez ere euskal literaturazko zipriztinak nagusitzen dira. Tertuliak, liburudendak etabar ere agertzen dira ere. Irakur ditzagun aipaturiko zipriztinen arteko bi: Lauaxetari buruzkoa lehenbizikoa eta Arestiri buruzkoa bigarrena:

“Paretaren kontra afusilatu zintuzten..

Paretaren kontra eta arrats beherarik gabe”: (42. or.)

“Aitaren etxea defenditzeko koraia behar da. Eta heredentziaren itxaropena” (145. or.) Laugarren kapitulua, “Egunak egunekoa, / ogi gozoena labekoa” zitaduna harreman sexual-pertsonal eta beren ingurukoez aritzen da, orohar ikusita. Baita azken orduko genetikak egin ditzakeenez ere. Laugarren parte hontako lehenengo apuntea gusto txarrekoa da, gure uste apalez, eta ez da parte honetan bakarra. Jakina, gaia gizonaren ikuspuntutik ikututa dago eta horrela senarra da gehienetan kopetaraino dagoena, “emaztearengandik iheska”…Baina neutroak ere badira:

“Aldizkari erotikoetan gauza asko ikasia zutela erabaki zutenean, han aritu ziren gau osoz nor 6 eta 9 izango, goizalba iritsi eta loak artu zituen arte”(167.or.)

Zaila izan zaigu kapitulu bakoitzean aglutinagarri den gaia bilatzea; izan ere, ezberdintasun handiak topatu ditugun arren, gehienak gai batzuren inguruan zeudela iruditu zaigu.

Liburuaren amaieran eta 5 zenbakia duela “Zuringoarena” izeneko orrialde beteko azalpen bat daukagu. Bertan, idazleak bere burua zuritu nahi du liburuan agertzen diren hutsune handiak bere erruak ez direla esanez. Hutsuneak, egia esan asko eta handiak iruditu zaizkigu

(ze, zenbait apuntek bi lerro besterik ez baitu) ez dakizu gauza handirik estetika bontuetaz, baina gehiegizkoa iruditu zaigu bertan Olariagari egiten zaion erreferentzia (noski, etxekoa denez gero ederki dagoela esango du eta).

Amaitzeko, beraz polita iruditu zaigu liburua, kontakizuna gehienei ironia atsegina dariela. Bizitzaz zeresan asko eta ikasgai gutxi duen batek kontaturik dagoelako inpresioa eman nahi dutelarik.

Azken kritikak

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Jon Jimenez

Lurpeko ezkutuan idatziak
Fiodor Dostoievski

Asier Urkiza

Gailur ekaiztsuak
Emily Brontë

Aritz Galarraga

Pleibak
Miren Amuriza

Joxe Aldasoro

Zoo
Goiatz Labandibar

Mikel Asurmendi

Pleibak
Miren Amuriza

Aiora Sampedro

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Mikel Asurmendi

Lurrez estali
Ximun Fuchs / Axut! kolektiboa

Irati Majuelo

Pleibak
Miren Amuriza

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Hetero
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Nagore Fernandez

Artxiboa

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

Hedabideak