kritiken hemeroteka

8.705 kritika

« | »

Saguak eta gizonak / John Steinbeck (Iñigo Errasti) / Alberdania, 2012

Ukabilean eramateko Iratxe Esnaola / Berria, 2012-07-15

John Steinbeckek (Salinas, Kalifornia, 1902 -New York, 1968) 1939an argitaratu zuen Suminaren mahatsak (The Grapes of Wrath) bere lan ezagunena. Estatu Batuetako Depresio Handiaren garaian Kalifornia estatura lan bila doan familiaren odisea kontatzen du, eta John Fordek 1940an liburuan oinarritu zuen izen bereko filmak ezagun egin zuen mundu osoan obra. Hiru urte lehenago idatzi zuen eleberri labur hau ere Depresioaren urteetan kokatua dago. Kalifornian, Salinas ibaiaren eta Gabilan mendiaren inguruko lurretan aurkitzen ditugu George Milton eta Lennie Small protagonistak, rantxo batera lan eske abiatu aurreko ilunabarrean. Etxaldez etxalde lan eske, batetik bestera dabiltzan milaka gizonen bizimoduaren erakusgarri. Pobrezia, miseria, gosea, injustiziak nabarmentzeko garaia da krisialdiarena. Eleberri labur bezain trinkoak berehala murgiltzen gaitu hogeita hamarreko hamarkadan. Etorkizuna ezin pentsatuzko aukera da, eta bizimodua gaur-gaurkoa. Soldata putetxean, edaritan, jokoan gastatzeko adinakoa, apenas. Belaunaldiaren ametsa, aldiz, eta aberastasunaren ideia, etxe bat bere soro eta animaliekin. Horixe irudikatzen ematen dituzte orduak, ametsaren eldarnioak dakartzan ondorio garratzak pairatzen amaitzeko.

Familia gabeko gizon bakartien mundua da Steinbeckek marrazten diguna. Rantxoko bizimodua, garagar alea batzeak iraun bitartean, gogorra da. Beltzekiko diskriminazio eta zapalkuntza hor daude, bai eta euren etsipena ere. Iparra galdutako gizonak, gogortuak, liskar bila dabiltzan borrokazaleak. Hierarkiak oso markatuak daude, bai, baina idatzi gabeko jokabide bat irristatzen da narratzailearen lumatik, gizon arteko ondradutasuna dei nezakeena, nagusi eta peoi artean ere lekua baduena, ohore kode ez-idatzi bat bezalakoa. Beti ere, samurtasunik agertu barik eta inoren bizian gehiegi sakontzeke. Gizonok pairatzen duten bakardadearen erdian bi protagonistek paktu bat dute elkar laguntzeko, eta horrek ezberdintzen ditu. George Milton bizkorra eta abila da. Lennie Small geldoa, gorputzez erraldoia eta lagunaren mendekoa. Batek agindu eta besteak konplitu egiten du. Liburuko gauzarik landuenetakoa da harreman hori. Elkarrizketa askorekin, eta pertsonaien kontrakotasunean oinarrituz, karakterizazio ona lortzen da. Georgek aurpegiratzen dio bakarrik hobe legokeela, Lennieren hanka sartzeengatik lana galtzeko beldurrean baitabil beti. Baina lagundu nahi dio, eta hala egiten du, nahiz gogo txarrez bezala egin, geldoa laguntzeaz lotsaturik. Iruditzen zait mundu gogor horretan Lennieren gaiztakeria falta eta apaltasunak (baina baita erailtzeko gai den indar galant kontrolaezin kontrajarriak ere) beste gizonen soslai maltzurra azpimarratzen duela. Eleberriko emakume bakarrak, aldiz, maite ez zuen rantxoko nagusiaren semearekin elkartzea beste aukerarik ez zuen izan. Gaitzespen tratua jasotzen du gizonengandik. Haien iritzien bitartez ezagutzen dugu, soilik. Arriskutsua da, gizon bila dabil, puta da. Gaitz guztien sorburua. Trataera horrek emakume on eta txarraren bereizketa oroitarazten du, eta, gizonen konpainia bilatzen duenean, epaitua, deitoratua, bazterreratua da. Arrakasta izan zuen eleberriak, eta film bat ere egin zuten 1992an, Gary Sinise zuzendari zuela. Baina eleberri honek zerbait iradokitzen badu, hori antzerki obra bat da. Steinbeck-ek berak antzerki pieza bihurtu zuen, eta, gaur egun, taularatzen jarraitzen da. Trinkoa da istorioa, ukabil batean bildu eta haren gogortasuna sentitzeko modukoa. 1962an Literaturako Nobel saria jaso zuenaren beste obra batzuk euskaraz irakurri nahi izatera: Perla, Tortilla Flat, Zeruko Belardiak, Arthur erregearen egintzak.

Azken kritikak

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak